Maite Imaz Leunda
Gaur egun, batik bat ekonomiaren gaiari lotuta erabiltzen da ekintzaile hitza. Ekonomia batean ondasun eta zerbitzu berriak sortu, horiek modu berritzaile batez merkaturatu edota ekoizpen edo kudeaketa-metodo berriak asmatu eta aplikatzeari ekiten dion pertsona da ekintzailea, wikipediaren arabera. Emprendedor/a eta emprendimiento barra-barra erabiltzen hasi zirenean zabaldu zen ekintzaile, eta ekintzailetza ere asmatu genuen. Dirudienez, jatorria frantseseko entrepreneur hitzean dago eta XVII. mende amaieran, Irlandan jaiotako Richard Cantillon izeneko ekonomialariak definitu zuen:”entrepreneur achète des produits et services à un prix certain pour le revendre à un prix incertain sur le marché, après défraiement des frais de transport”.
Geroago, entrepreneur formak arrisku ekonomikoak hartzen zituzten pertsonak (garai hartan seguruena gizonak bakarrik) adierazteko esanahia hartu zuen. Eta gaur egun ekintzailea arrisku ekonomikoak hartzen dituena izatetik berritzaile izatera igaro da. Krisia hasi zenetik nonahi ikusten dira ekintzaile eta ekintzailetza. Google-en begiratuz gero, aurki daitezke Gazteentzako Enplegu eta Ekintzailetza estrategiak, ekintzaileei laguntzeko programak eta abar.
Orain dela gutxi jakin nuen beste hitz bat ere badabilela horri lotuta, itzultzaile batek intraemprender euskaraz nola eman zitekeen galdetu zigunean; barrutik ekitea da intraemprender: enpresa baten barruan egiten den ekintzailetza. Beren enpresa propioa eratzen duten pertsonentzat erabili izan da ekintzaile hitza. Kontzeptu berri honek, ordea, lan egiten duten enpresan bertan ekintzaile izatea, lan egiten duten erakundean ideia berriak garatzeko denbora hartzea eta praktikan jartzea da jasotzen duen ideia.
Definizioa ikusita, barne-ekintzailetza proposatu genuen.
Norman Macrae kazetari britainiarra izan omen zen kontzeptua lehenengo aldiz erabili zuena, ingelesez, 1976an, The Economist aldizkarian argitaratu zuen artikulu batean: “The Coming Entreprenurial Revolution: a Survey”. Artikuluan intrapreneurship erabili zuen.
Nik kontzeptuaren berri izan eta biharamunean Euskadi Irratian intra-ekintzailetza entzun nuen. Geroztik Google-en begira ibili naiz eta ikusi dut sarrien agertzen den forma barne-ekintzailetza izan arren, intra-ekintzailetza ere maiz agertzen dela, baita intraekintzailetza ere. Geroak esango digu zein den nagusitzen den forma.
Aste honetan, ekintzaile eta ekintzailetza hitzak ere badituen dokumentu batean, arlo horretako beste hau agertu zait:
“Tema 5.–El modelo de negocio, definición, lienzo y módulos”.
Zehazki, “lienzo” hitza nola itzuli ibili naiz. Interneten ikusi dudanez, ingelesez “business model canvas” omen da. Oraingoz ingelesez utzi dut, ez baitut mihise, oihal edo antzekoren bat ikusi hiztegietan. Nonbait jasota al dago?.
Google-en ikusi ahal izan dudanez, kontzeptua nahiko berria izaki, ingelesez uztea nahiko ohikoa da.
“Canvas eredua” ere ikusten da. Gaztelaniaz ere “lienzo” baino arrutagoa dela “módelo canvas” esango nuke.
Eskerrik asko erantzunagatik; bide horretatik joko dut ba.
Barkatu didazue hemen firin-faran jardutea, artikulua hain egoki oinarriturik egonik. Terminologiako katramiletan ez naiz sartu zale, gainera. Hala ere, erantzun beharra eduki dut; ez purrutada bat botatzeko, plaza honetako zenbaitek ohi duten bezala (bide batez esanda).
Gogoan dut duela hamabost bat urte sortu zela zorioneko EMPRENDEDOR hori, eta ondo gogoan dut, hain zuzen, itzulgai batean lehenbizi ikusi nuenean argibide bila hasi behar izan nuelako.
Garai hartan, guk SUSTATZAILE erabiltzen genuen. Gaur egungo ikuspegitik, ordain kamutsa da inondik ere, baina guk halaxe egiten genuen. Zergatik? Bada, hain zuzen, EKINTZAILE ordura arte beste zerbait zelako euskaraz: ACTIVIST esateko euskal moldea.
Ordutik hona, jakina denez, erabat zabaldu da EKINTZAILE dontsua, beharbada lehenagoko EKINTZAILETZAk gain-behera eginaz batera. Orain, ziklo ekonomikoa aldatu da, baina tradizioko EKINTZAILEak zokoraturik segitzen du. Gaitz-ulertuen adibideak zenbatgura izan litezke. Har ditzagun KURDISTANGO EKINTZAILEAK, kasurako. Zer dira? Pexmergak ala negozio-jendea?
Nioen gure SUSTATZAILE hura herren samarra dela, eta hala da, ezbairik gabe. Ingelesek ENTREPRENEUR darabilte. Guk ere, haien ildotik, ENPRESABURU BERRIAK edo ENPRESA-SUSTATZAILEAK edo ENPRESA-SORTZAILEAK edo halako zerbait geneukake eskura, baina ez: EKINTZAILErekin tematzen gara.
Gaur lantokian “EKINDUZ” goiburuko afixa batekin egin dut topo. Guztiz eragabea, jakina, baina irribarre murritz bat ernatu zait ahoan, munstro horri itsu(s)keria honen froga bizia iritzirik.
Barkatuko didazue hemen firin-faran jardutea, artikulua hain egoki oinarriturik egonik. Terminologiako katramiletan ez naiz sartu zale, gainera. Hala ere, erantzun beharra eduki dut; ez purrutada bat botatzeko, plaza honetako zenbaitek ohi duten bezala (bide batez esanda).
Gogoan dut duela hamabost bat urte sortu zela zorioneko EMPRENDEDOR hori, eta ondo gogoan dut, hain zuzen, itzulgai batean lehenbizi ikusi nuenean argibide bila hasi behar izan nuelako.
Garai hartan, guk SUSTATZAILE erabiltzen genuen. Gaur egungo ikuspegitik, ordain kamutsa da inondik ere, baina guk halaxe egiten genuen. Zergatik? Bada, hain zuzen, EKINTZAILE ordura arte beste zerbait zelako euskaraz: ACTIVIST esateko euskal moldea.
Ordutik hona, jakina denez, erabat zabaldu da EKINTZAILE dontsua, beharbada lehenagoko EKINTZAILETZAk gain-behera eginaz batera. Orain, ziklo ekonomikoa aldatu da, baina tradizioko EKINTZAILEak zokoraturik segitzen du. Gaitz-ulertuen adibideak zenbatgura izan litezke. Har ditzagun KURDISTANGO EKINTZAILEAK, kasurako. Zer dira? Pexmergak ala negozio-jendea?
Nioen gure SUSTATZAILE hura herren samarra dela, eta hala da, ezbairik gabe. Ingelesek ENTREPRENEUR darabilte. Guk ere, haien ildotik, ENPRESABURU BERRIAK edo ENPRESA-SUSTATZAILEAK edo ENPRESA-SORTZAILEAK edo halako zerbait geneukake eskura, baina ez: EKINTZAILErekin tematzen gara.
Gaur lantokian “EKINDUZ” goiburuko afixa batekin egin dut topo. Guztiz eragabea, jakina, baina irribarre murritz bat ernatu zait ahoan, munstro horri itsu(s)keria honen froga bizia iritzirik.
Ingelesek darabilten “entrepreneur”en ildokoa izango zena zen euskaraz ere “entrepreneur”, edo “enprendedore”, erabiltzea. Zuk adibide gisa ematen dituzun “enpresaburu berriak/enpresa-sustatzaileak/enpresa-sortzaileak” horrek ez dakit zer duen “entrepreneur”en jokabidearen ildokorik.
“Entrepreneur”en ildokoagoa bai izango zena zen “activist”erako “aktibista” erabiltzea. Baina, ai, mailegua genuen.
Ingelesak frantsesetik hartua du hitz hori maileguan (dakizunez, hitz-iturburu emankorra da haientzat), eta, frantsesez bezala, ENPRESABURU esan nahi du, hitz formal samarra izan arren, nahiz bigarren adiera gure ENPRESA-SORTZAILE (EKINTZAILE) hori duen. Horregatik nioen nik ENPRESA ardatz hartuta era zitekeela euskarazko ordaina.
Nik maileguen aurka ez daukat ezer, ezta hurrik eman ere, baina hizkuntzaren corpusari men egin behar zaiola iruditzen zait, horietara itsu-itsuan jo aurretik, eta ACTIVIST EKINTZAILE izan da ia beti euskaraz, azken hamabost urteotara arte behintzat. Zerbaiten aurka egotekotan, hizkuntza asmatzearen aurka nengoke, horretarako premiarik ez dagoenean. Eta, behin asmatzen hasita, testuetan probatu behar genituzke asmakari berriak, esanahien sarean interferentziarik ba ote den ikusteko.
Ingelesezko “entrepreneur”en esanahiari buruz, ez dakit zer hiztegi begiratu duzun “bigarren” adiera zein duen aipatzeko. Nik “Oxford English Dictionary” eta “Longman Dictionary of Contemporary English” kontsultatu ditut, eta “entrepreneur” bat guk “enpresa” deritzogun antolamendu zehatza baino gehiagoren sortzaile/abiarazle ere badela azaltzen dute.
Bestetik, baldin eta esaten duzunean “ACTIVIST EKINTZAILE izan da ia beti euskaraz, azken hamabost urteotara arte behintzat” esan nahi baduzu “ekintzaile”k “activista” esan nahi duela, eta ez “emprendedor”, orduan, Orotariko Euskal Hiztegian hitzaren esanahia bila zenezan gomendatuko nizuke.
Eskerrik asko erantzunaren goxotasunagatik, Xabier:
Ea, bada. Oxford-ek zer dioen:
1. A person who sets up a business or businesses, taking on financial risks in the hope of profit.
Synonyms: businessman, businesswoman, business person, business executive, enterpriser…
Eta Larousse-k frantsesez:
1. Chef d’entreprise.
2. Chef d’entreprise spécialisé dans la construction, les travaux publics, les travaux d’habitation.
Droit
Personne qui, dans le cadre d’un contrat d’entreprise, s’engage à effectuer un travail pour le maître de l’ouvrage.
Eta orain errepara diezaiogun Orotarikoari :
Activo, emprendedor. “Oficioso, ekintaria, ekintzale” Lar. Zenbait ekintzaile eta lanerako gogatsu den arren, […] lantu jotzaileak nagusitzen dira euskaltzaleen artean. In MEIG VI 37.
Mitxelenarenean, izenondo petoa da EKINTZAILE, eta Larramendiren sarrera… Tira, badakizue zenbateraino den fidatzekoa Larramendi. Nolanahi ere, ez da sarrera batere adierazgarria, adibideak oso urriak dira eta.
Gomendatuko nizuke Ereduzko Prosa Gaur-en bilatzeko: http://www.ehu.es/cgi-bin/ereduzkoa/bilatu09.pl?o=1&h=1&n=bietan&k1=1&m1=hitza&h1=ekintzaile
Oxford hiztegiaren beraren arabera, “entrepreneur”ek hori baino esanahi zabalagoa du. Dena den, eta zuk jaso duzun adierara mugaturik, gogoan izan oso posible dela norbait enpresa baten buru izatea enpresa hori berak sortua eta une jakin bateraino aurrera aterea izan gabe. Hots, enpresaburu guztiak ez direla “entrepreneur”, zentzu horretan. Ezta, esango nuke, alderantziz ere.
Aurreko nire erantzuna ez da ez goxoa ez zakarra izan, eta asmoa ere ez zuen ez baterakoa ez besterakoa. Argudio soilak ematen saiatu naiz. Sentitzen dut zuk hórrela hartu izana.
Gauza bera pentsatu dudanez, ez dut lanik hartuko Iñigorenak berriro esateko. Ez da, izan ere, lehen aldia aurretik “okupatua” zegoen hitz bat baliatu nahi izan dena neologismo (eufemismozko) bat ordaintzeko. Ai Mitxelena, guztiz bihurtzen ari gara, beldur zinen bezala, exonormatibo.