Jesus Mari Makazaga Eizagirre
Bihar bertako lana, biharko bertako lana egiturak zuzenak dira?
Bilboko autobusa ala Bilborako autobusa?
Etxeko lanak ala etxerako lanak?
Latineko hitzak ala latinetikako/latinetiko hitzak?
Era horretako hainbat galdera jaso izan ditugu Euskaltzaindiaren Jagonet aholku-zerbitzuan hura sortu zenez geroztik.
Bai eta, postposizioetara etorririk, honako egitura hauen eta tankerakoen ingurukoak ere:
Aurrera begirako proposamenak
Munduan zeharreko bidaiak
Hortik gorako prezioak
Literaturaren gaineko jardunaldiak
Birusarengatiko infekzioa
Ez dirudite bolaluma gorria atera, eta di-da ezabatzekoak edo kondenatzekoak direnik: egitura horien gramatikaltasuna ez dirudi zalantzan dagoenik. Hala ere, ez dira gutxi halakoen inguruan iristen diren galderak. Zer dela eta, ordea, agramatikalak ez badira?
Bada hor gramatikaltasunetik harantzago den zerbait, hiztun batzuen hizkuntza-konpetentzian argi gorria (edo laranja behintzat bai) piztuarazten (pitzarazten esaten ez dit, ba, Hiztegi Batuak!?) duen zerbait. Askotan ez da izaten ea zuzenak diren, baizik ea erabili izan diren, ea tradiziorik baduten euskaraz.
Goian eman ditugun egitura guztiak ez dira beharbada konparagarriak onargarritasunaren aldetik, baina oro har esan genezake ez dirudiela euskal hiztunak behar handirik ikusi duenik halakoak erabiltzeko; alegia, horien oinarrian dagoen egitura sinpletuz perpaus erlatibo bidez ([[perpausa]-en + izena]) eman ohi den egitura [izenlagun + izen] egituraren bidez emateko:
Bihar bertan egiteko lana → bihar bertako lana / biharko bertako lana?
Bilbora doan autobusa → Bilborako autobusa?
Etxera eramateko lanak → etxerako lanak?
Latinetik datozen hitzak → latinetiko hitzak?
Aurrera begira egindako proposamenak → aurrera begirako proposamenak?
Munduan zehar egindako bidaiak → munduan zeharreko bidaiak?
Hortik gora doazen/dabiltzan prezioak → hortik gorako prezioak?
Literaturaren gainean egindako jardunaldiak → literaturaren gaineko jardunaldiak?
Birusarengatik sortutako infekzioa → birusarengatiko infekzioa?
Berriz ere badiot ez direla guztiak beharbada maila berean ematekoak, batzuek bai baitute tradiziotxo bat euskaldunen erabileran; beste batzuk, berriz, izartxoa ere beharko lukete seguru asko (biharko bertako lana horrek, adibidez).
Halako kontsultak etortzen zaizkigunean, “konstrukto“ horien tradizio urriko datuak erakustearekin batera, ahalegintzen gara (plurala erabiltzen dudanean gramatikako galderei erantzuten dihardugun lankideez ari naiz, edo Gramatika Batzorde osoaz) gogorarazten, erakusten euskarak, euskaldunak ez duela beharrik izan halako ingeniaritza-egiturak osatzeko.
Horien artean mailak zehaztu beharra dago, esan bezala: adibidez, latinetiko hitzak (eta latinetikako ere bai) Mitxelenak (ikus OEH XI, 352. or.) darabil nahiko sarri bere lanetan (eta ulertzekoa da bereizketa egin nahi izatea (latineko hitzak ≠ latinetik datozen hitzak, latinetiko hitzak), eta hortik gorako prezioak egiturari ere erreparo handirik ezin jarri.
Geroak esango du bestelakoek zer bide egiten duten halakoek.
Hizkuntzaren erabilera espezializatuetan aspalditxotik dabiltza –gatiko erako egiturak ate-joka, eta sartu(ko) dira hizkuntzaren erabilera berezitu horietan; gain postposizioaren erabilera hori zabalduz/ezagutuz doan neurrian badirudi denbora kontua dela –ri buruzko bezala –ren gaineko ere hedatuz joatea. Eta abar.
Era honetako kontsultak ditugunean, gure eginkizuna izaten da, egindako galdera hain zuzen hori izan ez bada ere, tradizioko datuek zer dioten gogoraraztea,
bihar bertan egiteko/egin beharreko lana
Bilboko autobusa
etxeko lanak
aurrera begira egindako proposamenak
munduan zehar egindako bidaiak,
betiere horren gainean eraiki behar baitugu egungo eta etorkizuneko euskara, erabilera arruntekoa nahiz espezializatukoa: jakinik zer erabili den, ikusiko dugu egungo beharretarako balio digun ala ez, eta ezezkoa baldin bada, zer egin dezakegun tradizio hori (behin ezagututa) urratu eta bide berriak egiteko.