Gorpu batzuk agertu dira

Mikel Taberna Irazoki

Lasa eta Zabala ikustera joan ginen gaur zortzi semea eta biok. Kezka zerbait gure baitan ─nola ez?─, bagenekielakoz zer-nolatsuko istorio izugarria kontatu behar ziguten. Iruñeko Baiona etorbideko Golem zinema-aretoetako batean ematen zuten, eta haraxe abiatu ginen ilundu berritan.

Filma, egia erran, berriz ere ikusi beharko nuke artelan modura baloratzeko; informazio-karga sobera eramaki nuen bizkar-zakuan erakutsi behar zigutena aurreiritzirik gabe juzgatzeko. Ordea, erraten ahal dut harritu nintzela pelikularen hain parte handia euskaraz ematen delakoz (gaztelaniazko azpitituluak), hala mintzatzen baitira euskal herritarren paperak jokatzen dituzten guziak, Gipuzkoako gobernadore zibilarena eta guardia zibilekin tratu ilunetan aritzen zen kontrabandistarena egiten dutenak izan ezik; bi horiek eta Espainiako Gobernuaren mendeko guardia zibil nahiz poliziek gaztelaniaz hitz egiten dute, eta hizkuntza horretan aditzen dira epailearen aitzineko aitorpenak eta epaiketa bera (halakoetan, euskarazko azpititulurik ez).

Aitortu behar dut Juan Luis Zabalak joan den larunbateko bere sarreran aipatzen duen hitanoaren erabilera eztabaidagarriari buruzko oharpena ez zitzaidala gelditu gogoan. Ez nituen begi-beharriak behar bezain zorroztuak izanen, duikabe; sakelan altxatu nituen Juan Luisek jauntzi bide zituen kazetari-luneta kritikoak, orduan ez bainekien filmari buruz idatziko nuela gure blogean gaur.

Guk hagitz aisa segitu genuen kontakizuna; euskarazko ahotsak (abokatuaren paperean ari den Unax Ugalde, filmean laguntzaile dituen Itziar Ituño eta Iñigo Gastesi, Joxi eta Joseanen larruan sartu behar izan zuten Jon Anza eta Cristian Merchan, gainerako etakideen eta jendakien izenean ari direnak, etab.) natural-natural eta erabat sinesgarri sartu zitzaizkigun, salbu, nire kasuan, ertzainenak, kostatzen baitzait irudikatzea halakoekin elkarrizketa normal bat gure hizkuntza honetan (ez nion xehetasun hori semeari galdetu; beharbada hark ez zuen halako sentipenik izan).

Nolanahi ere, euskararen aldetik ere ikusi beharrekoa da lan hau, nire ustez, euskararen presentzia nabarmenagatik. Alde horretatik pozgarria, egileak zoriontzekoa. Euskaraz sorturiko honen gisako filmak bezalaxe, euskarara bikoiztuak ere eduki beharko genuke urtero multxo koxkor bat, baina ez edozein pelikula, nahitaez ikusi behar diren horietako batzuk edo zerbaitengatik ikusle izan gaitezkeenon baitan nolabaiteko interes berezia sorrarazten dutenak baizik. Badakit gai honi buruzko eztabaida badela plazan (filmak jatorrizko hizkuntzan ala bikoiztuak), eta, inon inoiz bozka eman behar baldin bada, horixe da nire iritzia.

Pelikularen gaiari berriz helduta, gauza jakina da Lasa eta Zabalaren gorpuak Alacanteko Busot herriko paraje baztertu batean ehortzi zituztela kare bizitan, handik urtebetera-edo ehiztari baten zakurrek aurkitu zituztela eta gero dozena bat urte eman zutela gorputegi batean hiltzaileek ez bertze inork jakin gabe norenak ote ziren hezur haiek. Noizbait, ordea, norbait hasi zen pentsatzen gorpuak bi tolosar gazte haienak ote ziren, eta hortik etorri zen gainerako guzia.

Hilotz haiek nor-norenak ziren ez zuten komunikabideek berehala segurtasun osoz jakinarazi izanen. Kazetariek halako kasuetan irakurle-entzuleei aditzera ematen diete ez dela egiaztatu hildakoen nortasuna, baina hipotesi sinesgarri samar batzuk badaudela. Ez dakit zer lokuzio-klase erabili ote zuten euskarazko esatariek orduko hartan; aukera bat baino gehiago dugu euskaraz suposizioa eta egiantzekoa dena adierazteko.

Etsenplu bat irratitik aditzeko aukera izan nuen berriki, eta kolkoan gelditu zitzaidan kazetariak notizia kontatzeko baliatu zuen maneragatik (orduan erne izaki ni horrelakoei erreparatzeko, joan den astelehenean ez bezala). Bi gorpu agertu ziren Espainiako edo Italiako kostaldean, eta esatariak honelako zerbait erran zuen: “… bi gorpu horiek orain dela bi egun hondoratu zen pateran zihoazen bi senegaldarrenak lirateke”.

Ez dut erran nahi “gaizki” egin zuenik (ez naiz nor), baina iruditzen zait halakoak azaltzeko bertze bide batzuk maizago erabiltzen ditugula eta direla euskarazko hedabideetan: “… dirudienez/nonbait… bi senegaldarrenak dira…”; “…zenbait informazio-iturriren arabera… bi senegaldarrenak dira…”; “… bi senegaldarrenak omen dira …”. Bakanago aditzen da izan behar aditz lokuzioa: “… bi gorpu horiek orain dela bi egun hondoratu zen pateran zihoazen bi senegaldarrenak izan behar dute”.

Iruditzen zait irratiko ahotsaren lirateke horrek zerikusia duela espainolez antzeko kasu batean normal adituko genukeen se trataría de-rekin. Han-hemenka irakurri dudanez, aditzaren erabilera horri condicional de rumor deitzen diote, eta gaztelaniara frantsesetik etorria omen da, galizismo bat da, conditionnel journalistique erraten zaiona. Inguruko bertze hizkuntzetan (portugesean…) ere erabiltzen ote da? Eta ingelesez?

Ez dakit adizki hipotetikoen erabilera honek tradiziorik duen euskaran edo, berria baldin bada, zabaldua dagoen gaur egun gure artean, baina niretzat arrotza zen lehengoan aditu nuen arte.

5 erantzun “Gorpu batzuk agertu dira” bidalketan

  1. Eta beste gai bat da zenbat hedatzen ari den “omen” erabiltzea “dirudienez / ikusten denez…” ordez. Hau da, “omen” erabiltzea nahiz eta dena delako informazioa/ustea ez zaion inori aditu edo irakurri.

    1. Ados zurekin, Mintxo: “omen” erabiltzen dugunean, ez gara gure ustezka ari, bertze norbaiti aditu edo irakurri diogu. Beraz, ez nintzen segur aski sobera xuxen erran dudalarik suposizioa adierazteko balio duela. Neronek aipatu dudan bertze adibide batean ere erabiltzen ahalko genuke “omen”: “…zenbait informazio-iturriren arabera… bi senegaldarrenak dira…”, igualtsu erran nezake “…(zenbait informazio-iturriren arabera)… bi senegaldarrenak omen dira…”. Esaldi horri ziurtasuna kendu nahiko banio, ordea (iturriak berak zalantza badu edo iturria sobera fidagarria ez bada): “…zenbait informazio-iturriren arabera… bi senegaldarrenak izan daitezke…” egokiagoa litzateke.
      Dena dela, suposizioa edo menturazkotasuna adierazteko baliabide garrantzitsu bat aipatu gabe utzi dudala uste dut (gehiago ere izanen dira): “-ke”dun adizki jakin batzuk (ez baititut teoriako izendapenak ongi ezagutzen, eskuetan dudan Zubiri anaien Euskal Gramatika Osotik ateratakoa aipatuko dut: “geroaldi arkaikoa” izenez ezagutzen dena). Horietako bat baliatuz, irratian aditu nuen esaldi hura honela ere eman daitekeela iruditzen zait: “… bi gorpu horiek orain dela bi egun hondoratu zen pateran zihoazen bi senegaldarrenak dirateke”. Alegia, “dirateke” erabilita, auzitan jarri dudan “lirateke”tik hain hurbil.

  2. Ados guztiz, Mikel. Zoritxarrez, ingelesez ere erabiltzen da, eta izurri gaiztoa izaten duk zientzia liburuetan, hipotesien garapen guztia hala ematen baitute gehienetan. Oraintsu arte, gaitzetsita zegoen gaztelaniaz galizismo-edo hori; keriatzat joa, alegia. Gaur egun, ordea, barra-barra erabiltzen da, interpretazio anbiguoak gorabehera, baita lehen aldian ere: “Los rebeldes habrían tomado el aeropuerto”… Euskaraz ez du –ez zuen?– tradiziorik, baina ez garenez noski geure baitakoak…

  3. Euskadi Irratian atzo aditua, albistegi nagusian, gutti goiti beheiti: “Polizia metroko atentatuan parte hartu zuen beste pertsona baten bila dabil…, ihes egin izango lukeena…”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude