Juan Luis Zabala
Pablo Maloren Lasa eta Zabala filmari buruzko komentarioetan askori entzun edo irakurri diet hasierako pasarteak, errefuxiatuen Baionako giroa erakusten dutenak, direla ahulenak eta sinesgarritasun gutxienekoak. Neu ere horretan nago.
Ez dakit benetan zer neurriko eragina izango zuen siniesgarritasunean, akaso batere ez, baina atal horren akatsetako bat, aski nabarmena nire ustez, nik –modu trakets eta hobegarrian seguru asko– hiperritanoa deituko nukeenaren erabilera sistematikoa da. Hau da, modu teknikoan ahalik eta zehatzen azalduta: bigarren pertsona singularraren markarik gabeko aditz formak hitanoan emateak galderetan eta menpeko esaldietan.
Adibide bat jarriko dut, ez filmetik ateratakoa, neuk asmatutakoa baizik: «Ez zakiat etorri dituken» esatea, «Ez zakiat etorri diren» esan beharrean, hiperritanoa litzateke; edo «Hau ondo al zagok?» esatea, «Hau ondo al dago?» esan ordez.
Azalpen zehatzago bat HABEren Ikasbil webgunean aurki daiteke, adibidez; helbide honetan.
Guztiz alderantzizkoa da Iñaki Perurenak azkenaldian aski sarri ikusten den telebistako iragarkia batean egiten duena: hikako forma erabili behar zuenean zukakoa jaurti, nahiko modu desatsegin eta mingarrian, nire ustez, Xabier Eizagirrek (1) Berrian salatu duen moduan.
(1) Ohar bat nahasketarik izan ez dadin: artikuluaren egilea ez da, haren izen-abizen berberak dituen arren, Jakin aldizkariaren erredakzio burua.
Nik dakidala, Ritxi Lizartzak (@ritxitxi) bertze oker bati deitzen ziok “Hiperhitano”. Ez zakiat zein izen izan dezakeen hik aipaturiko akatsak [hikako adizkiak eta hitanokoak ez bereizteagatik, azken horiek galderetan edo menpeko perpausetan sartzea], edo izenik duen ere. Baina oker ez banago, Lizartzak “Hiperhitano” erraten ziok hi pertsona bi aldiz markatzeari. Adibidez, “Maite haut” erran beharrean “Maite haunat” (gaizki) erratea aurrean duguna neska delako.
Ados, Asier. Beste hitz bat asmatu beharko da hortaz, Baina erabilera hori oso zabaldua dago gaur egun gazteen artean. Izen bat merezi izateko adina bai behintzat. Agian bakarra izango naiz, baina niri filmean traba egin zidan.
Ondo pentsatuta biak izenda daitezke hiperritano edo hiperhitano. Bata hiperritano formala litzateke, formari dagokiona; bestea, kontestuala edo egoerazkoa, kontestuari edo egoerari dagokiona. Niri bigarrena egiten zait zatarragoa, trabagarriagoa, artifizialagoa… Baina aitortu behar da gazteen artean arrasatzen ari dela. Nolanahi ere, pelikulan ez da batere ondo geratzen.
Bide batez, beste kontutxo bat: “goazeman” eta “goazemak”, arauaren arabera, salbuespen moduan baino ezin izango lirateke onartu, onartzekotan. Urolaldean hala ere salbuespena beste forma baten bidez egiten da (edo egiten zen behintzat lehen): “Goazenai” (“Goazen hadi”).
Filma ez dut ikusi, baina nago ni, sinesgarritasuna bada kontua, hainbati arrotzagoak egingo zitzaizkiola, testuinguru alokutibo batean, «Ez zakiat etorri DIREN» edo «Hau ondo al DAGO?» bezalako esaldi hiperzuzenak bezain kaleko erabilera bizitik urrunak, bereziki bigarrena.
Beharbada zuzen zaude Joxemari, eta beharbada zuzen zegoen behin harako hura esan zuen kazetaria ere: “Nik badakit ‘ikusi zaitut tabernan’ dela zuzena, eta ez ‘ikusi dizut tabernan’, baina pedantekeria iruditzen zait”. Horrelaxe. Gehiago esango dizut: neuk ere sentitu dut inoiz “ikusi dizut tabernan” bezalakoak esateko tentazioa, inguruarekin bat eginago sentitzeko, listomari arrarotzat hartua ez izateko. Ederki. Hor dugu bide bat irekita. Hartuko dugu? Hortik joko dugu? Zeren ni ia-ia seguru nago 80ko hamarkadan ia inork ez zuela esaten “Ez zakiat etorri dituken” bezalakorik, eta 40 urtetik gorako euskaldun askorentzat behintzat, ohartuta edo oharkabean, traba bat dela “Ez zakiat etorriko dituken” bezalako esaldiak behin eta berriro entzutea. Gaur egungo gazteen giroko pelikula batean, akaso, baina ‘Lasa eta Zabala’-ko pasarte horietan ez nuke inola ere halakorik erabiliko. Eta itzulitako liburu batean ere ez. Zuk bai? Eta… nola itzuliko zenuke “Te he visto en el bar”?
“Kaleko erabilera bizitik urrun” horrek, Joxemari, badu bere zera. Zein kale? Noren erabilera? Zeren, bizi, bizi gara, eta ez hain urrun, zuk pedantetzat-edo jotzen duzun joskera tradiziozko hori darabilgunok (ere). Eta, ez pentsa, gu (ere) jende gara (euskaldun korrienteak ez dakit baina), eta kalean ibiltzea (ere) egokitzen zaigu tarteka. Badirudi gero eta gaizkiago ikusita dagoela zuzentasun arrunta euskalzale guayen artean (ere), baina ni behintzat ez nau kikiltzen “kale”aren aitzakia horrek, eta kale egiten duenak kale egiten duela pentsatzen jarraituko dut. Tira.
Terminologiaren kontuan, uste dut hobe litzatekeela “hiperhitano” edo, hobe, “ultrahitano” deitzea Juan Luisek dioen horri (bere graduak ditu, hala ere, joerak), eta “hitano bikoiztu” edo deitzea Ritxik dioen beste horri. Bigarren hori, oker ez banago, generoa beti adierazi beharrez garatua da: (duk/dun) hukek/huken, (nengoan/nengonan) huan/hunan, (diat/dinat) haut/haunat…
Inori ez diot nik adjetiborik ipini. Nork bere buruari gogo duen etiketa jartzen dio: euskaldun pedantea, korrientea edo guaya. Gauza bat da, nire ustean, pelikula baten solasak “sinesgarriak” izatea, kalean ibiltzen den moldea islatzen dutelako, eta oso gauza bestelakoa “zuzenak” izatea. Pelikula baten elkarrizketa biziek errealistak ala eredugarriak (hots, nolabaiteko asmo didaktikoz eginak) izan behar al dute? Gainerakoan, baita ados samar ere egon naiteke zurekin.
Zakilixut ere kutsatu da. Pandemia! Erreparatu “Zer zagon ba azpian?” horri. Amore ematen dut. http://www.berria.eus/zintak/olariaga/2014-11-06/
Julio Soto ere bai: http://www.berria.eus/paperekoa/1922/016/002/2014-12-31/nor_haiz.htm
Ez al da harrigarria Gorritiko zaharren hikako jarduna zuzenean ezagutu bide duen bertsolari ikasi bat horretaz ez ohartzea? “Baina hirekin haserre bukatzen dugun orduko, jartzen gaitun etorriko den hari begira” idatzi beharrean, “Baina hirekin haserre bukatzen dinagun orduko, jartzen gaitun etorriko duan hari begira” idaztea tripako minik sentitu gabe?
Edo agian kontzienteki egin du, badakielako erabilera hori nagusituko dela etorkizunean?