Hizkuntzaren historiak II – Errefrauak

Borja Ariztimuño Lopez

Azken idazkian hizkuntzaren berreraiketaz aritu nintzen, baina egiazki hitz eta morfemenaz bakarrik. Sintaxiaren eta morfo-sintaxiaren alorrean ere egin daiteke lan hori, baina, gaurkoan, esamoldeez eta are egitura semantiko abstraktuagoez ere hitz egin nahi nuke. Adibide erraz batekin hasteko, Lazarragak gauaz-egunaz idatzi zuen XVI. mendearen amaieran edo XVII.aren hasieran, eta Materre gure lehen idazle euskaldunberriak gauaz eta egunaz 1617an, egun askok (gehienok?) gauez eta egunez esango genukeenaren lekuan. Halaxe izango zen, beraz, euskara komun hipotetiko hartan ere?

Errefrauetan luzaro, hiztunen gainerako jardunetan baino luzaroago, gorde ohi dira hizkuntzaren ezaugarri zaharrak, hitzak nahiz egiturak, eta horregatik proposatuko dizuet orain, Oihenarten atsotitzen eta Bizkaiko 1596ko bildumako errefrauen arteko konparaziotik abiaturik, euskara zaharreneko lekukotasun horiek araka ditzagun, euskara komuneko (hots, hartan mintzo zen euskal erkidegoaren) adierazpideak eta, nolabait, pentsamolde edo ideiak azaleratzeko. Egiari zor, dagoena biltzea eta ale batzuk bistaratzea da nire xede xumea (Patxi Altuna eta Jose Antonio Mujikaren ediziotik atera ditut datuak); jakin-gose denak jo beza ni baino arituago eta paremiologian adituago direnen lanetara, bereziki Koldo Mitxelena & Julio Urquijo (1967) eta Patxi Altuna & Jose Antonio Mujika (2003).

Lehenik eta behin, esan beharra dut Oihenarti bidegabeki egotzi izan zaiola ele-asmatzen zale izatea. Neurtitzetarik kanpo, hots, atsotitzetan, ageri den hitz edo forma aurretiaz ezezagun oro asmakizuntzat hartzea ez da prozedura egokia, ene ustez.

Bestalde, Refranes y Sentencias ezagunarekin gertatu bezala, Oihenarten bilduman erdaretatiko itzulpenak ugariak direla ere esan izan da, nahiz eta, 1596an Iruñean argitaraturiko Bizkaiko bildumari dagokionez, kalko edo itzulpenen kopurua uste izan dena baino txikiagoa dela erakutsi zuen Joseba Lakarrak (1996). Kasu honetan ere, erdaretako atsotitzen antzekoak edota ia hitzez hitzekoak badiren arren, ez dugu pentsatu behar Oihenart bere bilduma puzte aldera puztuz ibili zenik, jendeak ongi asko ezagutuko baitzituen eta bere hizkuntzara egokituko, inguruan erabiltzen zirenak. Askotan errefrau berbera aurkitzen dugu gaztelaniaz, frantsesez, alemanez eta abarrez, eta hori ez da gertatu norbaitek liburu batean herriak ahoan ez zerabilen errefrau baten itzulpena paratzeagatik.

Azkenik, bi hizkuntzatako errefrauen arteko antzekotasunak, halabeharrak halabehar, nondik etor daitezkeen erraz igar daiteke: hiztunen arteko hartu-emanek eragiten dituzte, dela kalko edo itzulpen bidez (elebiduntasuna, muga-herrietan, egun baino hedatuago eta sakonagoa izaten zen), dela antzekotasun kulturalen ondorioz (bizimodu, ezagutza eta ohitura motak partekatzearen ondorioz, azken batean; hori harremanik gabe ere gerta zitekeen, noski); pentsa liteke dialektoen artean ere gauza bera gerta zitekeela, eta, horrez gain, Bizkaitar batek gaztelaniatik eta Zuberotar batek frantsesetik edo gaskoieratik har zitzaketen errefrauak ere elkarren antza izan zezaketela, jatorrizko hizkuntzetakoek bezalaxe.

Honenbestez, hiru multzo lausotan banatuko ditut errefrau baliokideak: berdin-berdinak dira batzuk, antzekoxeak bestetzuk, eta badira mamiz edo esanahiz berdintsu baina itxuraz ezberdinak ere. Atzekoz aurrera egingo dut.[1]

  1. Mamiz berdintsu:

Ahalgegabeak bitu epher erreak. Zer ahalgorrak? Ogi-mokorrak. (Oih. 9)
Lotsaga nindin, ogiz ase nindin. (RS 263)
Lotsabageac erria bere. (RS 66)
Lotsa bageak, mundua bere. (Gar. 66)

Amak irin balu, opil balaidi. (Oih. 20)
Balizko oleak burdiaric ez. (RS 15)
Balizco oleak, burniarik egin eztaroa. (Gar. A 36)

Amaizuna, erradan “no”; ez, “nahi duna?”. (Oih. 23)
Ama onak ez dio “nazu?”. (RS 113)
Naiago dot to bat, ze amabi emon deiat. (RS 40)
Amaizuna, eztizkoa ere, ezta huna. (Oih. 24)
Errana [‘erraina’] ezta gozoa, bada bere eztizkoa. (RS 460)

  1. Antzeko:

Aharra ziten alxoñak, ager ziten gazna ohoñak. (Oih. 10)
Aharra ziten artzainak, ager ziten gaznak. (Zalg. 99)
Arzaiak aserra zitezen, gastak agiri zitezen. (Gar. 11)
Arzaiok arri zitea(n), gaztaeok agir zitea(n). (RS 386)
Unaiok arri zitean, gastaeok agir zitean. (RS 52)
Unaiak aserra zitean, gaztak ager zitean (Is. 81)

Aharrausi usua, gose- edo lo-mezua. (Oih. 11)
Arrausi luzea, loa edo gosea. (RS 276; cf. Bostezo luengo, hambre o sueño)

Alaba ezkont ezak nahi denean; semea, ordu denean. (Oih. 16)
Ezkon ezak semea nai doanean ta alabea al dagianean. (RS 382)

Anhitz jana eta anhiz edana da hontara nakarrana. (Oih. 26)
Lar janak eta edanak gitxitara nenkarre(n). (RS 438)

Arakina, erhak behia eta indak kornado baten biria. (Oih. 30)
Idiak eta beiak il eza(z)uz ta loben baten biriak inda(z)uz. (RS 429)

Atorrak hunkiten, bana aragia etxekiten. (Oih. 53)
Athorra hurran, bana larrüa hurranago. (Zalg. 61)
Atorren baxen urrago narrua. (RS 281)

Kanpoan urzo, etxean bele. (Oih. 107)
Atean uso etxean otso (…) (RS 133)

Erroiak beleari burubelz. (Oih. 151)
Erroiak mikeari uzpelza. (RS 464)
Cf. Zozoak beleari ipurbeltz.

Erroia haz ezak, begiak dedetzak. (Oih. 152)
Az ezak erroia, diratan begia (…) (RS 136)

Geroa, alferraren leloa. (Oih. 189)
1. multzoan sartzekoa litzateke hau, baina, Oihenartena kenduta, besteek elkarren antz handiagoa dute:
Gero dionak bego dio. (Is. 43)
Geroak, bego: (…) (Zalg. 47)
Cf. halaber Axularren Geroko «(…) gero dioenak bego dioela (…)».

Hire gaitza eztuk net gaitza, hire auzoaren beharrira ezpadaitsa. (Oih. 239)
Ire auzoak eztekian gatxa ona da. (RS 431)

Jaiki zedin nagia suaren pitzera, ezar zezan etxea erratzera. (Oih. 257)
Jaki zidin nagia, erra zizan uria. (Gar. A 2)
Jaigi zidi(n) nagia, erra zizan uria. (RS 294)

Seroretara zautan gogoa, ezteietara aizeak naroa. (Oih. 530)
Perrau [‘ermitau’] neuen gogoa, axeak bestera naroa. (RS 419)

Gure horak buztanaz daki balaku egiten, eta ahoaz ausikiten. (Oih. 616)
Leusindu buztanaz ta esugi ahoaz. (RS 372)

  1. Berdin(-berdin):

Ardia ahunzari ile eske. (Oih. 31 = Zalg. 13)
Ardia aunzari ule eske. (RS 498)

Eneko, atxeka hi hartzari, nik demadan ihesari. (Oih. 139)
Autso, Txordon, artz orri, ta nik iñes daida(n). (RS 422)
Autso, Perutxo, urdeorri, eta neuk ies dagidan. (Gar. A 26)

Gibel egiok ekaitzari. (Oih. 192)
Kibel egiok ekatxari. (RS 466)
Cf. halaber Kibel ekatxari, bular aldi onari. (RS 239)

Hotzak maiatza hil zezan, eta ni ase nenzan. (Oih. 253)
Otzak il egia(n) maiatza, ta ni ase nenza(n). (RS 535)

Idiak erasi beharrean, gurdiak. (Oih. 273)
Idiak erausi bearrean, gurdiak iño. (Is. 49)
Idiak oñon bidean, gurdiak. (RS 305)

Bere zorigaitzean inhurriari hegalak sortu zitzaizkan. (Oih. 278)
Bere gatxean inurriari egoak jaio jakaza(n). (RS 526)

Itsua da baheti eztakusana. (Oih. 288)
Itsua da baeti ez dakusena. (RS 426)

Odolak su gabe diraki. (Oih. 342)
Odolak su baga diraki. (RS 146)

Ogi gogorrari, hagin zorrotza. (Oih. 348)
Ogi gogorrari, agin zorrotza. (RS 539)

Otorde dabila maiatza su eske. (Oih. 381)
Otorde dabil maiatza su eske. (RS 534)

Otsoa senar duenak, oihanera beha. (Oih. 386)
Otsoa senar dagianak, beti oianera begira. (RS 338)

Zura berago, harra barnago. (Oih. 442)
Zura beraago, arra barrenago. (Is. 22)
Lurra bigunago, haarra barrenago. (RS 400)

Zurginaren etxea zotzez, zotzez ere motzez. (Oih. 444)
Arotzaren etsea zotzes, zotzez bere gaitxes. (RS 417)

Xazko epaslea, aurtengoen urkazalea. (Oih. 478)
Xazko ohoina, aurthengoen urkhazale. (Zalg. 41)
Igazko lapurrok, aurtengoen urkatzalla. (RS 80)
Cf. halaber Peru Abarcako «Igazko txakurra [lapurra?], aurtenguaren urkatzalle».

Ezta zaharra duena zaldarra. (Oih. 596)
Ezta zarra dauena zaldarra. (RS 503)

Oihal ona kutxan dagoela sal daite. (Oih. 658)
Oial ona hutxan saldu doa. (RS 541)

Bere burua ezagutea, da jakitea. (Oih. 684)
Bere burua ezautea, da jakitea. (RS 554)

Eskerrak iztadan, zeren neure haziendari on daritzadan. (Oih. 690)
Eskerrak inda(z)uz, ze on derexta(n) ene gauzari. (RS 556)

Neure behiti ezne, guri eta gazna athera nezan, eta neure xahala gal nezan. (Oih. 701)
Ezne, guri eta gazna neure behitik athera nezan, eta neure xahala gal nezan. (Oih. esk. 366)
Eznea, guria ta odola errorean atera neban, ta ezer irabazi ez nezan, ta ene beitxua gal nezan. (RS 513)

Hiru multzoetan aurkitzen ahal ditugu paralelo interesgarri eta harrigarriak. Badakigu Oihenartek Refranes y Sentencias bilduma ondo ezagutu zuela; izan ere, bere bilduman eta eskuizkribuan berrogei bat inguru eman zituen bizkaieraz, aldaketarik gabe (zubererazko gehienak ez bezala, “lapurtartu” baitzituen). Horrek pentsarazten dit ezen hemen idorotako antzekotasunak ez direla kopiatzearen ondorio, zeren Oihenart ez zen herabe ageriki hala egitera.

Hortaz, amarauneko txoko txiki goxo honetatik, dei egiten dut inork nahi izan lezan ildo honetatik jarraitu, eta Euskara Batu Zaharrerantz egin, hitz solte eta morfema zatikatuez haratago.

[1]    Laburdurak: Oih. ‘Oihenart; RS ‘Refranes y Sentencias’; Gar. ‘Garibai’; Zalg. ‘Zalgize’; Is. ‘Isasti’.