Wang Wei itzulezina?

Maialen Marin Lacarta

Ariketa polita izaten da klasean Wang Weiren olerki baten itzulpenei begiratu eta taldeka bertsio ezberdinen inguruan eztabaidatzea. Gainera, horretarako liburu bikaina daukagu eskura: Eliot Weinberg eta Octavio Pazek bildu eta iruzkindutako Nineteen ways of looking at Wang Wei: how a Chinese poem is translated (1987)[i]. Liburu hau irakurtzeko ez da txineraz jakin behar, eta Tang poesia gustuko baldin baduzue, edo poesia itzultzea interesatzen bazaizue, benetan gomendatzen dizuet. Izenburuak dioen bezala, liburu honek Wang Weiren olerki baten hemeretzi itzulpen biltzen ditu, ingelesez batik bat, baina baita frantsesez eta gaztelaniaz ere. Ez da oso luzea; liburu bat baino gehiago, artikulu bat dela esan genezake.

Klasean proposatzea gustatzen zaidan ariketaren helburua ez da hainbeste itzulpen onena zein den erabakitzea izaten, baizik eta itzultzeko zailtasunak identifikatu eta itzultzaile bakoitzak hartutako erabakiak aztertzea. Baina joko bat bezala planteatu ohi dut, eta bakoitzak gehien gustatu zaion itzulpena defendatu behar izaten du. Klaseko eztabaidan, Burton Watson eta Gary Snyderren itzulpenak atera ohi dira garaile, eta eztabaida bizia izaten da. Baina lehengo astean, talde bateko kideak oso isilik ikusi nituen, serio samar. Gerturatu eta zertaz ari ziren galdetu nienean, batek erantzun zidan Tang poesia itzulezina dela. Txinatar karaktere bakoitzak esanahi ugari dituela, historia luzea duela eta ezinezkoa dela hori itzultzea. Harri eta zur gelditu nintzen. Hemeretzi itzulpen begi aurrean izanda ere, olerki hori itzulezina dela zioen nire ikasleak. Eta ez hori bakarrik, haren ustez Tang dinastiako poesia guztia zen itzulezina. Gainera, olerki hori itzultzeko zailtasun zehatzak aipatu beharrean, txinatar karaktereen historia eta txinatar hizkuntza klasikoaren polisemia aipatu zituen. Egia da nik klasean aipatuak nituela bi zailtasun horiek, baina oztopo gaindiezinak bezala ikusi beharrean, kontuan hartu beharreko zailtasunak ziren nire ustez, bai itzultzailearentzat, bai edozein irakurlerentzat. Orduan, talde hartako kideak olerkiaren karaktereak kontatu eta egitura sintaktikoari edo hitzen ordenari begira zeudela konturatu nintzen. Une hartatik aurrera, eztabaida are interesgarriago jarri zen: zer da itzulpen bat? Eta olerki baten itzulpena? Jatorrizkoaren berdina izan behar al du? Zer mailatan? Sintaxi mailan? Hitz kopuruaren mailan? Jatorrizkoa eta itzulpen ezberdinak aztertzen jarraitu genuen, pixkanaka gai hauen inguruko eztabaida luzatuz. Erokeria dirudi, baina jatorrizko testuari bueltaka eta bueltaka hasiz gero, ahaztu egiten zaizkigu galdera garrantzitsu hauek. Gainera, hemeretzi itzulpen horiek galdera hauentzat erantzun ezberdinak daudela frogatzen digute eta, aldi berean, itzulpen bakoitzak jatorrizko olerkiari buruz zerbait erakusten digu.

Gogoeta hauei bukaera emateko, olerki honen euskal itzulpenak biltzea gustatuko litzaidake, baina Hong Kongen aurkitzea ezinezkoa denez, datorren udan Euskal Herrira itzultzen naizenean bilatu beharko ditut. Aiora Jakak eta biok duela gutxi Uztaro aldizkarirako idatzitako artikulurako egindako ikerketei esker, olerki hau ziur asko Rafa Egigurenek itzuliko zuela uste dut, eta liburu hauetako batean topatzea espero dut: Mandarin Dotore: VIII. mendeko olerkiak (2003)[ii] edota Gauza guztiak (2011)[iii]. Bitartean, joko txiki bat proposatzen dizuet. Hor doa Wang Weiren olerkia hitzez hitz, ea norbait itzulpen bat proposatzera animatzen den:

鹿柴

Orainaren/oreinen barrutia

空山不見人

Hutsik mendia(k) ez ikusi jendea/pertsona

但聞人語響

Baina/bakarrik entzun jendea/pertsona hitza(k) oihartzuna

返景入深林

Itzuli argia sartu sakona basoa

復照青苔上

Berriro argitu berdea goroldioa gainean

Pista bat emango dizuet “itzuli argia” horrentzat: ilunabarreko argiaz ari da, argia itzuli egiten baita; goizean alde batetik sartuko da basoan eta iluntzean beste alde batetik, horregatik esaten du “berriro” azken lerroan.

[i] Weinberg, Eliot eta Octavio Paz. Nineteen ways of looking at Wang Wei: how a Chinese poem is translated. Kingston, R.I.: Asphodel Press, 1987. Gaztelaniara itzulia dago: Eliot Weinberger, Diecinueve maneras de ver a Wang Wei: cómo se traduce un poema chino, itzul. Ulalume González de León, Vuelta, 91 (8), 1984ko ekaina, Mexiko: 18-25.

[ii] Du Fu, Wang Wei, Li Bai. Mandarin Dotore: VIII. mendeko olerkiak, itzul. Rafa Egiguren. Soraluze: Gaztelupeko Hotsak, 2003.

[iii] Egiguren, Rafa. Gauza guztiak. Iruñea: Pamiela, 2011.

One Reply to “”

  1. Oreinaldi

    Hustu da mendia jendez
    Hitzen oihartzuna soilik
    Atzera da argia oihan barnean sartu
    Berdez berpiztu da goroldioa

    Atsegin dut

Utzi iruzkina