Itziar Diez de Ultzurrun
Ama Eibarkoa dugu eta, ama euskalduna zuen arren, Eibarko etxe erdaldun samar batean hazitakoa da, aita katalana zuelako. Dena den, euskara barra-barra aditu zuen haur-denboran eta gaztetan, amaren aldeko familia giroan ez ezik, kalean eta lagunen etxeetan. Horrenbestez, ezkontzean Eibarko euskal hitzez eta esamoldez zipriztinduriko gaztelania ekarri zuen Iruñera. Gurean, beraz, gaztelania molde hori izan da nagusi betitik, eta gaurkoan amak altzoan eta ezpainetan ekarri zituen hitz batez eta esapide batez mintzatu nahi nuke.
Urduri dagoenean, nahigabez edo ezinegonez, amari ez zaizkio tximeletak hegaldatzen sabelean; pinpilinpauxen ordez, sagua ibiltzen zaio gora eta behera urdailean (amak “el sagu” edo “el xagutxu” deitzen duena). Ez diot beste inori aditu halakorik, eta ez dut sagu hitzerako adiera hori aurkitu hiztegietan. Imajinatzen dut Eibarko garai bateko euskaran hala erabiliko zela, ez dela amaren idiolektoan bizirik dagoen adiera bat bakarrik. Nolanahi ere, hagitz adierazkorra iruditzen zait sagu hitzaren erabilera hori, arras ongi islatzen duelako herstura dugunean urdailean sumatzen dugun korapilo dantzari eta karraskaria.
Bestalde, amak erabiltzen dituenetarik jo ta pasa da nire kuttunetako bat. Zerbait jo ta pasa egitea da zeozer ganora barik egitea. Euskaljakintzari esker ikasi dugun tripus-trapus horren antzeko esapidea da, beraz, gure oraingo etxeko euskaran maiz agertzen dena. Zeren hitz horiek ohartu gabe neuretuz joan bainaiz adinean gora egin ahala, eta egunotan, ama ospitalean dugula (nahiz eta, zorionez, kontua ez omen den larritzeko moduko deus ere), xagutxua -eta are sagua- jira eta buelta sumatu dut batzuetan sabelean eta nire eginkizun garrantzitsuen zerrendako hierarkian iraultza handi samar bat gertatu da, halako moldez non, arruntean arduraz eta txukun egiten saiatzen naizen zeregin anitz, gure blog honetarako testu hauxe, esaterako, nahitaez jo ta pasa egin behar izan ditudan.
Sagu-aren hori ez dut sekula entzun Eibarren, baina ezin esan erabiltzen ez denik. Zuk diozun moduan, egoki azaltzen du tripako larritasun sentsazio hori. Eibarko hiztegirako egindako lanetan ere ez genuen aurkitu.
Jo-ta-pasa, ostera, bai. Gaur egun ere nahiko erabilia Eibarren, baita erdaraz ere: http://eibarko-euskara.com/node/8995?ikuspegi=lerroka