Lau irri

Maialen Berasategi

Bati baino gehiagori aditu izan diogu euskaldunon problema nagusia zera dela: serioegi hartzen dugula geure burua. Irria falta, ilunkeria sobra; halaxe diote batzuek.

Egia da umorea behar dugula; eta barreari, ahal den heinean, gorazarre. Dena den, ez ote ditugu batzuetan errazegi nahasten irria eta umorea?… Kontua da azkenaldian jakin-mina piztu didatela, klik, hizkuntz erabilera jakin batzuek jendeari piztutako irri-txinpartek.

Hiru adibidetxo baino ez:

  • Perurena eta kolesterolaren kontrako edabea. ETB2ko iragarkiaz ari naiz, bai –uste dut ETB1ekoak (euskarazkoak) ez digula hainbesteko graziarik egin–. Publizistek, ezin uka, asmatu dute ikus-entzuleen arreta –eta irria– pizten; iragarkiak, beraz, funtzionatu du.
  • “Botila bat sagardo” jaietako txosnetan. Halaxe aditu nion neska gazte bati uda honetan, ordu txikitan: “Botila bat sagardo, faborez”. Eta haren lagunek, hori entzunda, irri eta txantxa, euskara-irakasleren baten begi-belarri zorrotzen pean balego bezala eskatu omen zuelako neskak edaria, normal eskatu ordez, hots, “sagardo-botila bat”.
  • Zinegotzi gaditanoa euskaraz. Euskal-cadiztar ezkontza batera joatea egokitu zitzaidan orain gutxi, Vejer de la Frontera herri ederrera, eta, ezkongaiek hala eskatuta, euskaraz irakurri zituen zinegotzi vejertar petoak zenbait pasarte. Pentsatzekoa den bezala, ez zitzaion erraz-erraza egin “hirurogeita zortzigarren artikulua” eta halakoak irakurtzea, baina, beharbada hain pentsatzekoa ez den bezala, primeran aritu zen azkenean –hemengo zinegotzi ustez euskaldun asko baino hobeto–. Gonbidatu cadiztar zenbaitek ezin izan zioten irriari eutsi; bitxia egin zitzaien, antza, herrikide hura euskaraz txor-txor aditzea. Euskal gonbidatuok, berriz, irria bai, baina bestelakoa oso: ahoa bete hortz denok, miretsita, poz-pozik.

Hortxe, bada, lau irri, desberdinak denak –desberdinak izaki bakoitzaren motiboak ere–. Aterako ditu nork bere ondorioak. Ez irririk eta ez umorerik galdu gabe, ahal dela.