Iñaki Segurola
Ispilu edo begiratokitzat hautatu dudan alemanezko testua, euskarara itzulia dakart hona (gaztelaniatik, ai!, halabeharrez).
Nietzsche, On-gaitzez haruztik, 246-247 puskak:
Hirugarren belarri baten jabe denarentzat, alemanezko liburuak irakurtzea izugarrizko tortura da. Holako gizaki batek zer higuin ez du sentituko gelditzen delarik harmoniarik gabeko eta dantzatu ezineko ritmodun hotsek geldoki izurtutako istil baten bazterrean?, horixe baita alemanek “liburua” deitzen duten gauza. Eta liburuak irakurtzen dituen alemanari buruz, nork zer erranen du? Zeinen nagiki, desgogara eta gaizki irakurtzen dituen! Alemanen artean zeinen urri diren dakitenak eta harrotzen direnak jakiteaz badagoela esaldi orotan arte bat, harrapatu beharrekoa den arte bat, esaldi bat ulertu beharrekoa den gisa berean! Esaldi baten ritmoa ez harrapatzea asko da, adibidez, esaldia ulertu gabe gelditzeko. (…) Zein aleman irakurle dago prest eginkizun eta eskakizun hauek bere gain hartzeko eta erreparatzeko hizkuntzak berekin duen arte guztiari eta asmo guztiei? Egia esanda, jendeak ez dauka “horretarako belarririk”. (…)
Gure musikorik onenek hain gaizki idazteak erakusten du zeinen lotura eskasa daukan estilo alemanak harmoniarekin eta entzutearekin. Alemanak ez du ozenki irakurtzen; ez du irakurtzen belarriarentzat, baizik-eta begi hutsekin: belarriak estalita irakurtzen du. Lehengoek, irakurtzen zutenean –oso bakan gertatzen zen gauza–, beren buruentzat errezitatzen zuten eta, jakina, ozenki egiten zuten. Harritzeko gauza zen norbait ixilik irakurtzen sumatzea, eta jendeak bere artean egiten zuen zergatik eta nolaz zitekeen hori. Ozenki irakurtzeak esan nahi zuen ahotsa zabaltzea, goiti-beheitika aritzea eta tonu-ritmoak aldatzea, antzinako publikoaren hagitz gogoko gauzak baitziren. Garai horretan, idatzizko estiloaren legeak eta ahozkoarenak berberak ziren, eta horiek ziren, alde batetik, entzumenak eta eztarriak iritsitako garapen eta fintasun harrigarriaren heinekoak eta, bestetik, antzinako biriken indar, iraupen eta ahalmenaren araberakoak. Antzinakoen iritzian, esaldia batasun fisiologiko bat da ororen buru, eta arnasaldi bakarrari dagokio. (…) Baina guk, modernoek, arnasa motzekoak izanik hitzaren adiera guztietan, ez daukagu inolako eskubiderik esaldi luzeak errezitatzeko. Lehengoak, aldiz, oratoriako artearen zaleak ziren; adituak ziren hartan eta, beraz, kritikoak, eta horrek zituen behartzen hizlariak beren ahalmenak bururaino eramatera. (…) Alemanian –oraintsu arte, zeren orain hasi baita apur bat agertzen, beldurki eta baldarki, oratoria politiko moduko bat– ez da izan, azken buruan, artearen arauak gutxigorabehera segitzen dituen ageriko oratoria bat besterik: pulpituan praktikatzen zena. Alemanian sermolari batek bakarrik zekien zer pisu duen silaba batek, hitz batek (…), zeren ez baita arrazoirik falta adierazteko nekez iristen dela aleman bat hizlari ona izatera eta denbora luzea behar izaten duela horraino heltzeko. Horrek esplikatzen du alemanezko prosako maisulan bikainena zergatik den sermolari hoberenarena. Bibliaz ari naiz, jakina, hura baita gaurdainoko alemanezko liburuetan hoberena. Luteroren Bibliaren aldean, ia gainerako guztia “literatura” da, baina halakorik ez da sortu Alemanian, edo ez da zuztartu eta ez da zuztartzen alemanen bihotzetan Biblia zuztartu den tamainan.
Honako sermolari zapuztu honi ere Biblia euskarazkoa, Duvoisin kapitainarena, iruditzen zaio gure hizkuntzan egin den liburuetan onenetakoa.
Senideok: geldi gaitezen hango hitz zuhurrak eta ederrak aditzen:
Hastapenean, Jainkoak ezdeusetarik egin izan zituen zerua eta lurra.
Eta lurra zen moldegabea eta buluza, eta…
Bi gauza:
1.- Asko gustatu zait “beldurki eta baldarki” espresio hori. Zeuk asmatua baldin bada, nire zorionik beroenak.
2.- Eskertzekoa, halaber, atzerakarga saihesteko ahalegina. Gauzatxo bat, baina: •”Zein aleman irakurle dago prest eginkizun eta eskakizun hauek bere gain hartzeko eta erreparatzeko hizkuntzak berekin duen arte guztiari eta asmo guztiei?” esaldian, helburuzko “erreparatzeko” hori, lehen irakurraldi batean, “hizkuntzak”en izenlagun bezala ulertua izateko arriskua dago. Nire ustez, horrelakoetan egokiena “zera” bat tartekatzea da, ahozko euskaran hain ohikoa denez: “Zein aleman irakurle dago prest eginkizun eta eskakizun hauek bere gain hartzeko eta zerari erreparatzeko, hizkuntzak berekin duen arte guztiari eta asmo guztiei?“
3.- “Ritmo”?
Erantzunak, hiru diren Aristegietaren “bi gauzei”:
1. Uste dut “tímida y torpemente” zegoela gaztelaniaz (orain ez dut eskura testua). Horrek ekarri nau “beldurki eta baldarki” horretara. “Beldurki” xelebre antxa gelditzen da gaurko gure belarrirako, baina Etxeberri Ziburukoak erabili izana dauka bere alde. Gainera, kontuan hartzekoa da XIX. mendeko gauza bat ari garela itzultzen, ez gaur egunekoa, eta horrek erraztu egiten dit neri “antzinako formak” erabiltzea.
2. Jabetzen naiz arrisku horretaz, eta beti izaten dut gogoan holako itsaste ezbeharrezkoak albait saihestea. Honako honetan kale egin dut, itxura denez. Asuntoa (sic) da “zera” ez dudala batere gogokoa prosa normalean (elkarrizketa, bakarrizketa eta holakoetatik kanpora, esan nahi nuke); ez prosa normalean eta ez sermoigintza, hizlaritza edo oratorian, bidenabar esanda. (Neretzat ere, agidanez, ez dira berberak idatzizko estiloaren legeak eta ahozkoarenak.)
3. Bai, “ritmo”. Ez zait bidezkoa (hots, belarrizkoa) iruditzen ERR- hasierakoaren ia-orokortze arautua. “Erritmo”, “erribonukleiko” eta horiek ez zaizkit sartzen. Muga non dagoen markatzea ez da erraza, baina, nere iritzirako, muga lausoekin ibiltzen ikasi beharra dago, “bitasunengatik” batere kezkatu gabe. Kezka hori aztertzaile, akademiko eta gainerako robot-hiztunentzat utzi behar da, ahal denean behintzat.
Bai, bi gauza esateko asmoz idazten hasi, eta bukaeran “ritmo”az gogoratu naiz, zerrendagai iragarrien kopurua aldatu gabe.
“Beldurki eta baldarki” hori indar handikoa, eufonikoa, aliteratiboa… oso ona iruditzen zait. Ez nekien zure uztakoa zen ala jadanik lehenagotik nonbaiteko idazleren batek erabilia, eta horregatik jakin nahi nuen ea zure sorkaria zen. Zorionak berriro.
“Zera” eta “ritmo” rekiko hurrenez hurreneko ezinikusi eta belarrizkotasunari dagokienez, gustuak oso errespetagarriak iruditzen zaizkit, jakina. Problema da eztabaidagaiak –edo, nahiago bada, “ebazkizunak”– “gustu” hutsezko auzitzat hartzera eramaten ditugun hein berean, aukera posible bakoitzaren abantailei eta desabantailei buruzko eztabaida saihesten dugula.
Jokatu gabeko helburuzkoetan “-tzekoz” erabiliz gero, desagertzen da hitza izenlagun bezala ulertzeko arriskua:
Zein aleman irakurle dago prest bere gain hartzekoz eginkizun eta eskakizun hauek eta erreparatzekoz hizkuntzak berekin duen arte guztiari eta asmo guztiei?
Bestalde, “ritmo” niretzat primeran. Zorionak ausardiagatik.
Ona, Gilen. Ez zait egundo burutik pasa “-t(z)ekoz” (edo “-t(z)ekotz”) erabiltzea horrelakoetan. Estimatua dago.
“Zera” eta “ritmo”-ren gainean:
“zera” prosan eta hizlaritzan erabiltzea edo ez erabiltzea gustu kontua izan daiteke, baina “ritmo/erritmo” ez dut uste gustu pertsonalaren gorabehera hutsa denik. Belarriak (hots, hizkuntzaren egiturak, usadioak edo nahi/ahal duzun bezala esan) “ritmo” eskatzen digu askori (denoi?. gehienoi?), eta “erritmo” modukoak “gehitxo bezala” iruditzen zaizkigu.
Hagitz testu polita iduritzen zait eredu gisa erakusteko(z) euskarazko hitz-ordenak nontsutik joan beharko lukeen, irakurlearen sufrimendua ttikitzeko…
Eskerrik asko.
Beno, jakina, eta estetikoki ere bai elegante burutua!
Berandu banator ere… oso testu ederra, bai, euskara (batu) ederrean emana!