Galtza beltzak ala gona gorria

Esti Lizaso

Kontsumitzaileen produktuen interfazeak eta laguntza-dokumentazioa itzultzeko lan-fluxuak baditu berezitasun batzuk, hizkuntza askotara itzultzen diren produktuez ari bagara, batik bat.

Nagusienetako bat testuaren aldakortasuna da. Liburuak, artikuluak, agiriak etab. itzultzen direnean, edukia finkatuta egoten da itzultzailearen eskuetara iristen denerako: badakigu testua non hasten eta non bukatzen den, zer esango duen eta zenbat hitz izango dituen. Aldaketarik bada, xehetasun txikiren bat izango da.

Fabrikatzaile handien kasuan, aldiz, produktuaren garapenak eta itzulpenak prozesu paraleloak jarraitzen dituzte normalean. Hortaz, itzultzen hasterakoan, oraindik ez da jakiten produktuak bukaturik dagoenean zer esango duen, hitzak eta espresioak zenbat aldiz edo nola erabiliko diren, edo itzultzeko bidali duten aplikazio, programa edo dena delako horrek zer itxura izango duen.

Horrez gain, fabrikatzaile handiek multinazional handien esku utzi ohi dute itzulpenen kudeaketa, erosoagoa eta merkeagoa suertatzen zaielako. Eta multinazionalek nahiago izaten dute hizkuntza bakoitzeko agentzia edo itzultzaile bat baino gehiago eduki: ohiko itzultzaileak lana egin ezin badu edo ohi baino lan gehiago iristen bada ere, bezeroaren eskakizunei erantzuteko gai izango direla bermatzeko.

Lan-estrategia hau da gisa honetako itzulpenetan nagusitu dena, fabrikatzaile eta multinazionalentzako bizkorrena, merkeena edo eraginkorrena omen delako.

Baina era horretan lan egiteak itzultzaileen lan egiteko modua baldintzatzen du, eta itzulpenen kalitatea bermatzea zailtzen da, koherentzia aldetik batez ere.

Hau da, gauza bera jende askoren artean, zatika eta desordenatuta itzultzen denez, ezinbestekoa da fabrikatzaileak estilo-gida behar bezala zehaztuta eta glosarioak ongi osatuta izatea; produktua merkaturatzen denean guztiz bateratua gera dadin, pertsona bakarrak idatzi duela eman dezan.

Horrelako lanetan diharduen itzultzaileak argi izan behar du berezitasun hori. Hau da, bere lana ez da itzulpen on bat emate hutsa izango, sortzen duen itzulpenak bezeroaren eskakizun guztiak gordetzen dituela ere ziurtatu egin beharko baitu.

Alor honetan aritzen ez direnei inoiz horrelako lanak egitea egokitzen bazaie, harrigarria iruditzen zaie “bukatu” ezin dutela erabili eta “amaitu” esan behar dutela entzutea. Edo “esteka” hitz itsusia eta ulergaitza iruditzen zaielako “lotura” jarri dutela-eta bezeroaren kexak jasotzea, asmo onenean eta ongi argudiatuta egin baitute hautua.

Kasu larriagoak ere izan daitezke: demagun tableta bat merkatuan dagoela dagoeneko, eta funtzio berri bat gehitu dutela datorren eguneratzerako. Tabletan “helbide-liburua” terminoa erabili da orain arte kontaktuak gordetzen diren tokia izendatzeko, baina eguneratzea itzuli duenak ez du aurrez zer egin den begiratu eta “jendea” edo “agenda” deitu dio atalari. Tableta horren erabiltzaileek eguneratzea deskargatu eta instalatzen badute, eta pantaila berri batean “agenda” atalera joateko eskatzen bazaie, zertaz ari zaizkien ez dakiela gera liteke bat baino gehiago.

Koherentzia mantentzea ezinbestekoa da, beraz, bai produktuen erabilerraztasuna ziurtatzeko, bai hizkuntzaren egokitasuna ziurtatzeko, bai markaren tonua, hizkera eta identitatea finkatzeko ere. Senari jarraitzea ez da nahikoa izango mota honetako lanetan, eginbeharra bikoitza izaten da: jatorrizkoaren esanahia islatzea eta bezeroak eskatutako hitz eta moldez ematea; beste norbaitek egina dela ez nabaritzeko eta ekarpen berria gainerako edukian inongo arazorik gabe bateratzeko.

Bestela esanda, baldintza horiek ez betetzea itzultzaile beharrean jostunak bagina, eta bezero bat galtza beltz batzuen eske etorriko balitzaigu, guk gona gorri bat egitea bezala litzateke. Baliteke guk gona gorria hobe beharrez egin izatea, gona gorriak bezeroaren begien kolorearekin askoz hobeto ematen duelako edo moda-modan dagoelako. Baina bezeroak uniforme baterako eskatu badigu galtza beltza, eta agerraldi publiko bat badu, ez du piura makala izango galtza beltzez jositako agertokian gona gorria soinean duela agertzen denean.

Eta bezeroa galtzak jasotzera etorri eta gona erakusten diogunean, munduko gonarik ederrena delako eta ondoen josia dagoelako, eta hura egiten ordu asko pasa ditugulako, ordaintzeko eskatu nahiko diogu gainera…

Bada, itzulpenekin gauza bera gertatzen da. Bezeroak eskatu digu lana eta bezeroak ordainduko digu. Beraz, gustatu ala ez, gure lana izango da itzulpenean hark eskatutakoa egitea. Zerbaitekin ados ez bagaude edo zerbait aldatzeko gomendioren bat egin nahiko bagenu, beste bide bat erabili beharko dugu horretarako, baina sekula ez testua zuzenean aldatu. Izan ere, ia inoiz ez da jakiten itzulpen hauek noiz, non eta nola agertuko diren, eta gona gorriren bat ager lekiguke gutxien espero dugun pantailan…