Xabier Aristegieta Okiñena
Berria egunkariak sarean eskaintzen duen estilo-liburuan honako hau esaten da, Ortotipografia atalean, euskaraz bestelako hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko moduari buruz:
Beste hizkuntzetakoak
›Beste hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko, kontuan hartuko dugu nola idazten diren, ez nola ahoskatzen diren.
Shakespeareren [Shakespearen*]; Voltaireren [Voltairen*]; Googleren [Googleen*]; Greenpeaceren [Greenpeaceen*]
›Bukaerako i grekoa bokala edo erdibokala izan daiteke, baina BERRIAn, deklinatzeko orduan, bokaltzat hartzen dugu beti. Orobat jokatzen dugu bukaerako -w letrarekin:
Derryn [Derryen*]; Kentuckyn [Kentuckyen*]; Midwayn [Midwayen*]; New Jerseyn [New Jerseyen*]; Glasgown [Glasgown*]; Saint Andrewko [Saint Andreweko*]; Wroclawn [Wroclawen*]
›Bukaerako –h letrarekin, honela jokatzen da nagusiki:
Aceheko gatazka; Plysmoutheko [Plymouth?] portua; Ramallaheko erietxea
›Deklinatzean, bukaerako r letra bikoiztu egiten da:
Twitterrek; Kandaharren; Peterrek
Bistan denez, gidalerro horiek jokabide bateratu bat erdiestearen nahiari erantzuten diote, eta alde horretatik goraipagarriak iruditzen zaizkit: kasuko testugileari helduleku zalantzagabe bat eskaintzen diote idazten dabilen hitza deklinatzeko, hitz hori jatorrizko hizkuntzan nola ahoskatzen den jakin beharrik gabe.
Alabaina, erabaki horrek abantailak baino desabantaila gehiago dituela iruditzen zait, eta jarraian nire iritzia arrazoietan oinarritzen saiatuko naiz.
Lehenik eta behin, azpimarragarria da Berriako jarraibide horrek euskal deklinabideari nire ustez ematen dion biraketa ohargarria: beste hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko, “kontuan hartuko dugu nola idazten diren, ez nola ahoskatzen diren”. Alegia, irizpide grafikoa erabiltzen du, eta ez fonetikoa. Eta hortxe ikusten dut nik koska. Koska handia.
Egia da deklinabidea ikasi dugunean betidanik egin izan den bereizketak, hots, “bokalez amaitzen diren hitzak” eta “kontsonantez amaitzen diren hitzak”, ez duela zehazten zeri aplikatua den amaitu hori: idazkerari ala ahoskerari.
Egia da, halaber –bururatzen ez zaidan salbuespenen baten berri ematen ez bazait behintzat–, idatzizkoan kontsonantez amaitzen diren euskal hitzen ahoskera kontsonantez ere amaitzen dela; eta, ustez, gauza bera esan dezakegu –mutatis mutandis– bokalez amaitzen diren euskal hitzez. Hortaz, neurri batean ulergarria da deklinabide-arauek azken hizkia eta azken fonema bat ez etortzeari buruzko aurreikuspenik egin ez izana.
Euskal hitzetan bat baldin badatoz dena delako hitzaren azken hizkiaren eta azken fonemaren bokaltasuna edo kontsonantetasuna, zer ondoriotara iritsi behar dugu? Euskal deklinabideak irizpide grafikoa hartzen duela ardatz, ala fonetikoa?
Nik uste dut ezin dela zalantzan jarri irizpidea fonetikoa dela: bokalak bokal gisa eta kontsonanteak kontsonante gisa taldekatzen dituen irizpidea fonetikoa da; ahoskerari lotua, alegia. Bokalek elkarrekin daukatena ezaugarri fonetiko bat da, kontsonanteetatik bereizten dituena. Eta alderantziz.
Bestalde, dakigunez, euskal deklinabidean –e eta –r bezalako hizki epentetikoak agertzen zaizkigu:
gizon (NORK, mugagabea): gizonEk
etxe (NOREN, mugagabea): etxeRen
Eta epentesia fenomeno fonetiko bat da. Honela definitzen baitu epentesia Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak: “hitz baten barnean etimologiari ez dagokion fonema baten agerkera” (letra etzana nirea da). Eta Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiak honela dio epéntesis-i buruz: “1. Figura de dicción que consiste en añadir algún sonido dentro de un vocablo” (etzanak, nireak). Eta fonetika/fonologiari dagokien laburdura jasotzen du hasieran.
Ez dut beharrik ikusten euskal deklinabidearen errotze fonetikoan gehiago sakontzeko. Mugatu nahi dut seinalatuta uztera Berriako deklinabide-gidalerro horrek salbuespen nabarmen bat txertatzen duela euskal deklinabidean.
Salbuespena salbuespen, argudia liteke –eta argudio horrek ere badu bere garrantzia– arau horrek uxatu egiten duela, gorago aditzera eman dugunez, egunkariko testuetan zeharreko inkoherentzien arriskua, testugile ezberdinek hitz bat bera deklinakizun hartzen dutenean horren ahoskerari buruz izan lezaketen informazio edo jakintza ezberdinaren ondorioz eman ahalko lizkioketen deklinatze halaber ezberdinen eskutikoa.
Horrela, ba, Berriako arauari jarraituz jokabide bateratu bat lortzen da, bai. Baina zer prezioren truke?
- Kontuan hartu behar da Berriak gomendatzen duen jokabidea ez dela ahoskera ezezaguneko hitzak –eta horiexek soilik– deklinatzen lagunduko digun itsumutil halako bat, baizik eta sistematikoki aplikatu beharrekoa den jokabide bat; alegia, baita kasuko hitzaren ahoskera arras ezaguna dugunean eta, ikuspegi fonetikotik, Berriaren arauak dioenaz bestela deklinatu beharko genukeela dakigunean ere (barkatu “ikuspegi fonetikotik deklinatu” espresioari pleonasmo-kutsua aurkitzen badiozue).
Adibideak:
Apple (NORK): Applek (Berriaren arabera), Apple-ek (irizpide fonetikoaren arabera)
Google (NORI): Googleri (Berriaren arabera), Google-i (irizpide fonetikoaren arabera)
Le Monde Diplomatique (NOREN): Le Monde Diplomatiqueren (Berriaren arabera), Le Monde Diplomatique-en (irizpide fonetikoaren arabera)
Cambridge (NORI): Cambridgeri (Berriaren arabera), Cambridge-i (irizpide fonetikoaren arabera)
Annie Ernaux (NOREN): Annie Ernauxen (Berriaren arabera), Annie Ernaux-ren (irizpide fonetikoaren arabera)
Horrela, ba, ahozkotik idatzizkorako norabidean, nire ustez anomalia diren horiek eginarazten ditu (marratxoa erabiltzearen gaiaz ez naiz arituko, ez baitut artikulu hau gehiegi luzatu nahi; dena den, ez dut aukera galduko marratxoaren zeharo alde agertzeko: izen arrotzekin, izugarri laguntzen du berehalakoan argitzen noraino iristen den izena eta non hasten den kasu-marka).
- Baina goiko horrek bigarren parte bat ere badauka; izan ere, kontrako norabidean, hots, idatzizko hori ozenki irakurtzerakoan, bitatik bat :
- Edo kasuko hitz arrotza gaizki ahoskatzera behartzen du (esate baterako, “Appleren”eko –r hori ahoskatzeko, /aple/ esan behar dugu, eta ez /apel/). Edo, bestela,
- Beste biraketa bat eginarazten du, baina ez, oraingoan, euskal deklinabidearen fonetikotasunean, baizik eta euskarazko ahoskatze-arauetan, -r mutu dei genezakeena bezalakoak aurkeztuz, soilik horrela uler baitaiteke “Appleren” /apelen/ irakurtzea, edo “Diplomatiqueren”, /diplomatiken/.
Benetan: ez dakit bi aukera horietatik zein gustatzen zaidan gutxiago.
Esango nuke informazio-hutsune bat ez dagokion esparrutik gainditu nahi izatetik sortzen dela korapiloa.
Ez dut ukatzen hitz baten ahoskera ez jakitea problema bat dela hura deklinatzerakoan (nahiz eta gaur egun, Internet bitartez, horrelako zalantza asko eta asko argitzeko modu bikaina eskueran daukagun). Baina iruditzen zait Berriako arau horrek irtenbide faltsu bat ematen diola problemari. Ziurgabetasunaren problemari aterabide-edo bat ematen dio, bai, baina euskararen deklinabidearen eta ahoskeraren nolakotasuna ukitzen duten ondorio sakonagoak ekartzen ditu, azaltzen saiatu naizenez (azken batean, hitz bera modu ezberdinetan deklinatuta ikusteak islatzen duena da haren ahoskerari buruzko uste ezberdinak daudela, ez besterik).
Berriakoa bezalako konbentzioen bitartez nire ustez ebatzi ezinekoak diren kontu gehiago ere badago, dena den.
Hitz bat nola ahoskatzen den ez baita testugileak dakienaz harago egon daitekeen gauza bakarra. Hipotesi bezala plantea daiteke gerta dakiokeela izen berezi bat bizidun bati ala bizigabe bati ote dagokion ez jakitea. Eta horrek ere eragina du deklinabidean, dakigunez. Baina ez luke zentzu handirik izango irizpide grafiko batean oinarrituz kasuko izenari biziduntasuna edo bizigabetasuna esleitzeak.
Litekeenago den adibide bat aipatzearren: gerta dakiguke, era berean, gizonezko ala emakumezko izen berezia ote den ez dakigun izen atzerritar batekin toka ala noka erabili ez dakigula suertatzea. Eta sexua, noski, ez diogu ezarriko aurretiaz finkatutako irizpide orokor baten arabera: nola edo hala ikertu beharrean egongo gara. Dena den, problema hau askoz ere larrikiago pairatzen dute euskarak ez bezala pertsona-izenordainetan edo adjektibo nahiz partizipioetan genero-bereizketa egiten duten gure inguruko hizkuntzek. Torunn, Torkel edo Guro bezalako eskandinaviar izenekin topo egitean, ez nioke inori gomendatuko ezein konbentzioren araberako sexu-esleipenik egiterik… ondorio gutxienez ere komikoak saihestu nahi baditu.
Biziduntasun/bizigabetasuna. Generoa. Jatorrizko ahoskera. Nire ustez, kontu muntadunegiak, konbentzio bidez aurrefinkatzeko.
Berriak bezala, Euskaltzaindiak ere irizpide grafikoaren alde egin du, 158. arauan (2009). Hauxe dio arau horrek:
3. Deklinabidea eta ahoskera
Kanpoko leku-izen baten idazkera eta ahoskera bat ez datozenean eta izena deklinatu behar denean, honela joka daiteke deklinabide-atzizkia eransteko orduan:
A) Idatzizkoan, idatzizkoari erreparatuta ezarriz deklinabide-atzizkia, hau da, azken letra kontsonantea bada, kontsonantez amaitutako hitzak bezala deklinatuz; azken letra bokala bada, bokalez amaitutako hitzak bezala deklinatuz. Adibidez:
Yorkshire: Yorkshireren, Yorkshiren, Yorkshireko…
Creuse: Creuseko, Creusen…
Calais: Calaisen, Calais(e)ko, Calaisi…
Nîmes : Nîmes(e)ko, Nîmesen, Nîmesi…
Versailles: Versailles(e)ko, Versaillesen…
Limoges: Limoges(e)ko, Limogesen…
B) Ahoskatzekoan, ahoskerari erreparatuta ezarri behar da deklinabide-atzizkia. Adibidez:
Yorkshire : Yorkshireren , Yorkshiren , Yorkshireko …
Creuse : Creuseko , Creusen …
Calais : Calaisen , Calais(e)ko , Calaisi … Nîmes : Nîmes(e)ko , Nîmesen , Nîmesi Versailles : Versailles(e)ko , Versaillesen …
Limoges : Limoges(e) ko :, Limogesen …
Euskaltzaindiaren arau hori Berriarena baino anbiguoagoa iruditzen zait. Izan ere, “honela joka daiteke”ela dio deklinabide-atzizkia idatzizkoari erreparatuta ezartzeari dagokionez (beraz, horrek ez du baztertzen ahoskerari erreparatu ahal izatea), eta ahoskatzeari dagokionez, ordea, argi esaten du “ahoskerari erreparatuta ezarri behar” dela deklinabide-atzizkia.
Arauetan anbiguotasuna ez da komenigarria izaten, eta horregatik, komeni litzateke Euskaltzaindiak hori zehaztea. Eta poztuko nintzateke azaldu ditudan arrazoiak aintzat hartuko balitu. Baina baita nireak baino hobeki funtsaturiko argudioak erabiliz errefutatuko balitu ere.
Kontu interesgarria ekarri duzu, Xabier, eskerrik asko. Zure testua eta Urmenetaren iruzkina irakurrita, Euskaltzaindiak eta Berriak hitzez hitz diotena ikustera joan gabe, euskaltzain batzuen izenak hartu (etsenplu gisara), eta galdera Iparraldeko plazara bideratuko nuke: nola txertatu ohi dira deklinabide atzizkiak Xarles (Bidegain), Jean Baptiste (Coyos) edo Emile (Larre) aipatzean? Ohitura/tradizio finko bat dugu edo Iparraldean ere bi irizpideen arteko eztabaida eta praktika dago?
Nik sakea egin eta, inork ez baitu erresto edo erreferarik egin (Xabierrek bazterretik txalo), neronek berriz ere jo. Orain dela aste pare bateko kontua izan da. Iruñeko euskaltegi batean ikasturtea hasi da eta, hutsetik abiatzen den talde batean, ikasle bat alemaniarra da (Dortmund). Ikasle horrek nongoa den erran behar du, eta irakasleari zalantza sortu zaio nola erakutsi behar dion: “Dormungoa” (irizpide fonetikoa; “n” kontsonanteak ematen digun aukera, gure artean normalagoa “-ekoa” baino) ala “Dormundekoa” (irizpide grafikoa, nahitaezkoa). Bertze ikasle bat Ekuadorkoa da, eta izena Dénise du (“Denis” ahoskatzen du). Ikasle horrena den zerbait aipatu behar dute, eta hemen ere irakasleak duda: “nola erranaraziko diot, ‘Dénisena’ ala ‘Déniserena’?”. Kasu errealak dira biak, ikasle talde berean daude. Euskara ikasi nahi dute, eta hori pozgarria da, baina irakasleari buruhauste koxkor bat eragin diote. Niri galdetu zidan, eta nik irizpide grafikoa gomendatu nion, (ustez) segurola jokatuz. Gero pentsatu nuen Iparraldean horrelako kasu aunitz izanen direla, frantses izenetan mordoxka baitira amaiera “mutua” edo dutenak. Horregatik ekarri ditut aitzineko iruzkinera Iparraldeko euskaltzain batzuen izenak (Xarles>Xarl, Baptiste>Ba(p)tixt, Emile>Emil). Nola jokatzen duten jakin nahi nuke, irakasle horri aholku egokia emateko. Euskal Herriko bertze zokoetan ere, nire laguna bezalaxe euskara irakasten ari den (edo bertzela) edozeini gertatu izanen zaio antzeko zerbait. Zer egin, nola irakatsi? Beharbada ahoz modu batera eta idatziz bertzera?
Segur aski “Xarles>Xarl” idaztean hanka sartu izanen dut, eta “Xarles>Xarls” edo izanen da. Hala baldin bada, barkatu, eta kendu nire galderen zerrendatik…
Ez dakit “Xarles” nola ahoskatzen duten; baina frantsesezko “Charles”, behintzat, /Xarl/ ahoskatzen dela esango nuke.
“Dortmund” en kasuan, azken fonema /t/ du. Beraz, irizpide fonetikoaren arabera, “Dortmundekoa/Dortmund-ekoa” dela esango nuke.
Ideia ona, Mikel, arrazoi duzu!
Google-k eta Microsoft-ek hobesten dituzte “Google-ren” modukoak atzerriko marka eta konpainien izenetarako, marratxoa derrigor.
Esango nuke ezen, kasu horretan, marratxoaren nahitaezkotasunak arazoa konpontzen duela, zeren, bi elementuak bisualki separatuta agertzeak aukera ematen digu lehena irakurtzeko nahi/ahal dugun eran, hots, ortografikoki nahiz fonetikoki. Hortaz, erraza dirudi, behar izanez gero, kasu-marka irakurri ahala modifikatzea, egindako hautuari moldatzeko: /google + ren/ edo /gugel + en/
Artikuluan defendatzen dudana ez da (orto)grafikoki nahiz fonetikoki jokatu ahal izatea, aukera hori ematen ez den bezalaxe generoa edo biziduntasun/bizigabetasuna determinatzeko.
Xarlesentzat dira Xarlesi ematen zaizkionak eta Xarlesek ematen ditu Xarlesek ematen dituena. Baina kontuan har frantsesez ere “liaison”aren ohitura dela; ez da, hortaz, hain arraro egiten.
Bakartxo
Eskerrik asko, Bakartxo, izen horiek nola deklinatzen diren argitzeagatik eta “liaison” delakoaren kontua oroitarazteagatik (ahantzixea nuen)