Euskal hitzez

Irantzu Epelde Zendoia

Khyber Pakhtunkhwa eskualdean, Pakistanen, Afganistango muga inguruan, paxtueraren hiztunak diglosia egoeran bizi dira, sustrai sakonak dituen diglosia egoera batean. Hizkuntza ofiziala ingelesa da, urduarekin batera, eta eremu formaletan erabateko nagusitasunarekin erabiltzen da: irakaskuntzan, administrazioan, lan munduan, eta, orokorrean, hizkuntza idatzian. Erakargarritasun handieneko hizkuntza ere bada ingelesa Pakistanen, lan onak lortzeko eta goiko estatus batera iristeko nahitaezkoa, pakistandarrentzat, ingelesa behar bezala jakitea eta mintzatzea.

Ordea, hiztun erkidegoaren ahozko hizkuntza normala paxtuera da: 30 milioitik gora dira, gaur egun, paxtueradunak Pakistanen. Bertako hiztunek horixe erabiltzen dute plazan, azokan, parkean, familian, lagunartean, bulegoko lankideen artean eta bestelako egoera informaletan.

Hemen bezala, beste hizkuntza batzuetako (han, ingeleseko) maileguak esku-beteka hartzeko aro berrian murgilduta bizi dira pakistandar elebidunak, eta hain zuzen Khyber Pakhtunkhwa eskualdeko ikerle gazte batek bere erkidegoan —paxtueradunen artean— ahozko solasaldi naturaletan maileguak nola tratatzen dituzten aztertu berri du[1]. Zehatzago esateko, izenak eta aditzak fonologikoki eta morfologikoki nola egokitzen eta integratzen dituzten. Bere informatzaile batzuen iritziak ere jasotzen ditu lan horretan:

I am very proud of being a Pakhtun. I am conscious of my nationality. I am pretty concerned about my own language Pashto. I love to use Pashto while speaking to any Pakhtun, but as an educated person I don’t mind to use English when it is necessary. (Khan, 2011: 122)

Ikertzaileak nahita galdetzen zien berriemaileei zergatik erabiltzen dituzten ingelesezko hitzak paxtueraz ari direnean. Erantzunak, honelakoak:

I use English while talking to other Pashto speakers for the better interpretation of my feelings and thoughts. I feel easy and comfortable in conversation by mixing two languages. (Khan, 2011: 122)

Paxtuerak euskarak baino gizarte presentzia askoz ere zabalagoa badu ere —adibidez, Iparraldea hartzen badugu kontuan—, halere, Iparraldeko gaurko euskaldun askoren hizkuntza jarrerak bat datoz Khan-ek bere lanean jasotzen dituenekin, eta, hizkuntza kontuetan sartuta, baita maileguak hartzeko garaian erabiltzen dituzten estrategiak ere. Adibidez, aditzei begiratzen badiegu, edadeko euskaldunek erraz integratu izan dituzte frantsesezko aditzak euskarazko solasaldietan, -(a/i)tu atzizkiaren bidez. Frantsesezko partea (aditz erroa) frantses ortografiaren arabera dator gure adibide hauetan: [choqu-atu] (fr. choquer), [exprim-atu] (fr. exprimer), [anonç-atu] (fr. anoncer), [tent-atu] (fr. tenter), [insist-atu] (fr. insister), [nomm-atu] (fr. nommer), [tutoy-atu] (fr. tutoyer), [débloqu-atu] (fr. débloquer), [embêt-atu] (fr. embêter), [contourn-atu] (fr. contourner), [transmett-atu] (fr. transmettre), [dissip-atu] (fr. dissiper), [distribui-atu] (fr. distribuer), [correspond-atu] (fr. correspondre), [modernis-atu] (fr. moderniser), [install-atu] (fr. installer), [accept-atu] (fr. accepter)…

Batzuetan aditz erroa ez da erabat frantses ahoskeraren arabera ahoskatzen; beste batzuetan, berriz, oso-osorik, eta beste batzuetan, erdizka. Frantsesaren eta euskararen fonologia sistemak gaztelania-euskararenak baino urrunago daude, hotsen arteko distantzia fonologikoagatik, baina halere erraztasun handia erakusten dute frantsesezko aditzak (izenak ere berdin) mailegatzerakoan. Gertatzen dena da horiek eta horiek bezalakoak ez direla hiztegietan agertzen. OEH-n datozenak mailegu zaharrak dira: biratu ‘itzuli’, errepartitu ‘banatu’, turnatu ‘(dirua) itzuli’, lantzatu ‘abian jarri’, erreglatu ‘(tresna bat) erabili’, kontserbatu ‘gorde, mantendu’, partaiatu ‘partekatu’ eta abar. Baina horietako adibide bakoitzak ere noizbait egin du bere bidea, euskal(dunen) hiztegian sartu arte…

[1] Khan, Arshad Ali. 2011. Azad Jamu & Kashmir-eko Unibertsitateko (Pakistan) tesi argitaragabea.

Erantzun bat “Euskal hitzez” bidalketan

  1. Eskerrik asko oharragatik, oso interesgarria egin zait.

    Aspaldi entzun nuen antzerako zerbait gertatzen dela Senegalgo wolof hizkuntzarekin, antzerako egoera soziolinguistiko batean dagoela. Suposatzen dut Europatik kanpo leku askotan gertatzen dela egoera diglosiko hori, agian uste duguna baino gehiagotan.

    Ze pozgarria litzatekeen norbaitek mota horretako albiste gehiago ekarriko baligu! Finean, ez gara hain arraroak (edo hori pentsatzetik abiatu behar dugu).

    Mila esker!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude