Asier Larrinaga Larrazabal
Adin batetik beherako euskaldun zaharren artean, deriba kezkagarri bat igarri dut azkenaldian, nik euskararen desafektua deritzodana. Lehengoan, desafektu horren arrazoi bat aztertu nuen: euskaldunak inguratzen dituen euskararen sinesgarritasunik eza. Post honetan, euskaldunei eskaintzen zaien euskararen funtzionaltasunaz arituko naiz, eta hurrengorako utziko dut arazoaren hirugarren korapiloa, adierazkortasuna.
Funtzionaltasuna esaten dudanean, erabilera-eremuak dauzkat gogoan. Bilbo Handian ―nire bizitzaren zatirik handiena hor egiten baitut―, zenbat eremutan zait euskara erabilgarri? Balantze moduko bat egitera noa, euskarak galdu dituen eremuak, irabazi dituenak eta eskueran dauzkanak aintzat hartuz.
GALDUAK
Euskara hizkuntza hila da toki-izen berriak sortzeko. Ezaguna da hiriburutik hurbileko hondartzei zelan aldatu zaien izena; mendiei, beste horrenbeste. Alferrik da erakundeek euskararen aldeko ahalegina egitea, Zubizuri edo Isozaki Atea nekez piztuko baitira bilbotarren ahotan pasarela de Calatrava edo torres de Isozaki-ren kaltetan. Uri Zaharrean bada taberna bat, Zazpi Bide, bide-gurutze batean dagoena beste hainbat tabernaren ondoan. Jende mordoa erakartzen duen toki horri deitzeko aukera polita zen Zazpi Bide ―lepoa jokatuko nuke taberna bataiatu zutenek bide-gurutzearen irudia zeukatela gogoan―, baina El Triángulo zabaldu da oraintsu. Bihoztunen batek Hiruki gunea idazkuna jarri du horma batean, kartoizko kartel dotore batean. Susmoa dut bertan fosilduko dela euskarazko izena.
1970eko hamarkadara arte, euskararen babestokia ―sanctuary esango lukete ingelesez― baserria zen. Egun, lehen sektorearen teknifikazioak eta ―oroz gain― euskara lanbide-heziketatik ia erabat erbesteratuta egoteak baserritar eta abeltzain modernoak euskaraz moldatzeko gai ez izatea ekarri dute. Txorierriko mahastizainek orain hamarkada batzuk baino txakolin hobea egiten dute, baina nekez esango dute aihen, muztio, legamia, hartzidura… Ederto asko ―gaztelaniaz dihardutela ― coupage, monovarietal, despalilladora… Ez noa adibideak luzatzera Oñatiko Artzain Eskolan ikasitakoekin edo beste zernahirekin.
Beste galera bat: Bilboko Uri Zaharreko elizetan ez dago euskarazko mezarik. Meza elebidunen bat badago, baina euskara hutsezkorik ez. On Klaudio Gallastegik burua altxatuko balu! On Klaudiok Bilboko ―eta Euskal Herri osoko― euskaltzaletasunaren epizentro bihurtu zuen San Antongo igande eguerdiko euskarazko meza 1970eko hamarkadan. Gizarte gero eta sekularizatuago honetan, ez dirudi hutsune handirik utzi duenik.
Oro har, galeren aldean jarri ditudan eremuak ez dira, itxura batean, gauza larriegia, baina esan beharra dago galerak gero eta nabarmenagoak direla, eta itzulezin diruditela.
IRABAZIAK
Irabazietan, pisu handiko hiru eremu daude: administrazioa, hezkuntza eta hedabideak. Nahiko dira hirurok balantzea positibotzat jotzeko, teorian behintzat. Egiazko panorama, ostera, etsigarria da. Euskara ikasgelara sartu da, baina hor barruan geratu da zerratuta, jolaslekura irten barik. Hedabideei dagokienez, berdin. Gero eta gehiago dira euskarazko kazetak, telebistak eta irratiak; berorien audientzia, baina, gero eta txikiagoa. Euskara paperean eta uhinetan harrapatuta dago, euskaldunei erakargarri edo interesgarri ez zaien eskaintza batean katigatuta.
Zorionez, badago hori baino gehiago, jendearen ekimenak aurrera atera duen eremu oso bat: mundu zibernetikoa. Ez gara jabetzen zenbat zor diegun era guztietako aplikazioak, programak eta sistema eragileak euskaratzen jarduten dutenei. Izan ere, ziberespazioko arrakasta izango da irabazirik pisuzkoena. Edozelan ere, sintomatikoa da bakarkako eremu bat izatea, euskara agerira ateratzen ez duena.
ESKUERAN
Optimista naizenez gero, egingarrien zutabean jarriko ditut lehengo batean haur eta gazteen aisialdirako zirriborratu nituen aukerak.
Gauza bera egingo dut hizkuntza-paisaiarekin; egingarrien zutabera. Bilbon eta inguruko herrietan, hutsaren hurrengotzat jo daiteke euskarari espazio publikoan egiten zaion lekua, erakunde ofizial eta publikoen salbuespentxo lotsatuak salbuespen. Ez dut itxaropena galtzen, hala eta ere, Iparraldean Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Moneta elkarteak saltokietako kartelak euskaraz jartzeko helburuarekin sinatu duten hitzarmena ikusita. Beharbada, egunen batean, argiren bat piztuko zaie Bizkaiko Ostalarien Elkartekoei, Uri Zaharreko Merkatarien Elkartekoei edo besteren batzuei Bilbon eta inguruetan antzeko ekimen bat aurrera ateratzeko. Nolanahi ere den, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen gaineko ganorazko dekretu batek asko konponduko lituzke gauzak.
Zerrenda ixtearren, eskueran dugu, halaber, irismen eta ikusmira zabaleko kultura- eta hizkuntza-errepertorioa osatzea gure gizartean. Ia behar ez den sasitzan sartu barik azaltzen dudan kontu hau. Latinoamerikanizatu egin gara. Ez musikan bakarrik; baita beste kultur adierazpen askotan ere. Eta latinoamerikanizazioaren eskutik, gure errepertorio-premiak murriztu egin dira, gaztelania aski bihurtzeraino. Orain hamarkada batzuk, esate baterako, Europatik etortzen zitzaigun musika, ingelesez, frantsesez, italieraz, alemanez… Horrelako ingurune eleaniztun batean, euskarak errazago izango luke bere nitxoa egitea. Shakira, Violetta, Carlos Baute, Amarte así, Frijolito, Isabel Allende, Yo soy Betty, la fea… asebetegarri zaizkigun neurrian, euskara alferreko zaigu.
Oraingoz, atal honetako eremuak erdararen aldean daude. Borondate politikorik ez badago, herritarrak kontzientziatzen ez badira, hor segituko dute.
BALANTZEA
Balantze orokorra negatiboa da. Euskara oso eremu gutxitan da erabilgarri eta, erabilgarri den eremuetan ere, derrigortasuna, bakarkakotasuna, glamourrik eza eta halako zamak daramatza. Euskara erabilgarri ez bada, hiztunari funtzionala ez bazaio, ez da harritzekoa desafektua.