Artxikoak hilabeteka: iraila 2014

Marta Merajver-en hitz batzuk

Fernando Rey Escalera

Marta Merajver esperientzia handiko itzultzailea da, idazlea ere bai. Argentinan bizi da, eta, berriki, El Ulises de James Joyce: una lectura posible argitaratu du. Txikitatik eginkizun zirraragarria iruditzen zitzaion itzulpen-lana.

Elkarrizketa bat irakurri nion orain dela hilabete batzuk, eta interesgarriak iruditu zitzaizkidan Martak esandako gauza batzuk. Erantzun honetan, zeresan asko ematen duten bi gai aipatu ditu: bata, itzulpen-lana zenbateraino den edo izan behar duen liburuaren bertsio bat; bestea, zer egin behar duen itzultzaileak jatorrizko liburua gaizki idatzia dagoenean.

Batean zein bestean, itzultzaile-lanaren irudi bat proposatzen digu: itzultzaileak zubi ikusezin bat izan behar du, oharkabean pasatu, eta egileari hitz egiten utzi.

Dena dela, hemen utziko dizuet elkarrizketa horretan irakurritakoa, neronek itzulia gaztelaniatik, eta balio diezazuela gogoetarako, niri balio izan zidan bezala. Iritziak, gero, libre. Eta eztabaida, jeneralean, aberasgarria.

Batzuek uste dute itzulpena ia-ia liburuaren beste bertsio bat dela, beste idazle baten lana. Zuri zer iruditzen zaizu?

-Uste dut ez lukeela hala izan behar. Itzultzaileak gordean egon behar du, oharkabean pasatu, eta egileari bere ahotsez hitz egiten utzi. Kontua da hizkuntzen arteko desberdintasunek, bai kulturalek bai egiturazkoek, zenbait distortsio egitera behartzen gaituztela, ezin baititugu helburu-hizkuntzaren mugak hautsi, baina ahalik gehiena egin behar dugu egileari traiziorik ez egiteko. Egileak zerbaitengatik erabaki zuen hitz bat eta ez beste bat, eraikuntza gramatikal bat eta ez beste bat, esamolde edo hitz-segida jakin bat. Nire iritziz, itzultzaileak zubi ikusezin bat sortu behar du egilearen eta irakurlearen artean, eta, egia esan, hori ez da lan makala. Cien años de soledad liburuaren ingelesezko bertsioa harribitxi bat da, eta ohartu ere ez zara egiten itzulpena dela. Bestetik, maiz ikusten duzu obra bat oso gaizki egina dagoela; halakoetan, “hobetu” behar duzu liburua? Nik uste dut ezetz. Hori bai, jakin behar duzu jaso zenuen bezala uzten baduzu irakurleek zuri aurpegiratuko dizkizutela egilearen akatsak.

Iruzkin 1

Fernando Rey atalean

Lotsaizuna, 2001-2011

Isabel Etxeberria Ramírez

Ariketa polita iruditu izan zait beti hitzen erabileraren arrastoei jarraitzea. Egun batean konturatzen zara halako hitza —halako nobelan irakurri zenuena duela ez asko, eta ezezaguna edo ezohikoa zitzaizulako begira jo zizuna—, halako zutabegileak erabili duela bere eguneroko testuan. Handik gutxira hirugarren egile baten blogean agertuko zaizu delako hitz hori, eta hurrengoan laugarren baten txio batean. Hitzen berraurkikuntzak, zabalkundeak eta erabilera-modak fenomeno misteriotsuak dira. Nola uler daiteke, adibidez, azken urte hauetan begitandu hitzarekin gertatzen ari dena? Ziur naiz corpusen laguntzaz erraza litzatekeela hitz horren baturako berraurkikuntzaren bideari jarraitzea: zein mendebaldetar idazle edo kazetari garaikidek (ber)erabili zuen zein testutan lehenengoz; zer unetan egin zuen salto hitzak literaturatik prentsara, edo prentsatik literaturara, edo literaturatik sare sozialetara; zenbat hilabete edo urte behar izan diren Mendebaldekoak ez diren hiztunak hitzaren exotikotasunaz jabetu eta haiek ere (ondo edo gaizki) erabiltzen hasteko…

Batzuetan euskalki batek beste hiztunen belarrietan piztutako lilurak eragiten ditu halakoak. Beste batzuetan berrikuntzak izaten dira, nahitakoak zein laprast batetik sortutakoak (aix, ramegante dotore hura!, nik ikusten nizkion aukerak, ba, baina bidean galdu zitzaigun). Askotarikoak dira sorburuak eta pizgarriak. Eta horietako bat, beste hizkuntza-fenomeno askotan gertatzen den bezala, itzulpena delakoan nago: itzultzaileek erdal testuak euskaratzean testuok ezartzen dizkieten zailtasunei erantzun nahian proposatzen dituzten (ber)aurkikuntzak.

Aspalditik dut gogoa horrelako hitz bati arrastoa jarraitzeko, eta gaurko post hau erabiliko dut horretarako. Zuzenean, eta aurretiko probarik gabe. Itzulpen lan batek egindako ekarpen zehatz bat nola hedatu den aztertzen saiatuko naiz, Egungo Testuen Corpusa erabiliz.

2004. urtean, J.M. Coetzee hegoafrikar idazlearen nobela bat argitaratu zen lehenegoz euskaraz, Elkar argitaletxean, Oskar Arana blogkidearen itzulpen lanari esker. Disgrace zuen izenburu jatorrizko testuak, eta euskarazkorako Lotsaizuna aukeratu zuten. Ingelesezko Merriam-Webster hiztegiak honela definitzen du disgrace hitza:

1               a :  the condition of one fallen from grace or honor
                b :  loss of grace, favor, or honor

2               a source of shame <your manners are a disgrace> <he’s a disgrace to the profession>

Euskaraz desohore, lotsa, ahalke, ahalkeizun, laido edo lotsaizun, Elhuyar eta Morris hiztegien arabera. Gaztelerazko itzulpenerako Desgracia erabili zuten (deshonor edo deshonra egokiagoen kaltetan), eta eztabaidatxoren bat piztu zuen erabaki hark, Idoia Santamaríak duela gutxi argitu zigunez. Frantsesez ere gazteleraz bezala jokatu zuten: Disgrâce.

Nik lehenengoz irakurri nuen lotsaizun hitza 2004. urte hartan. Ez dut uste bakarra izan nintzenik. Eta harrezkero gero eta gehiago irakurri dudalako susmoa dut. Nobela ezagun bateko izenbururako hitz orain arte ezezagun samarra aukeratu izanak hitz horren erabilera bultzatu zuela uste dut, alegia. Eta Egungo Testuen Corpusa erabiliz saiatuko naiz susmo hori egiaztatzen.

ETCk 2001etik 2011ra bitarteko testuak jasotzen ditu une honetan. 204,9 milioi hitz guztira, prentsatik eta literatura lanetatik jasoak gehienak. Testu itzuliak zein zuzenean euskaraz sortutakoak. Bilaketa egin dut, bada, honako erabaki hauek hartuta:

  1. Hiru multzotan banatu ditut emaitzak: literatura itzulia, euskaraz sortutako literatura eta prentsa.
  2. Bi datu mota jaso ditut: zenbat agerraldi dituen hitzak, batetik, eta agerraldi horiek zenbat testutan biltzen diren, bestetik.
  3. Bazter utzi ditut Lotsaizuna nobelaren literatur kritika eta abarretan eginiko izenburuaren aipamenak.

Hona datuak:

laukia

 

Eta testu kopuruak diagrama gisa adierazita

grafikoa

Onartu beharra dut: emaitza ikusgarriagoak espero nituen. (Lehenago ere esan dut: aurretiko probarik gabe egin dut bilaketa, post hau idatzi ahala, eta atzera egiteko asmorik —eta astirik— gabe).

Eta, hala ere, datuak interpretatu eta ondorio batzuk atera daitezke:

  1. Hitzaren erabilera ia hutsaren hurrengoa zen euskal idazleen literatur lanetan Oskar Aranaren itzulpena argitaratu aurretik, eta zertxobait handiagoa harrezkero.
  2. Hitzaren erabilera nabarmen handiagoa izan da hamar urteotan itzulpenetan euskal idazleen literaturan baino.
  3. Erabilera proportzioek modu paraleloan egin dute gora eta behera literatura itzulian eta ez itzulian (marra urdina eta gorria paraleloak dira, eta behin baino ez dira gurutzatzen).
  4. Prentsan gorakada handia izan du hitzaren maiztasunak 2008tik aurrera. Egia da erabilera zehatz batek pisua izan duela (lotsaizunaren/lotsaizuneko harresia), baina ez erabakigarria izateraino: azken lau urteetan lau testutan erabili da termino zehatz horretan.
  5. Guztizkoei erreparatuz gero, erabilera handiagoa nabari da 2004tik aurrera.

Bistan da ezin dela ondorio erabatekorik atera (edo ez behintzat nik nahi eta espero nuen bezain erabatekorik), baina joera apalak identifikatzeko balio dute datuok: lotsaizun hitzaren erabilera ez behera, ez berdintsu; gora egin du azken urteotan. Coetzeeren itzulpenaren eragina ote den, frogatu gabe geratu beharko da. Oraingoz eta ziur aski betiko.

Iruzkin bat utzi

Isabel Etxeberria atalean

Metafora hilak

Maialen Berasategi Catalán

1967-1968ko ikasturtean, Borgesek poesiari buruzko zenbait hitzaldi[1] eman zituen Harvardeko Unibertsitatean. Besteak beste, metaforei buruz aritu zen, eta eman zituen adibide batzuk txit ederrak eta jakingarriak:

Gogora ekartzen saiatuko naizen metafora ugarietan lehena Ekialde Urrunetik dator, Txinatik. Oker ez banago, txinatarrek hamar mila gauzak deitzen diote munduari, edo –itzultzailearen gustuaren eta apetaren arabera– hamar mila izakiak.

Hizkuntza oro dago metaforaz betea. Baina, Borgesek hitzaldi hartan esan zuenez, batzuk bizirik daude, irudizko zentzuari argi eta garbi eutsita; beste batzuk, aldiz, hilik, irudizko zentzua galtzeraino ihartuta.

Ez dakit txinatarrek hamar mila gauza –edo izaki– irudikatzen ote dituzten munduaz mintzatzen direnean, baina susmoa dut hiztunok askotan ez garela askorik ohartzen zeinen metaforikoak diren barra-barra erabiltzen ditugun hitz batzuk. Niri neuri, beti gustatu izan zaizkit zurtu eta harritu, pare bat adibide aipatzearren. Ezustekorik ezustekoena izanda ere, inor ez da harrizko bihurtzen, Medusaren begirada hilgarriak jota, baina, hala ere, eder-ederra da metafora.

Eta, oharkabean joaten direnekin segituz, zer esan zabalkuntza semantikoaz. Iragan uztailean bertan jakin nuen, Berria-ren estilo-liburuaren txio bat irakurrita, nondik zetorren izerdi-patsetan egote hori. Orduan bai gelditu nintzela zur eta lur! Ez bakarrik pats horren jatorriaren berririk ez nuelako, baizik sekula ez niolako neure buruari galdetu ere egin zer esan nahi ote zuen hitz horrek benetan.

Hartzen dugu adiera jakin bat duen hitz bat, hasten gara erabiltzen beste zerbait ere izendatzeko, eta, ohartzerako, ahaztua dugu zer esan nahi zuen hasieran. Edo hartzen dugu zenbait esanahi zituen hitz bat, hasten gara adieretako batean bakarrik erabiltzen, eta ahazten zaizkigu beste esanahi guztiak. Hizkuntz prozesu natural askoak biak.

Eta ez dakit nola izango den beste hizkuntzetan, baina, euskaraz, euskaraz eta gaur, irudipena dut –nahiko seguru nago– bizimodu moderno kaletar honetan hazitako belaunaldioi etengabe gertatzen zaigula hori; bereziki –patsaren ildoan–, beste garai eta bizimodu ez hain urrunekoetako hitzen zabalkuntza semantikoekin. Burura datozkit, esate baterako, alor, jorratu, ardatz, ataka eta uztartu. Burura datozkit, halaber, eguzkiarenak ez diren printzak –egurrarenak, adibidez– eta izpiak –ile-izpiak…–. Orain dela ez hainbeste, batzuk hasi ziren telefono mugikorrari segapoto esaten ere –ez dakit azkenean bidea egin ote duen erabilera horrek, baina badakit askok orduan ikasi genuela zer zen segapoto bat–. Eta egongo dira beste hamaika adibide, sarri oharkabean joaten zaizkigunak.

Adi samar egon behar –edo memoria zorroztu behar–, metafora hilen poesia ezkutuari antzeman ahal izateko.

[1] Entzun nahi dituenak hementxe du aukera: http://www.openculture.com/2012/05/jorge_luis_borges_1967-8_norton_lectures_on_poetry_and_everything_else_literary.html

2 Iruzkin

Maialen Berasategi atalean

Sotanak eta bestelako gonak

Bego Montorio Uribarren

Lanbide zaharra da itzulpengintza; zaharrenetako bat seguruen, ahozko jardunari erreparatzen badiogu. Gaur egungo aldibereko itzulpenaren edo interpretazioaren hastapenak 1945-46an kokatzen dituzte liburuek, Nurenbergeko prozesuan hain zuzen, baina auskalo zenbat gizon eta emakume arituko zen, hori baino lehen, ahozko mezuak hizkuntza batetik bestera pasatzen, trujaman zereginetan. Baita euskaraz ere; dokumentaturik dago, esaterako, Pierre de Lancrek sustatu sorginkeriaepaiketetan –XVII. mende hasieran– euskara-frantseseko interpreteak egon zirela, alabaina, lepoa egingo nuke haiek ez zirela izan lehendabizikoak.

Noizbait, beharbada, jakingo dugu nortzuek egiten zuten hizkuntza-bitartekotza urruneko herrietatik etorritako merkatariekin (sosaren hizkera toki guztietan bat bera izan arren, hiztun eleanitzen beharra izango zutelakoan nago). Edota nola ikusten zituen jendeak gure aitzindariak: traidore?, laguntzaile? Ba ote zen, lehenagoko garaietan, bizimodua jardun horretatik ateratzen zuenik?

Galderak ez dira falta, idazteke eta idazteko dugun historia luze horretarako; ez naiz, ordea, hain atzera joango, iragan hurbilean geratuko naiz.

Nor da Nor datu-baseak[1] EIZIEko ohorezko bazkideen bio-bibliografiak jarri berri ditu sarean, eta horiei begira ibili naiz egunotan, XX. mende hasierako euskal itzultzaile aipagarrienak nor ziren-edo jakin guran. Eta begiratzen hastearekin batera, datu batek egin dit kosk: EIZIEk izendatu dituen 51 ohorezko bazkideetatik bi baino ez dira emakumezkoak, Maria Dolores Agirre eta Maritxu Urreta, biak antzerki itzulpenetan aritutakoak. (Esker bereziak zuei, Maritxu eta Maria Dolores).

Datu berriagoek gizon-emakumeen proportzio guztiz bestelakoa agertzen dute: 2006an SIADECOk egin zuen ikerketan, galdetegiari erantzun zioten 220 itzultzaileetatik %50,5 emakumezkoak ziren; EIZIEko bazkideen artean (ohorezkoak salbu), %56 gara emakumeak, eta EHUko itzulpengintza ikasleen gehiengo erabatekoa neskak dira.

Oso irudi desberdina, beraz, azken estatistikek eta ohorezko bazkideen zerrendak erakusten digutena: batean, erdia baino gehiago emakumeak, bestean berriz, bi emakume eta 49 gizonezko; horietatik 26, apaiz edo fraide. Bitxia koadroa: 26 sotana, 23 praka eta bi gona.

Egia da mendebaldeko emakumeon egoera ikaragarri aldatu dela azken hamarkadetan. Egia da, halaber, Biblia dela Europa-Ameriketan gehien itzuli den liburua (batzuek diote mundu osoko itzuliena dela), eta ukaezina da horrek itzulpengintzan oro har izan duen eragina; gurean, Elizen Arteko Biblia eta liturgia euskaratzeko egin duten lan handia errekonozitzeko izendatu zituen ohorezko zenbait bazkide EIZIEk 2002an. Eta gogoan hartzekoa da eliz gizonek XX. mendeko (lehen erdian gehienbat) euskal kulturan izan duten garrantzia. Nolanahi ere, zeharo harritzen nau itzulpengintzaren estanpa horrek, non sotanak diren nagusi.

Esango nuke begiratzeko moduek ere badutela zerikusirik. Eta hori diodanean ez naiz ari jasotako informazio horren irakurketaz (nik neuk generoaren elementua baino ez dut kontuan hartu, nahiz beste irakurketa ugari egin ahal eta behar diren, denak baititugu beharrezko: zer testu mota itzuli zituzten, norentzat, noren eraginez…). Errealitateari begiratzeko moduaz ari naiz. Kontziente izan ala ez, nork bere heziketa, kultura, interes eta abarren arabera bideratzen dugu begiratua, eta hala, aurrean mundu bera izan arren, ez dugu denok gauza bera ikusten: batentzat figura nagusi agertzen den hori, fokoz kanpo gera daiteke beste batentzat; batek orban lausoa baino ikusten ez duen tokian, zehaztasun handiko irudia antzeman dezake ondokoak.

Argiago esanda: ondo legoke euskal itzulpengintzaren garai horri berari beste begi batzuekin ere begiratzea; seguru nago oraingo argazkian azaltzen ez diren asko agertuko litzaizkigukeela.

A! Eta soinu apur bat jarri nahi badiozue testuari, hemen duzue Imanol, Koldo Izagirreren testua kantatzen: …Nire euskaltasuna liburu bat da, eta ez du sotanarik

[1] Asteartean, irailak 16, aurkeztuko da webgunea jendaurrean, Donostiako KM Kulturunean.

Iruzkin bat utzi

Bego Montorio atalean

Ikusi eta ikasi

Igone Zabala Unzalu

Uste dut edozein euskaldunek esan lezakeela ikustea eta ikastea oso gauza diferenteak direla, nahiz eta ikusteak ikasten laguntzen digula ere esan lezakeen batek baino gehiagok. Esanahi konposizionalari begiratuko bagenio, erakutsi ‘ikusarazi’ eta irakatsi ‘ikasarazi’ ere jarduera mota desberdintzat joko genituzke. Nolanahi ere, maiz entzun edota irakur ditzakegu honelako esaldiak:

Ez naiz hona etorri inori erakustera euskara maitatzen.
Amak erakusten die janaria bilatzen.
Euskara erakusten du.

Euskaltzaindiaren Hiztegira jotzen badugu, hiru adiera aurkituko ditugu erakutsi sarreran.

1 Ikusarazi, begien aurrean ipini; ikusten utzi: …Gorputz zuria biluzik erakutsi zionean. Idatzi nion gutuna bere emazteari erakutsi ziola
2 (Gauza abstraktuez mintzatuz) Guregana erakutsi duzuen leialtasunagatik.
3 Zerbait egiteko jakituria edo trebetasuna eman. Ez dakienari erakutsi.

Hizpide dugun hirugarren adiera hori jasota dago baita Orotariko Euskal Hiztegian, eta ohar hau darama: «Menos usado en esta acepción, aunque encontramos testimonios de todas las épocas y dialectos.». Hortaz, euskararen hizkera desberdinetan ondo sustraitutzat har daitekeela dirudi erakutsi aditzaren adiera ez konposizional hori. Nolanahi ere, erregistro berekotzat hartuko genituzke gaur egun irakatsi eta erakutsi testuinguru berean erabilita? Duela gutxi sortutako adiera balitz, ez ote genuke hartuko erakutsi aditzaren adiera hori estilo zaindutik baztertzekotzat edota “kalko okertzat”?

Kontu honek gogorarazten dit unibertsitatean euskaraz ikasten hasi nintzenean Gaur ez dago eskolarik edota Lau eskola-ordu ditut entzuten nuen bakoitzean berehala burura etortzen zitzaidan txikitako esperientzia bat. Izan ere, nire txikitako ingurune erdaldunean ohikoa zen zenbait umek “Hoy no hay escuela” eta antzekoak esatea. Eta ohikoa zen baita baten batek berehala erantzutea “Escuela si pero clase no” leloarekin. Zalantzarik ez dago gaztelaniaz eskola gutxiko hiztunen hizkerakotzat hartuko genituzkeela halako esaldiak. Euskaraz, ordea, bestelako ibilbidea izan du eskola izenak. Aitzakia modura erabili nahi izan dut gogoeta txiki hau agerian uzten saiatzeko “hizkuntzaren zaintzaileek” adiera edo erabilera bat estigmatizatzeak (edo ontzat emateak) erabateko eragina duela hiztunok hizkuntza-baliabide jakin bat zuzentzat edota estilo zaindukotzat edukitzeko.

Iruzkin bat utzi

Igone Zabala atalean

Gatzik gabeko ogia bezala

Iñaki Segurola

Honako jardun honek ez dio ezertan lagunduko itzulpenetan eta itzulminetan ari denari.

Aditu nahi lukeenari adierazi nahi litzaioke nolaz sentitzen garen batzuk euskarazko bihotz-belarrien alderditik.

Orobat erakutsi nahi nuke ez naizela ari iritzi pertsonalen zorrotik, baizik-eta sentiera inpertsonal baten zakutik.

Nere sasi-kalkuluen arabera, milakatxo batzuk gara sentiera bihotz-belarrizko honetan partaide garenok.

Pentsaera hiritar eta parahiritarretik, kulturmundu belarri-moztaka eta bihotz-estutik, “anti-intelektualismo” izenez gaitzesten da gure zakuko sentiera hau.

Pentsamendu (para)hiritar buru-begizkoak ezin adi lezake sentiera inpertsonal batean ezin egon litekeela inolako ismorik, ez gaitzestekorik eta ez onestekorik.

Ni kulturmunduarekin gero-eta etenago eta sorrago nago, baina halere kulturgauzek kutsatuegia nago.

Hargatik dakart beste ahots bat hona, nerea baino xinpleagoa eta, beraz, argiagoa eta gehiago balio duena: bihotz-belarrietatik ni baino garbiroago mintzo dena.

Pasaiako deserritik ari zaigu Iosu Salegi Uztarria deritzan Azpeitiko aldizkariaren uztaileko alean, eta Pasaia dioenak ia edozein euskal herri edo hiri dio.

(Oraindik ere honi Euskal Herri deitzen diote askotxok, baina gure zakuko jendea zinki eta minki ohartzen da hobeko genukeela Euskal Deserri deitzea, salbuespenak salbuespentxo.)

Jar gaitezen Iosu Salegiren esanak entzuten:

Pasayen lanien jardutie tokau zat azken denboran, eta hamen jendiek euskeraz dakibenak batuan eitebe geyenak; beste batzuk juxtu hitzeitebe, ta beste batzuk batez. (…)

Nahi detena adierazi da ze ear dan bixitasun hori, freskurie, hitz gutxikin entenditzeko moue (…). Naon lekuen gustoa bizi naiz, baño nere barrenien beti dao herriko txispa hori erten nayen bezela; ta ertetzeu askotan, baño iruitze zat hor beste era batea entenditze geala. Ta konturatze naiz nere euskerie, etxien ta herriyen ikixi nun hori dala benetakue ta biziye. Ta periodikotan, liburutan ta denboriekin ikixten jun nitzen hori, berriz, beste euskera desberdin bat dala, eta hor murgildute ta galdute sentitzeala nere barreneko parte bat. 

Euskera batua inportantie dala ta hori dana badakit, baño intelektualtzen ai geala iruitze zat sarritan, batipat komunikabidetan ta, euskerie nortasunik peko gauze bat bezela ibiltze deula, naturaltasune ta benetako inderra galduiez. Hori kalien imitatzen hasten bagea, orduntxe aspertuko gea danok, ta gatzik peko ogiye bezela geauko gea azkenien. (Letra lodituak neuk lodituak dira.)

Honako jardun honek ez dio ezertan lagunduko itzulpenetan eta itzulminetan ari denari, baina ehunkatxo batzuei poz pixkat emango dielakoan nago.

18 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

Goxokiaren bilgarria

Koro Garmendia

Testuen edukia era batera edo bestera lantzen dugunok emaitza hori jendarteratzeko orduan maiz kide izaten ditugunez nahi nituzke hitz bi egin. Liburu-azoka batean nenbilela konturatu nintzen zenbateko garrantzia duen, idazle zein itzultzaileon eginahalaren fruituak hartzaileei helarazteko orduan, mami hori aurkezteko edo ikusarazteko moduak. Erosleen profila bat eta bakarra ez da, baina asko dira liburuaren itxurari edukiari bezainbesteko garrantzia ematen diotenak. Izango da, dudarik gabe, itxura bera lehenesten duenik ere.

Letraren tamaina, letra mota, maketazioa, irudiak, azala… Alderdi horiek guztiek bat egiten dute hitzei euskarria ematen diegun azken pauso horretan. Sukaldarien plater goxoak, ahoratu baino lehen, usaimenaren eta begien bidez «sartzen» diren bezala, idazten dugun oro ere itxura zehatz bat duela heltzen da irakurlearengana, eta, edukian murgildu aurretik, aurkezpen horretan oinarrituz hasten da lehen iritzi edo ikuspegia osatzen.

Erraza da proba egitea. Joan liburu-denda batera, eta ikusi jendeak aleak nola aztertzen dituen eta zer iruzkin egiten dituen. Aukeraketak egiteko orduan, izenburua eta gaia funtsezkoak dira, noski, baina xehetasunen indarra handia da oso: koloreak, marrazki eta irudiak, grafia… Teknologia berrien kasuan, webguneei dagokienez, beste horrenbeste. Irakurgaiak eta jakingaiak eskaintzen dizkigun blog hauxe bera, kasurako.

Eskerrik asko, beraz, goxokiari forma eta bilgarri egokia jartzeko lanak hartzen dituzuen guztioi.

Iruzkin 1

Koro Garmendia atalean

Bakarrik

Esti Lizaso

Gaztelaniak aspaldi finkatu zituen bere idazketa-arauak. Gaztelaniaz alfabetatua izan den orok argi izan du beti zer zegoen ongi eta zer ez; eta, inoiz zalantzarik izanez gero, bazekien nora jo erantzun bila. Ziurtasun horrek, batetik, segurtasuna eta babesa eskaini izan ditu hizkuntza idatzia erabiltzean eta, bestetik, bateratu egin ditu joerak, uniformetasuna erraztu du.

Euskaltzaindiaren gaztetasuna kontu, denbora gutxian arauak sortu, berritu, aldatu eta gehitu egin behar izan ditugu euskaran. Alfabetatze-prozesuan etengabe aritu gara, eta ari gara oraindik, arauak ikasten, desikasten eta berrikasten. Horrek, esan beharrik ez da, ezinegona eta segurtasun falta pizten ditu gugan.

Hala ere, beldur, zalantza eta ziurtasun gabeziok eramangarriagoak egin zaizkigu, inguruko hizkuntzei erreparatuta jakin baitugu azkenean gu ere hizkuntza biziek eskain dezaketena besteko egonkortasunera iritsiko garela.

Baina, batzuentzat segurtasuna izan zitekeena besteentzat zurruntasuna izango zelakoan edo, 2010eko ortografiaren eguneratzeaz geroztik, gaztelania ere zanbuluka hasi zaigu. Izan ere, guk ezagutzen genituen “arauez” gain, orain “gomendioak” gehitu dizkigute RAEkoek.

“Solo” hitza izan da adibide sonatuenetako bat. Ortografia berriak gomendatzen duenez, aurrerantzean “solo” hitzari ez zaio inoiz azentu-marka diakritikorik jarri behar. Aldaketaren zergatia ere azaldu dute, baina ez dira ausartu arautzat ematera, eta “gomendio” bezala utzi dute.

Tolerantziaren eta aniztasunaren garaian bizi garelako izango da agian, edo zuriak eta beltzak modaz pasa direlako gris-aukera zabalaren mesedetan, edo lehen jende gutxiegik eta orain gehiegik iritzia ematen dutelako, edo batek daki zergatik. Kontuak kontu, badirudi erakunde araugileak arauak zehazteko beldur direla, orain nahiago dutela “hobespenak” eta “gomendioak” bakarrik eman.

“Solo” azenturik gabe idazteko gomendatu zutenetik lau urte luze pasa dira eta emaitzak ikusi besterik ez dago: bakoitzak sudurraren puntan jartzen zaiona egin dezake, eta dena dago ondo. Eskola-liburuetan eta joera normatiboeneko idazle, zuzentzaile eta argitaletxeen artean guztiz desagertu da azentua. Baina beste askok nahiago izan dute bereizketa egiten jarraitu, eta ortografia berria indarrean sartu ondoren argitaratutako liburuetan nahiz bestelako euskarrietan “sólo” barra-barra agertu da oraindik.

Gomendioen arazo nagusia hori da: zaildu egiten duela guztiok bide beretik egin ahal izatea. Orain alfabetatzen ari direnei zer erakusten diete eskolan gomendioetara iristean? Estilo-liburu bana sortu behar al dugu eskola, argitaletxe, enpresa edo marka bereko langileen artean denek irizpide bera jarraituko dutela ziurtatzeko? Eta zer itxura emango du horrek edukia talde horretatik kanpokoa den eta irizpideon berri ez duen norbaitek irakurtzen duenean? Eta zer pentsatuko du idazketarekin harreman esturik ez duen jendeak azentu, marratxo, puntuazio eta abarren sikulu-saltsa hori ikusten duenean?

Zein da arauen ordez gomendio hutsak ematearen abantaila?

Auzi honen inguruan, itzultzaile edo zuzentzaileak ez du gomendio eta irizpide desberdinen artean dantzan ibili beste erremediorik. Gainean bezero edo nagusiren bat badu, hari men eginez. Eta bestela:

Sólo con su conciencia.

Solo con su conciencia.

Bere kontzientziarekin bakarrik.

3 Iruzkin

Esti Lizaso atalean

‘Herriko maisua, eta euskalduna’

Gorka Lekaroz Mazizior

Oinarrizko hezkuntza gutxi batzuen bereizgarri izateari utzi eta askorengana hurbiltzen hasteko urrats garrantzitsuak egin ziren gurean XVIII. mendearen erditik aurrera; Nafarroako hainbat ibarretan, urrutira gabe, 1800 inguruan agertu ziren lehendabiziko maisu laikoak. Ordura arte herri gutxi izan ziren eskoladunak; 1780-81etako Gorteek ezarri zituzten Nafarroan handik hara gorpuztu zen irakaskuntza-egituraren oinarriak.

Zoritxarrez, hezkuntza zabaltzeko asmo hark ez zuen euskara eskolaratu, ez hurrik eman ere. Ikasketa-araudietan euskarak ez zuen ez aipamenik ez arretarik merezi izan, non eta ez bazen hura erauzten ahalegintzeko, herritarren artean jakintza eta kultura hedatzekotan herritar haien hizkuntza bera trabagarri balitz bezala. Ordura arte aspaldiko euskal mintzoari eutsi zion Nafarroako eremu aski zabalean batera etorri ziren haurrak eskolan hastea eta euskararen jarraipena zartatzea: Gorraitz eta Badostain, esaterako, Iruñe ondoko herri txikiak ziren XIX. mendearen hasieran. Gorraizko abadeak 1820an adierazi zuenez, hamabost urte lehenago maisua ekartzearekin batera hasi ziren Badostainen gaztelaniaz hitz egiten.

Jimeno Jurio ikertzaile artaxoarrak jaso zuen agiri zaharretan Badostaingo adibidea, eta baita urte haietako eskolaratze-prozesuak leku frankotan eragindako hizkuntza-aldaketaren froga gehiago ere. Lizarra ondoko Deierrin, XVIII. mendearen hondarrean, eskola-umeei oinarriak irakasten hasi aurretik ‘hartzen duten lehendabiziko neurria [maisuek] euskara debekatzea da’, azaldu zuen funtzionario erdalzale batek. Neurriak hartzen zituzten haurrek euskarara jotzen bazuten, ‘adinaren arabera zigortuz’. Hurrengo mendearen amaierarako Deierriko euskararenak egin zuen.

Euskara alferreko eta are oztopo sentitu zuen hezkuntza-behar hura ez zuten, ordea, agintari arrotzek bakarrik sustatu. Herri euskaldun-euskaldun zenbaitetan ere, ezaguna da nolako irrikaz lotu zitzaizkion bertakoak haurren gaztelaniazko eskolaratzea bultzatzeari. Etxarri-Aranatzen, 1806an, bilera-deia egin zuten alkateak eta gainerako herri-agintariek; kezkatuta zeuden, mutikoek ez omen ziotelako probetxurik ateratzen maisuaren ahaleginari: gaztelaniaz jakin ez eta ez zioten ulertzen. Neurriak hartu zituzten bada, 5 eta 12 urte bitarteko gaztetxo guztiak eskolara derrigortzeko; esate baterako, herritar batek falta zirenen izenak idatzi eta alkateari jakinaraztea. Gaztelania hutsezko hezkuntza hura baitezpadako sentitu eta erabakia hartu zuten etxarriar gehienak ez ziren bilera-agirian sinatzeko gauza izan. Agian horrexegatik irudituko zitzaien egin beharrekoa egiten ari zirela.

Pentsa liteke, beraz, Nafarroako herritar euskaldunek beti utzi izan zutela eskola-asmotik bazter berezkoa zuten hizkuntza, kanpokoaren indarra eta heziketaren garrantzia antzemanda, ondorengo belaunaldien balizko ongizatearen mesedetan. Horregatik iruditu zait aipatzeko modukoa Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan dagoen 1782ko prozesu bat, 1780-81etako Gorteak elkartu eta berehalakoa.

Zaraitzuko Otsagabia ondoko Ezkarozen izan ziren gorabehera batzuk ditu kontagai. 1781ean bilera egin zuen herriko kontseiluak. Organoa nahi zuten ezkaroztarrek San Roman elizarako, eta erosteko proposamena egiteaz batera organo-jole lanpostua sortu zuten. Ordurako bazterrak harrotuz zihoan heziketa-beharraren haizeak eraginda beharbada, organojolea aldi berean herriko maisu izan zedila erabaki zuten. Ez da harritzekoa: leku askotan egokitu ohi zitzaizkion pertsona berberari bi zereginak. Basaburu Txikiko Labaienen, esaterako, XIX. mendearen erdialdean.

Azpimarratzekoa da Ezkarozekoen hezkuntza-interes hark ez zituela neskak kanpoan utzi. Organo-joleak nesken maisu ere beharko zuen, ez mutikoena bakarrik. Prozesu hartan herrikoen ordezkari aritu zen Nicolas Munarriz prioreak argi utzi zuen nolako garrantzia zuen heziketak orduko agintari ezkaroztar zibil zein erlijiosoentzat (jatorrizkotik neuk itzulia):

‘…kontuan hartuta (…) gazteen hezkuntza eta heziera ona, zeinaren eskuetan dagoen neurri handi batean —bistakoa den bezala— herrien zoriontasuna, haren bidez lortzen baitute beste herri batzuetarako aterabidea eta haietan aitzinatze hobea…’

(Iturria: IEA, 1993 kaxa, 8. zkia [1782] -Idazkaria: Moreno)

Baina are deigarriagoa iruditu zait organo-jole eta maisu-lanerako hautagaiaren profila zela-eta hartu zuten erabakia, dagoen-dagoenean utzi nahi izan dudana, itzuli gabe:

‘…prefiriendo como es justo y razonable en la obtencion de esos empleos al hijo del lugar con respecto a los estraños y a los bascongados respecto de los que no lo son.’ (Idem)

Ez du honek esan nahi XVIII. mendeko gizon haiek euskarazko irakaskuntza eskatzen ari zirenik; baina euskararen garrantzia aipatze hutsarekin, eta maisuak haurren hizkuntza bera jakitea irakaskuntzaren mesederako zela iradokiz, senak agindutakoari leial izateaz gain, XX. mendera bitarteko Nafarroako hezkuntza-araudi guztietan baino gehiago egin zuten.

Luze jo zuen auziak, Gotzaitegiko fiskal nagusiak entzungor egin baitzien hasieran ezkaroztarren eskariei. Munarrizen temak behartuta erantzun zuen azkenean San Roman parrokiak ez zuela organoa ordaintzeko adinako aberastasunik sortzen. Urtebeteko ika-mikaren ostean, zaraitzuarren asmoaren aldeko sententzia izan zen. Ez dakit 1780 inguruko herritarrek organoa eskuratu zuten ala ez; egungoa behintzat 1913koa da. Errazagoa izango zuten nolanahi ere hura lortzea, ondorengo berrehun urteetan zehar Ezkarozeko maisuek euskaraz irakastea baino.

Iruzkin bat utzi

Gorka Lekaroz atalean

Jaki-edariak

Xabier Aristegieta Okiñena

Ingelesezko hitzen nonahiko agerpena dela-eta zabalduta daukagu kezka, ez soilik euskaldunon artean, baizik eta ingelesa ez diren gainerako hizkuntzen hiztunen artean ere. Modernotasunaren arlo guztietatik datorkigu ingelesezko hitz-uholdea: zientzia-ikerketa, informatika, sare sozialetako ohitura eta jokabideak izendatzeko hitz berriak, hedabideetakoak, eta abar.

Ez dut zalantzarik asaldura hori justifikatuta egongo dela kasu batzuetan, baina ez, nire ustez, salatzen diren guztietan; eta uste dut ingelesari aitortu beharko geniokeela bera izan daitekeela ez soilik gaur egungo mailegu-emaile handiena, baizik eta, ziurrenik, mailegu-hartzaile handienetako bat ere (ezaugarri hau askotan aipatzen da ingelesezko hitz-altxorrari buruzko azterlanetan).

Uda honetan, herrialde ingelesdun batean nintzela, kafetegi batean sartu eta arbel batean klarionez idatzitako zerrenda honekin egin nuen topo:

Espresso
Latte
Cappuccino
Americano
Mocha
Macchiato

Ez zen kafetegi italiar bat, baizik eta estilo zehaztugabeko establezimendu estandar horietako bat. Italierazko hitzen erabilera ez zen inolako tematizazio-keinu bat, baizik eta bertakoek kafe-mota ezberdinei deitzeko daukaten izendatze-era arruntaren isla. Jatetxe askotako menuetan ere (ingelesezko menuetan, esan nahi dut) jalapeño, enchilada, quesadilla eta abar aipatzen ziren.

Zer esanik ez, jaki eta edariez ari garela, frantsesezko sukaldaritza/ostalaritzatik zuzenean eta beren horretan hartutako hitzei dagokienez: sautéed (infinitiboa to sauté izaki), crème brûlée, hors-d’oeuvre, entrée, bouillabaisse, “three courses from the à la carte menu”… eta abar (frantsesezko azentu guztiekin idatzita).

Japoniako sukaldaritzak ere makina bat hitz eskaintzen ditu. Iaz, ingelesezko beste menu batean, naturaltasun osoz txertatuta agertzen ziren honakoak:

“The sushi menu includes varieties of nigiri sushi, sashimi, uramaki, futomaki, hosomaki…”

Kasu horietan guztietan, hitzak inolako ingeles itzulpenik eta esanahi-azalpenik gabe erabiltzen ziren. Ingelesezko eskubide osozko hitz bezala.

Italiar sukaldaritzak ere hitz-samalda barreiatu du, hala ingelesdunen nola geure artean. Esate baterako, zenbat aldiz ez ote garen eztabaidetan murgildu maccheroni, spaghetti, tagliatelle, rigatoni, penne, ravioli, tortellini, fettuccine, pappardelle eta gainerakoen artean dauden antzekotasunak edo aldeak argitu nahian! Hots, kasuko jakiari dagokion hitz zehatza erabili nahian. Ez digu balio guztia “pasta” delako ideia hutsak. Ez, ez: hitz zehatza ongi erabiltzen jakin nahi izaten dugu.

Berdin gertatzen da garai batean hain exotikoak iruditzen zitzaizkigun eta gaur egun aski etxeratuak (edo, behintzat, jatetxeetaratuak) ditugun zenbait fruiturekin. Kiwia, adibidez. Papaia, adibidez. Mangoa, txinatar litxiak

Nire irudipena da hizkuntza bakoitzeko hiztunok oharturik edo oharkabeki barneratuta daukagula aski absurdoa litzatekeela bilatzen ibiltzea, horrelako hitz bakoitzerako, tokian tokiko hizkuntz ordainak, aurretiaz finkatuta dagoen ordain zehatzik ez daukagunean; gehienez ere, “egokitu-edo” egiten dugu haien ortografia –ez beti oso modu koherentean, esango nuke; baina kontu hori beste artikulu baterako bezainbesteko gaia litzateke–. Jaki-edari kontuetan nahiko unibertsala dirudi beste hizkuntza batekoak diren hitzekiko abegikortasun horrek.

Bidenabar: euskal hitzek ere, gaztelaniazko menuetan behinik behin, harrera ona izaten dute: las kokotxas, el marmitako, los hongos beltza(s), el talo, la intxaursaltsa…

Eta euskararen esparruaren barrenean ere, gogoko izaten dugu jaki bakoitzari bere izena ematea, eta ez soilik osagaiak deskribatzen dituen izendapen bat (nahiz eta horretara ere jotzen dugun): pantxineta ez da “almendra eta kremazko tarta”; errusiar pastela ez da “merenge egosizko pastela”; Tolosako xaxuak ez dira “gorringozko gozagarriak”; Azpeitiko inazioek ere beren izena daukate. Egia esateko, izen berezidun gozoki ugari daukagu: merlitoiak, carolinak, jesuitak, Bergarako rellenoak (haientzat euskarazko izenik ez dut inoiz aditu), Bilbo aldeko forofogoitia xelebreak… nazioarteko klasiko diren Sacher tarta, Tatin tarta…

Ogia erostera joaten zara eta aukeran daukazu baguettea, ciapatta/ciabatta/txapata –askotariko agerpen ortografikoekin–, sopakoa, espainiar ogia, alemaniar ogia, erromatar ogia, pitta ogia

Oharmenari pixka bat eraginez, konturatzen gara oso ezagunak zaizkigun jakiak izendatzeko maileguak zenbateraino dauzkagun gure eguneroko hiztegian naturaltasun osoz sartuta: croissant, brioche, vol-au-vent/volovan/boloban (esan bezala, egokitzapen ortografikoaren gaia ez dut gaur jorratuko), chatka/txatka/txaka, kabiar… aspaldidaniko polboroiak, gâteau basque, pudding eta plum cake, modernoagoak zaizkigun brownie, tiramisù, panettone eta muffinak… azken bolada honetan hain modako bihurtu diren cupcakeak… stracciatella, cro(c)canti… (inork tutti frutti zaporea euskaratzeko premiarik sentitu al du inoiz?)… foie gras, soufflé, panaché/panatxe, crêpeak/krepeak, fondue, minestrone, paella, kebab, muesli… guztiak, hitz arras ezagunak.

Halako batean, esaten dizute Hiztegi Batuak baztertu egiten duela albondiga.

Iruzkin bat utzi

Xabier Aristegieta atalean