Juan Luis Zabala
Eginahalak eginda, ez dut aurkitu aipu zehatzik, baina behin baino gehiagotan entzun eta irakurri diet hala Iñaki Segurolari nola Patziku Perurenari hikako aditz formak batzearen aurka daudela. Ez dut inoiz ulertu, ordea, nola egon daitekeen hikako jardunaren alde eta batuaren alde dagoena hikako aditz formak batzearen aurka. Badira motiboak batuaren aurka egoteko, baita hikako hizketaren aurka egoteko ere, baina biak ontzat emanik biak uztartzearen aurkakorik ez zait bururatzen.
Hikako aditz forma batuak izateak ez du esan nahi, jakina, batuak ez diren hikako formek betiko desagertu behar dutenik, edo haien erabiltzaileei isunak edo kartzela zigorrak ezarri behar zaizkienik. Baina hikako aditz forma batuak ez al dira beharrezkoak, esate baterako, hikako hizketa erabiltzea erabakitzen den itzulpen batean, edo leku jakin bateko euskararekin loturarik ez duten euskara batuko testuetan ere, horietan hikako jardunari lekua egitea erabakiz gero?
Beste kontu bat da noiz komeniko litzatekeen forma batuak erabiltzea, eta noiz bestelakoak, norberaren hizkerari dagozkionak. Hori eztabaidatu daiteke, baina hikako aditz forma batzearen aurkako jarrera ulergaitza egiten zait, euskara batuaren eta hikako jardunaren alde dagoenaren aldetik behintzat.
Euskara batuaren arazo nagusietako bat, Fermin Etxegoienek nire ustez zuzen dioen moduan, dentsitate gutxi duela baldin bada –eta horrenbestez, lege fisiko hutsei men eginez, erakarmen gutxi–, hikako aditz forma batuen arazoa horixe bera da baina neurri askoz larriagoetaraino areagotua; hikako aditz forma ez-batuekin alderatuz gero ere, haiek baino askoz ere dentsitate gutxiago dute hikako aditz forma batuek.
Konponbide magikorik eta erabatekorik ez da izango, baina ETBn euskaraz azpidatzitako zein bikoiztutako pelikulak ikustea, horietan hikako forma batuak erabiliz, suspergarri bikaina izango litzatekeela ez daukat dudarik.
Ni paperaren alde nago; onartzen edo jasaten dut behintzat papera munduan. Ni jatearen alde ere banago, egotez eta egitez, eta erremedio gabe. Hala eta guztiz ere, eta ezin sinetsia badirudi ere, papera jatearen kontra nago.
Sentiera kontua da. Nik hikako jarduna mundu arautu horren azpitik sentitzen dut. Edo neurri kontua da: egina zegoen batasuna aski eta gehiegizkoa zen hitanoa batu gabe ere.
Batu gabeko hitanoak ederki ematen du euskaran, hizkuntzari nongotasun ikututxo bat emanez.
“Leku jakin bateko euskararekin loturarik ez duten euskara batuko testuak”: zer da hori?, nork eskatu ditu?, nork behar ditu?; gehiago: nork uste du posible dela holako zerbait? Neri nahitaez antzeman behar zait ze eremutakoa naizen, gutxigorabehera bada ere; bizkaitar bati, lapurtar bati edo zuberotar bati antzematen zaion bezalaxe; siziliano bati edo argentino bati antzematen zaion bezalaxe, italianoaren eta kastillanoaren barruan. Eta euskararik bizi ez den lekuetan, ba zein den irakaslea edo non ikasi duen, eta halakoxea aterako da. Zer gertatzen da?, non dago arazoa? Jendearentzat ari gara edo makinentzat? Noraino itsutzen ditu gizabanako batzuk Arau Bakarraren obedimentuak? Eta nolaz uztartzen dira zenbaiten gogoan desobedientzia zibila eta obedientzia akademiko zeharokoena?
Sentiera kontua da. Entzun bertsotan “zagok” Durangoko Elortzari, eta trixtura sentitzen dugu, edo obedimentu txepelaren ustela, edo paperaren gustua (zer den bageneki); entzun bertsotan “yagok” Larrabetzuko Lekueri, eta poz hartzen dugu. Hizkuntza sentitzeko erak daude: ez dago beste koskarik.
Oso ondo ulertzen diat bertsolariena, Iñaki, eta hor ez nauk sartuko orain, baina nik idatzizko testuak nitian batez ere buruan (barka “nitxian” ez jartzea, baina hiri arrazoia ematea izango lukek, inork edukitzerik ez duen hori, badakik). Eman dezagun idazle batek Karlovy Vary, Tegucigalpa, Ciudad Real, Mont-le-Marsan edo Ouagadougouko narratzaile baten ikuspuntutik kontatu nahi duela istorio bat (“bai gauza txoroa eta alferrikakoa” esango didak, noski). Pertsonaiak hika hizketan jartzerakoan, bere herriko aditz formetara joko dik? Batuaren beharra are argiagoa duk, nire ustez, itzulpenetan. Nobela bat edo hikako aditz formekin hobeto legokeen edozein testu itzultzean (bai gauza txoroa eta alferrikakoa hau ere, ezta?), “ez zauzkatek” ordez “etzauzkeiabe” jarriko diat, edo “etzauzkeiebe”, edo “etzauzkeibe”, edo “etzaukeitxiabe”, edo “etzauzkeitxiebe”, “etzauzketxibe”… beste itzultzaile batek “etzazkatek”, “etzauzkatek”, “ez zazkatek” edo auskalo zer jarriko lukeen lekuan? Nik behintzat orain aipatu ditudan gauza txoro eta alferrikakoetarako ere nahi diat euskara, eta horietarako hikako aditza batuta, niretzat behintzat, hobe. Berriro esango diat badaezpada ere: inorentzako isunik, kartzela zigorrik edo deportazio mehatxurik gabe; areago: desobedientziari irri konplizea eskainiz, hala egokitzen denean.
(Neuk egindako galderen erantzunaren atzetik.)
Iruditzen zait zintzo obeditzeko eginak gaudela, neurri haundi batean. Obedituz onak eta zintzoak garela sentitzeko konfiguratuak.
Euskara batuaren hasieran, apaiz zaharrak eta holako jendejera nabarmendu zen hegoaldean batuaren kontra. Esplikazioa: obedimentuaren kupoa ederki betea zeukaten haiek beren bizimoduan eta pentsamoduan, eta orduan hizkuntzan sentitzen ziren desobeditzeko libre. (Kontuz: ez jendeari desobeditzeko, baizik-eta agintaritza bati desobeditzeko.)
Gaur egunean eta orduan ere, bizimoduan “askatasuna” edo desobedientzia begi onez ikusten duten askotxok hizkuntzan aurkitzen dute obedimentu zintzoaren kupoa betetzeko lekua.
Orain gogoratu naiz non nuen irakurria ahaleginak egin arren sarean topatu ezin nuen Iñaki Segurolaren esaldia. Normala: Iñigo Astizek erakutsia zidan argitaratu aurretik, irakur nezan:
http://www.berria.eus/paperekoa/3011/027/414584/2014-10-03/iaki_segurola_idazlea_eta_filologoa.htm