Koro Garmendia
Testuen edukia era batera edo bestera lantzen dugunok emaitza hori jendarteratzeko orduan maiz kide izaten ditugunez nahi nituzke hitz bi egin. Liburu-azoka batean nenbilela konturatu nintzen zenbateko garrantzia duen, idazle zein itzultzaileon eginahalaren fruituak hartzaileei helarazteko orduan, mami hori aurkezteko edo ikusarazteko moduak. Erosleen profila bat eta bakarra ez da, baina asko dira liburuaren itxurari edukiari bezainbesteko garrantzia ematen diotenak. Izango da, dudarik gabe, itxura bera lehenesten duenik ere.
Letraren tamaina, letra mota, maketazioa, irudiak, azala… Alderdi horiek guztiek bat egiten dute hitzei euskarria ematen diegun azken pauso horretan. Sukaldarien plater goxoak, ahoratu baino lehen, usaimenaren eta begien bidez «sartzen» diren bezala, idazten dugun oro ere itxura zehatz bat duela heltzen da irakurlearengana, eta, edukian murgildu aurretik, aurkezpen horretan oinarrituz hasten da lehen iritzi edo ikuspegia osatzen.
Erraza da proba egitea. Joan liburu-denda batera, eta ikusi jendeak aleak nola aztertzen dituen eta zer iruzkin egiten dituen. Aukeraketak egiteko orduan, izenburua eta gaia funtsezkoak dira, noski, baina xehetasunen indarra handia da oso: koloreak, marrazki eta irudiak, grafia… Teknologia berrien kasuan, webguneei dagokienez, beste horrenbeste. Irakurgaiak eta jakingaiak eskaintzen dizkigun blog hauxe bera, kasurako.
Eskerrik asko, beraz, goxokiari forma eta bilgarri egokia jartzeko lanak hartzen dituzuen guztioi.
Pasa den urtetik argitaletxe txiki batean ari naiz lanean, eta itzulpengintzaz gain, maketazioa lantzeko aukera izan dut. Zinez interesgarria iruditu zait maketazioaren mundua, eta gure lanean duen eragin eztabaidaezina kontuan hartuta, hobeto ezagutu beharko genukeela uste dut. Azken batean, gure alde erabil dezakegun beste tresna baliotsu bat da.
Guztiz ados zurekin, Koro: eskerrik asko goxokia are goxoagoa egiten dutenei!