Esti Lizaso
Gaztelaniak aspaldi finkatu zituen bere idazketa-arauak. Gaztelaniaz alfabetatua izan den orok argi izan du beti zer zegoen ongi eta zer ez; eta, inoiz zalantzarik izanez gero, bazekien nora jo erantzun bila. Ziurtasun horrek, batetik, segurtasuna eta babesa eskaini izan ditu hizkuntza idatzia erabiltzean eta, bestetik, bateratu egin ditu joerak, uniformetasuna erraztu du.
Euskaltzaindiaren gaztetasuna kontu, denbora gutxian arauak sortu, berritu, aldatu eta gehitu egin behar izan ditugu euskaran. Alfabetatze-prozesuan etengabe aritu gara, eta ari gara oraindik, arauak ikasten, desikasten eta berrikasten. Horrek, esan beharrik ez da, ezinegona eta segurtasun falta pizten ditu gugan.
Hala ere, beldur, zalantza eta ziurtasun gabeziok eramangarriagoak egin zaizkigu, inguruko hizkuntzei erreparatuta jakin baitugu azkenean gu ere hizkuntza biziek eskain dezaketena besteko egonkortasunera iritsiko garela.
Baina, batzuentzat segurtasuna izan zitekeena besteentzat zurruntasuna izango zelakoan edo, 2010eko ortografiaren eguneratzeaz geroztik, gaztelania ere zanbuluka hasi zaigu. Izan ere, guk ezagutzen genituen “arauez” gain, orain “gomendioak” gehitu dizkigute RAEkoek.
“Solo” hitza izan da adibide sonatuenetako bat. Ortografia berriak gomendatzen duenez, aurrerantzean “solo” hitzari ez zaio inoiz azentu-marka diakritikorik jarri behar. Aldaketaren zergatia ere azaldu dute, baina ez dira ausartu arautzat ematera, eta “gomendio” bezala utzi dute.
Tolerantziaren eta aniztasunaren garaian bizi garelako izango da agian, edo zuriak eta beltzak modaz pasa direlako gris-aukera zabalaren mesedetan, edo lehen jende gutxiegik eta orain gehiegik iritzia ematen dutelako, edo batek daki zergatik. Kontuak kontu, badirudi erakunde araugileak arauak zehazteko beldur direla, orain nahiago dutela “hobespenak” eta “gomendioak” bakarrik eman.
“Solo” azenturik gabe idazteko gomendatu zutenetik lau urte luze pasa dira eta emaitzak ikusi besterik ez dago: bakoitzak sudurraren puntan jartzen zaiona egin dezake, eta dena dago ondo. Eskola-liburuetan eta joera normatiboeneko idazle, zuzentzaile eta argitaletxeen artean guztiz desagertu da azentua. Baina beste askok nahiago izan dute bereizketa egiten jarraitu, eta ortografia berria indarrean sartu ondoren argitaratutako liburuetan nahiz bestelako euskarrietan “sólo” barra-barra agertu da oraindik.
Gomendioen arazo nagusia hori da: zaildu egiten duela guztiok bide beretik egin ahal izatea. Orain alfabetatzen ari direnei zer erakusten diete eskolan gomendioetara iristean? Estilo-liburu bana sortu behar al dugu eskola, argitaletxe, enpresa edo marka bereko langileen artean denek irizpide bera jarraituko dutela ziurtatzeko? Eta zer itxura emango du horrek edukia talde horretatik kanpokoa den eta irizpideon berri ez duen norbaitek irakurtzen duenean? Eta zer pentsatuko du idazketarekin harreman esturik ez duen jendeak azentu, marratxo, puntuazio eta abarren sikulu-saltsa hori ikusten duenean?
Zein da arauen ordez gomendio hutsak ematearen abantaila?
Auzi honen inguruan, itzultzaile edo zuzentzaileak ez du gomendio eta irizpide desberdinen artean dantzan ibili beste erremediorik. Gainean bezero edo nagusiren bat badu, hari men eginez. Eta bestela:
Sólo con su conciencia.
Solo con su conciencia.
Bere kontzientziarekin bakarrik.
Gai polita aukeratu duzu: arau, hobespen eta gomendioen oihana. Nik bi zehaztapen txiki egin nahi ditut:
1- Idatzi duzu arauak sortu, berritu, aldatu eta gehitu behar izan ditugula. Ados nago sortu, berritu, eta gehitzeari dagokionez. Aldatzeari dagokionez (eta arauak desikasteari dagokionez), ordea, arriskutsua iruditzen zait ñabardurarik egin gabe horrela plazaratzea. Bada kalean, oro har, Euskaltzaindia arauak etengabe aldatzen ari delako irudipena, baina iritzi hori zertan oinarritzen den galdetu dudan guztietan, ia inor ez da gauza izan adibidez janzteko irudipen hori. Arauak sortu, eguneratu (kasu gutxi batzuetan) eta gehitu egin dira, baina aldatu? Kontua da arau ofizialik ez zegoenean nolabait idatzi behar zela, eta jende askok uste zuen berak erabiltzen zuen moldea, berari beste norbaitek irakatsia gehienetan, ofiziala zela. Hor sortu da arau aldatuen mito faltsu hori.
2- “solo” tilde diakritikorik gabe idazteko kontu hori 2010eko ortografian modu zehatzago esplizitatu bada ere (“a partir de ahora se podrá prescindir de la tilde en estas formas incluso en casos de doble interpretación”), aipatzekoa da jada aurreko bertsioan, 1999koan, idazlearen esku gelditzen zela azentu-marka jartzea (“4.6.4. Otros casos de tilde diacrítica. a) sólo / solo: (…) Cuando quien escribe perciba riesgo de ambigüedad, llevará acento ortográfico en su uso adverbial” ).
Azkenik, hau idatzi duzu: “Kontuak kontu, badirudi erakunde araugileak arauak zehazteko beldur direla, orain nahiago dutela “hobespenak” eta “gomendioak” bakarrik eman”. Arrazoi duzu, horrela daude gauzak. Honela idatzi du Javier Bezos ortotipografo ezagunak (La Ortografía académica del 2010; “Comentarios sobre la última edición de la obra”):
“Tal vez por el antecendente de la polémica reforma ortográfica francesa de principios de los 90, esta Ortografía se basa en recomendaciones en lugar de normas estrictas, para que sean los usuarios de la lengua los que tengan la última palabra (al menos, en teoría). Sin embargo, no por ello se debe relajar la presentación ordenada.
Vaguedad
Sin pretender la rigidez de las normas ISO, debería especificar con más claridad qué es norma, qué es recomendación y qué es información. Es difícil saber qué se quiere decir realmente con el extenso uso de válido, no se censura, se acepta, se desaconseja, es adecuado, no hay razón para, es impropio, se escribe, el uso ha impuesto… Son de interpretación problemática el verbo «poder», que en español es algo ambiguo (¿autoriza u obliga?), y el presente de indicativo (algo como «se escribe», ¿expresa una norma o constata un uso?)”.
Oso egokiak eta aberasgarriak dira zehaztapenak! Eskerrik asko!
Ezin da hobeto esplikatu, Esti. Gai oso garrantzitsua duzu eztabaidagai.
Ados nago RAEren adierazpenekin eta erabiltzaileei eman nahi zaien askatasunarekin. Tamalez, gure euskara maitea ez dago gaztelania bezain finkatua, beraz esango nuke ezin direla alderatu, kasu guztiz desberdinak baitira.
Hariari jarraituta, eta Estik esan bezala, arazo larri bihur daiteke hori itzultzaile autonomoz osatutako itzulpen taldeen kasuan. Bezero bakoitzarentzat estilo-gida bana izatea erotzeko moduko jardunbidea da eta ez du itzultzaile autonomoen lana batere errazten. Jakina bada euskararen normalizazio-prozesua “nahiko berria” dela, baina hori ez da arrazoi nahikoa horrenbeste gomendio edukitzeko. Alegia, arauak dira (erabilerarekin batera) hizkuntza egituratzen dutenak.
Nire esperientziari begira, ikastaroetan naizela asko lasaitzen nau ikusteak ez naizela zertxobait galduta dagoen edo batere seguru sentitzen ez den itzultzaile bakarra. Asko gara galdera eta zalantza berak ditugunok, eta erantzuna, askotan, eskaxa izan ohi da: “depende zer iturburutara jotzen duzun”.
Horrek ez dirudi gure hizkuntza garatzeko bidea, trabak eta oztopoak jartzekoa baizik…