Hainbat gauza

Oskar Arana Ibabe

Idatzi ditudan ia guztien haritik, garai batean eta zenbait pertsonaren ahotan entzuten nituen hitz bat eta esapide bat aipatuko ditut gaurkoan, geroz eta bakanago entzuten ditudanak, eta neure buruan eta oroimenean ere geroz eta urriago agertzen direnak, erabiltzeko aukera ematen duten egoerak eta solaskideak ere urritzen ari-eta; neure buruarekiko solas txiki bat ere bai, horien ostean.

Saikolo… Gure inguruan bizirik egon den hitz bat, izenondoa; gaitzespenezkoa, burlazkoa, edo isekazkoa du adiera, beharbada tankera bereko kokolo, zozolo, momolo… eta abarren bidetik eratua, sai + ko + lo edo sai + kolo elementuak batuz. Ez dut aurkitu inongo hiztegitan jasorik, eta, erabiltzen duten hiztunei berei galdetuta, hau da eman izan didaten definiziorik zehatzena: saikoloa da ganorabako haundi bat. Gero, hitz hori zein egoeratan erabili izan den gogoratuta, zertxobait zehaztu ahal izan diot esanahia, zeren eta, esango nuke, ganorabakoa izateaz gainera lotsabakoa behar duela hori esaten zaionak, hau da, bere ganora eskasaz lotsatzen ez den pertsona bat izaten dela, alegia, gibel handia, eta, gainera, bere lotsarik ezaz eta gibel handiaz ere harrotu-edo egiten dena, isekari berari halako trufazko barre sendo eta geldoarekin erantzunez. Adar-jolea ere bada batzuetan, trufa edo trikimailu lotsagaberen bat baliatu ostean ere esaten zaio… Horregatik harritu izan naiz, sarritan, hala deitzen zaionak saiarekin izaten duen antzarekin, hegoak lasai zabaldu eta presarik gabe, urduritasunik gabe, jateari edo edateari edo potro jorran aritzeari ematen zaiolarik.

Euskaraz guk baino ahalegin txikiagoarekin egiten zuten pertsona horiek berek erabili ohi zuten Zer da berau? esapidea, haserrezkoa, sumindurazkoa, beren aginpidean edo eskumenean zituzten umeei edo adingabeei buruz. Umeak ginen, eta, hori esaten zigutenerako, oso-oso haserre egon ohi zen familian egun horretan gure ardura hartua zuen heldua, oso-oso petralduak behar genuen guk ordurako, helduak hori esana zuketenerako. Esapide horrek, sarrera gisa, Baine-baine… hitzak eramango zituen: “Baine, baine… Zer da berau?”… Eta, berau hori, gu geu ginen, umeok, zaborreria, katalanez la canalla, ordurako behar ez den bat edo bihurrikeriaren bat edo arduragabekeria larriren bat eginik. Egoskorkeriaren kontrako esapidea izaten zen, agintea nork zuen argi uzten zuena, eta urrun gabe izaten zen hori esan ostean zaplaztekoa edo belarrondokoa, edo etxe barrurako oinetakoren bat hegaz gure atzetik eta gu arineketan ihes… Petral-aldietako edo kasketaldietako esapidea, inondik ere, eta, beraz, oso erabil-eremu berezitukoa.

Itzultzaile aritu garenez, ezin edonon eta edonoiz eta edonola itzulpen-ariketak egiteko ohitura edo inertziari galga eman. Kalean oinez, edozein pareta edo zokotan hain ohikoak izaten diren idazkun beltz larderiazko bat: “Euskalduna naiz, edozer, ostia!”… Hori eta antzeko asko irakurria naiz gure paretetan, eta idazkun horri antzeman uste diodan esanahiaz oso bestera, pentsatu nahi nuke edonongo eta edonoizko eta edonolako pareta-mezu hori ez dela betikoa, alegia, idazkunak aditzera eman nahi uste duen izaera hori ez dela gure idiosinkrasiaren tasuna, areago dela industrializazio gaizki digeritu edo bolada beltz eta hipernegatibo baten lekuko aldi baterako, koiunturazko, bolada bateko. Zeren eta, ulertu, lehenbizikoan ulertu baitut, nahiz eta gero itzulpen ariketak egitera jarri: beharbada tabernariak “Zer hartuko duzu?” galdetu ostean emandako erantzuna da, auskalo zer kantatako lerroa, punk-a, edozein modutan ere… Edo zernahitarako gaitasunaren adierazlea, edo eroapen ezin handiagoarena, edo erresistentzia-gaitasun itzelezkoarena, nik dakit zer. Baina nahigabea sentitu dut. Euskara, kalean, hedabideetan, sarriegi ikusten dut antzeko kolorearekin loturik, estekaturik: haserrearekin, sumindurarekin, kritika garratzarekin. Edonor uxatzeko moduko giroarekin nabarmentzen da gure hizkuntza, sarriegi. Kalean eta paretetan, batez ere. Erantzungo nioke, haserrealdi horretan hori idatzi zuen gazteari, euskalduna izatea, gaur behintzat, gauza oso-oso soila eta, gaur egun, aldi berean, zaila dela: euskaraz egitea, zenbat eta txukunago, zenbat eta bizitasun handiagoa duela hizkuntzak ahoan, orduan eta euskaldunago, ez besterik. Beste alde batera okertu ditut begiak, erreka aldera, sahatsei eta haltzei begiratzeko; ez dute euskaraz egiten, baina baretu eta goxatu egin zait gogoa…

Erantzun bat “Hainbat gauza” bidalketan

  1. Berriz ere asmatu duzu, Oskar, zorionak eta eskerrik asko.

    Eta zerbait esateagatik, itzultzaileei foroetan egiten zaien galdera horietako bat: inork badaki, zehazki, zer esan nahi duen “porrujorra” hitzak? Ez literalki, jakina, zein testuingurutan erabiltzen den baizik. Adibidez, inork esaten badu “Sekulako porrujorria!” , zer esaten ari da?

    Alegia, nire belarrian “hau katxondeoa” edo “deskojonoa”, edo halako zerbait da, baina galdetu izan dudanean gaztelaniazko “ganga” (merke-merke erosteko aukera) dela esan izan didate… eta ez dut lortzen zehatz-mehatz gogoratzea non eta nola entzun izan dudan.

    OEH infinitoan berriz, “porru-jotzea” jaso dute, Oñatin dokumentatuta:

    “Porru-jotia eiñ, recibir mucho dinero por una cosa que no vale para nada” Iz ArOñ.

    Porrujorraren anaia (edo ahizpa) bikia dirudi, baina ez dakit.

    Enfin, inork ezer baleki, eskertuko nioke oharra. Biziki maite dut Oskarrek aldika-aldika oparitzen digun sarrera horiek.

    Mila esker aldez aurretik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude