Adi! ‘Hortaz’ hitza istripu bat izaten ari da

Juan Luis Zabala

Ez du guregan eragin bera istripu bat gertatu dela jakiteak eta istripu bat ikusteak. Geure begien aurrean gertatzeak handitu egin ohi du istripuak sentiarazten digun zirrara edo larritasuna.

Agian horregatik sentiarazten dit halako larritasun berezi bat hortaz hitzarekin gertatzen ari denak; zuzenean ikusten ari naizelako izaten ari den istripua (hiztripua, Iñigo Aranbarriri ikasitako hitzokeian).

Jakina denez, joera zabaldua da horretaz esan ordez hortaz esatekoa; honetaz esan ordez hontaz esatekoa bezala (edo huntaz, Txillardegiren aspaldiko liburu ezagun baten izenburuak erakusten duen moduan). Baina orain horretaz ordez hortaz erabiltzeko joera ahozkotik idatzira pasatzen hasi da, honetaz ordez hontaz –edo huntaz– idazteko joera ez bezala.

Zergatik?

Bada, nire ustez, Xuxen andere zorrotzak hortaz ez duelako gaitzesten, hontaz eta huntaz gaitzesten dituen bezala; hortaz, izan ere, beste hitz bat baita, horretazekin zerikusi zuzenik gabea bada ere. “Hori dela eta, beraz”, dio hortaz hitzaren sarreran Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak, eta adibide hau ematen du: “Hasiera duk polita; hortaz, has gaitezen ahalik eta gehienetan”).

Xuxenek emandako baimenak pentsarazten du hortaz erabil daitekeela horretaz erabili ordez. Uste okerra, neu ez banago guztiz oker.

Egin, ordea, ez dakit zer egin daitekeen horrelako istripu bat gertatzen ari dela ikusitakoan.