Martuteneko motelgarriak

Isabel Etxeberria Ramírez

Egin dezagun jolas. Zer adierazten du motelgarri hitzak? Horrela, testuingururik gabe.

Hiztegietan begiratuta, zera topatuko dugu: Elhuyarren, atenuante; Euskaltermen, testuinguru motelgarri = contexto empobrecedor (hezkuntza eta pedagogia arloan); Labayrun, atenuante; OEHn, entumecedor. Euskaratik frantseserako hiztegietan ez da ageri.

Eta izen gisa, objekturen batekin lotzen al dugu motelgarri hitza? Esango nuke ezetz.

Orain, irakur dezagun pasartetxo hau:

Gero, motxilez kargatuta ikastetxerako bidean doan beste ume talde bat pasa dadin itxaron ondoren, martxan jarri du motorra Pilarrek atzeko atea ireki eta poltsa eta maletatxo txikia botatzen dituenean justuki. Albokoan jesarri da blusaren botoiak lotzen dituela. Ohikoa du auto barnean amaitzea janzten. Aparailuren bat itzaltzera edo leihoren bat ixtera igo behar izan duela ostera, hainbeste berandutu izana justifikatzeko. Kale irteeran jarri berria duten motelgarrira hurbiltzerakoan ia gelditzeraino apaldu du abiada eta lehenengo martxan gainditu du, poliki oso, Pilarren begiratua soinean nabari duela, harrituta pentsatzen du, hainbesteko presa izanda horren zuhur dabilelako.

Pasarte hori Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelatik hartu dugu. Eta hor, motelgarri hitzak, ikusten denez, egilearen erdara nagusian badén, resalte, resalto, bordo, guardia tumbado hitzen bitartez izendatzen den errealitatea adierazten du. Hiztegietan begiratuta, sakonune nahiz irtengune proposatzen da halakoei esateko. Itzul posta-zerrendan ere atera zen galdera, eta erantzun gutxi jaso zituen: pasabide goratua, errepideko muinotxoa. Saizarbitoriak hiztegiei muzin egin, eta beste bide batetik jo du bere proposamena egitean: objektuaren itxura fisikoa hautatu beharrean (planotik irten edo nabarmentzen den gunea), haren funtzioa edo erabilera aukeratu du objektua izendatzeko irizpide: abiada moteltzeko erabiltzen dena. Frantsesez bezala, bestalde. Internet eta hiztegiak azaletik kontsultatuta, halakoei frantsesez ralentisseur deritzela ondorioztatu dut.

Nire iritzian, bete-betean asmatzen du Saizarbitoriak pasarte honetan (eta nobelako beste askotan) lexikoa hautatzean. Testuinguruak eskaintzen duen informazio inplizitua baliatzen du ezohikoak, ezezagunak eta batzuetan guztiz pertsonalak diren lexiko hautuak egiteko, eta komunikagarritasun erabatekoa lortzen du. Irakurlea ez da esaldiaren erdian trabaturik geratzen, eta ulermena berez bezala gertatzen da. Esfortzurik gabe irensten eta ulertzen ditugu proposamen lexikalok.

Ez naiz ni terminologian aditua, eta suma ditzaket orain, entzun ia, post hau irakurtzen ari diren blogkide eta irakurle terminologoak beren eserlekuetan berregokitzen, deseroso, burua batera eta bestera mugitzen duten bitartean. Imajinatzen dut terminoek zenbait baldintza bete beharko dituztela egokiak izango badira, ondo aztertuta eta mugatuta egongo dela hori, eta komunikagarritasunaz gain, beste zenbait irizpide ere kontuan hartu beharko direla, hala nola esanahian espezifikotasun eta esklusibotasun gutxieneko bat izatea terminoak. Alegia, hartzaileak, terminoa irakurrita edo entzunda, izendatu nahi den errealitatea anbiguotasunik gabe identifikatu ahal izatea. Eta bistan da: enpresa batek udal bati aurkeztu dion aurrekontuan zazpi motelgarri kobratu nahi badizkio, ez dut uste dagokion udal teknikariak berehalakoan ulertuko duenik zer den ordaindu beharreko hori; zalantzarik ez du izango, ordea, siete badenes irakurtzen badu.

Eta, hala ere, a zer gozamena Martutenen halakoak irakurtzea.

Adibide gehiago: zer dira tantakakoa, haizegeriza, jertse mokoduna? Hara:

Abaituak binaka igo ditu orain ospitalera daramaten eskailerak. Bakarka nahiz taldean zigarroak ahitzen dituen jendea atarian. Batzuk bata zuriz. Gazte bat aulki gurpildunean kamisoia soinean zango meheak agerian dituela tantakako bati lotua, erretzen, aire malenkoniatsu batekin hori ere.

Well, esan du, eskua, eskuinekoa orain heldulekuan jarriz ostera, eta atea irekitzeko beste keinurik egiten ez duen arren, gizonak badaki orain bai, azkenean agur egiteko momentua iritsi dela. Isilik irautea erabaki du ezkerreko eskua bolantean, eskuinekoa balaztaren palankan, atea ireki dezan zain. Ez du berehalakoan egin. Aurrena haizegerizatik begira geratu da une batez, isilik bera ere, eta ireki ondoren beste apur bat iraun du, despeditzeko modua aurkituko ez balu bezala.

Aspaldiko partez blujinak ditu soinean, zetazko alkandora zuria, mokodun jertse urdin argia, eta perfume berri baten lurrina dario.

Inork zalantzarik izan al du hiztegietan ageri ez diren hitz horiek deskodetzeko orduan? Eta zer esan beste proposamen pertsonal eta ausartago honetaz:

Osteratu denean baretuagoa dirudi Pilarrek, baina ezagun du negar egin duela. Ez du deus esan eta berak ere ez dio deus galdetu. Isilik zirkulatu dute eta bi itzuli eman behar izan dizkio taloari irteera egokiaren bila. Seinale gehiegi. Amara, Erdialdea, Hernani, Frantzia. Hurrengoan Pilarrek seinalatu dio bidea ahots apalez, eta nola joan zaion galdetzen ausartu da.

Niri behintzat poz ikaragarria ematen dit ikusteak euskal idazleen liburuetan ere pertsonaien autoak motelgarrien gainetik igarotzen direla, edo autoko haizegerizatik begira geratzen direla pertsonaiak; eta beldurrik gabe aipatzen dela ospitalean gaixorik dagoenak tantakakoa duela besoari lotua; eta idazleak ausartu egiten direla halako pertsonaiaren janzkera xeheki deskribatzen, eta jertse mokoduna zeramala zehazten… Gure egunerokoan euskaraz izendatzen ez ditugun errealitate hain arrunt horiek euskaraz izendatzen direla, alegia, gure hizkuntzaren egoera anormala (edo normalizatu gabea) gorabehera, modu ulergarrian eta naturaltasun osoz aipatu ere.

Ramon Saizarbitoriaren izena erabili dut ahotan testuan honaino. Gauza jakina da, ordea, Koldo Izagirrek irakurri eta orraztu zuela nobela argitaratu aurretik. Ez dakit hona ekarri ditudan adibideak bietarik zeinen burutik atera diren. Nolanahi ere, Saizarbitoriak emanak balira, eskerrik asko, Koldo, haiek gordetzeko bezain jakintsua izateagatik; eta Izagirrerenak izan badira, eskerrik asko, Ramon, besteren proposamenak onartzen jakiteko bezain buruargia izateagatik.

9 erantzun “Martuteneko motelgarriak” bidalketan

  1. Jartzen dituzun adibideetan ados nago.
    “Blujinak” horrek, ordea, iruditzen zait leize bat irekitzen duela testuaren eta euskal irakurlearen artean.

  2. Gogo onez eta gustura iracurri dut nola erabili izan da -casic atreventzia insumisoz- taloa adierazteco rotondea. Hor bethi dago margen eta ere zuzen personalaren auquerea, batez ere textu personal eta literariotan. Hartu ahal da licentziatzat, metaphoratzat, capritchotzat, figuratzat, humoretzat, … etc., zein litzateque horregatio osoqui zilegui.

    Baina, casuraco, nic ezin erabil dezaquet adierazteco ezen Lekeition daucaguzela bi talo azaldu nahiz dituela Lekeitioc bi rotonda, ezen talo bat Ispasterco irteeran eta beste taloa Oletara bidean.

    Halan da ze, zait gogora ethorten nola zuen esan ohi gure lagun defuntu batec Munitibarren ezen bere hain lagun batec izan zuela ezcondu beharra zeren bait zen catigatu sasitzan. Horrec ez luque behar ondorioztatu evidentaqui ze an tratatu anatomicoac behar litzatequeela izquiriatu (eta ahoz erabili) sasitzea, non nahi bait da adierazi vulva edo vulvea.

    1. Beste literatur testu batzuetan ere erabili izan du Koldo Izagirrek “talo” hitza “rotonda” adierazteko. Lehen aldiz irakurri nionean, bitxia iruditu zitzaidan, gustatu ere bai, eta harrezkero erabili izan dut neure ingurukoekin hizketan, autoan noanean-eta. Erramunek diozun bezala, lehen aldiz irakurtzean “atreventzia insumisotzat” har liteke, “licentziatzat, metaphoratzat, capritchotzat, figuratzat, humoretzat”. “Martutene” eleberriko pasarte horretan, ordea, ez du halako konotaziorik, hitz arrunta balitz bezala erabiltzen da, eleberriaren tonu errealistari dagokion bezala. Eta primeran funtzionatzen du, Isabelek seinalatu duzunez, oso irudi intuitiboa delako. Hitz egokia iruditzen zait arruntze-orokortze prozesua jarraitzeko: literatur testuetatik hasi, autoeskoletako gidaliburuetara pasa, eta azkenean zirkulazio-kodean ere sartzeko.

  3. Eskerrik asko zuen iruzkinengatik. Nik ere uste dut, zuek bezala, testuinguruak errazten eta justifikatzen dituela erabilera lexiko horiek. Baditut beste hainbat hitz jasota, niri ezezagunak zitzaizkidanak (eta baten bat inongo hiztegietan ere topatu ez dudana): “uxartu”, “korazta”… Horietariko denak ez bada gehienak batere arazorik gabe ulertu eta deskodetu ditut. Eta arrakastaren gakoa horixe dela uste dut, hain zuzen: ondo aukeratu dutela Saizarbitoriak eta Izagirrek noiz zer txerta daitekeen; testuinguruaz baliatzen jakin dutela, alegia.
    Xabier, “blujinak” testuaren eta euskal irakurlearen artean leize bat irekitzen duela diozu. Ulermenaz ari zarela ulertzen dut nik. Bi gauza ikusten ditut hor. Batetik, euskal irakurle guztientzat ez da, beharbada, hitz samurra gertatuko “blujin”, baina ez dut uste hain justu “Martutene” irakurtzen duten irakurleek arazorik izango dutenik hitz hori deskodetzeko. Eta bigarrenik, esango nuke hitz horren hautuan erabaki estetiko-literario bat ere badagoela. Ingelesak presentzia handia du nobela osoan zehar; pertsonaietako bat estatubatuarra da; elkarrizketetan askotan txertatzen dira ingelesezko esaldiak; petsonaiek sarri egiten dituzte gogoetak eta iruzkinak beren ingeles mailari buruz, pertsonaia estatubatuar horrekin darabiltzaten esamoldeen euskarazko edo ingelesezko itzulpenei buruz… “Blujin” erabiltzea oso koherentea zaio, nire iritzian, “Martutene”ko ahots narratiboari. Besterik litzateke, beharbada, “Bihotz bi”n, non frantsesak pisu handiagoa zuen. Ez dut uste pentsatu gabeko hautu bat izan denik.

  4. Oso interesgarria Isabel Etxeberriak planteatzen duen kontua. Nolanahi ere, bereizi beharrekoak dira “diskurtsoaren baliabideak” eta “sistemaren baliabideak”. Diskurtsoan askotariko baliabideak erabil ditzakegu objektuei edo denetariko kontzeptuei erreferentzia egiteko eta, jakina, diskurtsoaren testuinguruak lagun gaitzake adierazten ari garena ulertzen. Sistemaren baliabideak, aldiz, hizketa-komunitate batek edota diskurtso-komunitate batek testua sortu aurretik ere partekatzen dituen baliabideak dira. “Motelgarri” hitzaren esanahia ezingo genuke ondorioztatu testuingururik gabe eta “sistemaren baliabideak” diren baliabide lexikoen esanahia testuingururik gabe jakin dezakegu, gure hizketa-komunitateak partekatzen duen esanahia dutelako, adibidez, “lasaigarri” edo “lokarri” hitzen esanahia testuingururik gabe jakin dezakegu, esanahi partekatua baitute. “Diskurtsoaren baliabide” batzuk erabileraren erabileraz “sistemaren baliabideak” izatera heltzen dira eta beste batzuk ez. Hiztegietan jasotzen diren baliabide lexikoak teorian “sistemaren baliabideak” bide dira. Ez dakit, hala ere, euskaraz beti hala ote den. Izan ere, baliabide bat hiztegietan jasotzeak laguntzen du hizketa-komunitateak partekatzen eta, beraz, handitu egiten du baliabide hori sistemaren baliabide bihurtzeko probabilitatea. Euskararen kasuan iruditzen zait zenbaitetan bultzatu eta finkatu nahi diren baliabideak jasotzen direla hiztegietan jadanik finkatuta daudenekin batera.

  5. Isabel, nahiz eta zure gogoetak arrazoizkoak iruditzen zaizkidan, “leize” diodanean ez naiz derrigorrean ulermenaz ari, baizik eta aukeratutako hitzen bitxitasuna norainoko oztopo gerta daitekeen irakurlea testuarekin identifikatzeari dagokionez.
    Ez dakit gehiegi esatea izango ote den Hegoaldean “blujin” batere erabiltzen ez dela esatea. Nik dakidana da ez diodala inori inoiz halakorik esaten (“esaten”, diot) aditu. Agian oker egongo naiz, baina iruditzen zait Espainiako Errege Akademiak “bluyín” hiztegiratu zuela-eta hasi ginela gaztelaniazko aipamenen bat edo beste hemen aditzen.
    Hitz-aukeraketarena alde batera utziz, aferaren bigarren partea idazkera da. “Blujin”? Hitzak gurean halako ibilbidea izan balu bezala, non jadanik jatorrizko idazkera aldatuta eta moldatuta bailegoke (auskalo zein irizpideren arabera).

  6. Koldo Izagirreren “Parisen bizi naiz” (Susa, 2013):
    “kursal zubian ramonen joana
    souffle le vent
    bide eginez hizkuntzan barna
    lanbide larri bati emana”

    Poema osorik:

    SUR LE PONT DU KURSAL

    sur le pont du kursal coule la foule
    et nos amours
    zenbat amore hainbeste malur
    euria ari du tantak mardul

    coule la foule et coule la pluie
    euria messieurs-dames euria oui

    sur le pont du kursal doa ramon
    le nez dans l’eau
    tupust eginda eskatuz pardon
    roman berriak dio jaramon

    coule la foule et coule la pluie
    tupustez tupust hamaika ipui

    kursal zubian ramonen joana
    souffle le vent
    bide eginez hizkuntzan barna
    lanbide larri bati emana

    coule la foule et coule la pluie
    idazlea da oroz minduri

    kursalekoa ez du ostera
    les ponts sont longs
    zubi berriak hitzez jostera
    pauso askorik ez du bestera

    coule la foule et coule la pluie
    ramon s’en va et la pluie avec lui

    sur le pont du kursal coule la vie
    et nos amours
    maitemin txipi minbera handi
    atertu egin du laster zohardi

    ramon, eurilapur, nora hoa?
    le pont du kursal c’est moche sans toi

  7. Eskerrik asko, Igone, zure azalpenagatik. Oso argigarria eta aberasgarria egin zait. Zure guztiak bezala, bestalde.
    Xabier, arrazoi duzu. Nik ere ez dut inoiz inor entzun “blujinak” esaten. “Haizegeriza” eta “jertse mokoduna” esaten duenik ere ez dut ezagutzen, baina egia da “blujin”, hitzaren jatorriagatik eta are gehiago ortografia horretan, ulerterraz bai baina urrun samarra egiten zaidala niri ere. Eta eskerrik asko gaztelerazko “bluyín”i buruzko azalpenagatik. Ez nuen horren berri. Gaztelera normalizatuan “vaquero” hitza hain arrunta eta hedatua izanik, ez nuen espero horrelako hitz bat jasorik egotea non eta RAEren hiztegian (Igonek aipatu duen gogoeta hain interesgarriaren haritik tiraka, euskal hiztegienaren oso bestelako jokamoldea duen hiztegi batean, hain zuzen).
    Azkenik, eskerrik asko, Mikel. Xapo!

  8. Uste dut gutxiegi irakurtzen dugula egungo euskal literatura eta gehiegi erabiltzen euskal hiztegiak. Nik, blujin, Unai Iturriagaren Berandu da gelditzeko nobelan irakurri nuen, eta ez nuen izan inongo arazorik zeri zegokion ikusteko -bide batez, ezin dut imajinatu Unai RAE kontsultatzen-. Han irakurri nuen orobat ‘jakablu’ zoragarria, eta ez nuen dudarik izan ZEHAZKIn sartzeko ‘chupa’ sarreran.
    Gehiegi erabiltzen ditugu hiztegiak eta gutxiegi corpusak. Aski da Ereduzko Prosa Gaur corpusa kontsultatzea bi hitz horien jatorriaz jabetzeko. Eta aski da Egungo Testuen Corpusa kontsultatzea, ikusteko nola euskal literaturaren irakurle finak diren Markos Zapiainek eta Koldo Izagirrek bereganatzen duten blujin, gero Ramonek erabiltzen duena…
    Beste kontu bat: egungo literatur hizkuntzatik kenduko bagenitu ahoz erabiltzen ez ditugun hitzak, euskal literaturarik gabe geldituko ginateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude