Martuteneko motelgarriak

Isabel Etxeberria Ramírez

Egin dezagun jolas. Zer adierazten du motelgarri hitzak? Horrela, testuingururik gabe.

Hiztegietan begiratuta, zera topatuko dugu: Elhuyarren, atenuante; Euskaltermen, testuinguru motelgarri = contexto empobrecedor (hezkuntza eta pedagogia arloan); Labayrun, atenuante; OEHn, entumecedor. Euskaratik frantseserako hiztegietan ez da ageri.

Eta izen gisa, objekturen batekin lotzen al dugu motelgarri hitza? Esango nuke ezetz.

Orain, irakur dezagun pasartetxo hau:

Gero, motxilez kargatuta ikastetxerako bidean doan beste ume talde bat pasa dadin itxaron ondoren, martxan jarri du motorra Pilarrek atzeko atea ireki eta poltsa eta maletatxo txikia botatzen dituenean justuki. Albokoan jesarri da blusaren botoiak lotzen dituela. Ohikoa du auto barnean amaitzea janzten. Aparailuren bat itzaltzera edo leihoren bat ixtera igo behar izan duela ostera, hainbeste berandutu izana justifikatzeko. Kale irteeran jarri berria duten motelgarrira hurbiltzerakoan ia gelditzeraino apaldu du abiada eta lehenengo martxan gainditu du, poliki oso, Pilarren begiratua soinean nabari duela, harrituta pentsatzen du, hainbesteko presa izanda horren zuhur dabilelako.

Pasarte hori Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelatik hartu dugu. Eta hor, motelgarri hitzak, ikusten denez, egilearen erdara nagusian badén, resalte, resalto, bordo, guardia tumbado hitzen bitartez izendatzen den errealitatea adierazten du. Hiztegietan begiratuta, sakonune nahiz irtengune proposatzen da halakoei esateko. Itzul posta-zerrendan ere atera zen galdera, eta erantzun gutxi jaso zituen: pasabide goratua, errepideko muinotxoa. Saizarbitoriak hiztegiei muzin egin, eta beste bide batetik jo du bere proposamena egitean: objektuaren itxura fisikoa hautatu beharrean (planotik irten edo nabarmentzen den gunea), haren funtzioa edo erabilera aukeratu du objektua izendatzeko irizpide: abiada moteltzeko erabiltzen dena. Frantsesez bezala, bestalde. Internet eta hiztegiak azaletik kontsultatuta, halakoei frantsesez ralentisseur deritzela ondorioztatu dut.

Nire iritzian, bete-betean asmatzen du Saizarbitoriak pasarte honetan (eta nobelako beste askotan) lexikoa hautatzean. Testuinguruak eskaintzen duen informazio inplizitua baliatzen du ezohikoak, ezezagunak eta batzuetan guztiz pertsonalak diren lexiko hautuak egiteko, eta komunikagarritasun erabatekoa lortzen du. Irakurlea ez da esaldiaren erdian trabaturik geratzen, eta ulermena berez bezala gertatzen da. Esfortzurik gabe irensten eta ulertzen ditugu proposamen lexikalok.

Ez naiz ni terminologian aditua, eta suma ditzaket orain, entzun ia, post hau irakurtzen ari diren blogkide eta irakurle terminologoak beren eserlekuetan berregokitzen, deseroso, burua batera eta bestera mugitzen duten bitartean. Imajinatzen dut terminoek zenbait baldintza bete beharko dituztela egokiak izango badira, ondo aztertuta eta mugatuta egongo dela hori, eta komunikagarritasunaz gain, beste zenbait irizpide ere kontuan hartu beharko direla, hala nola esanahian espezifikotasun eta esklusibotasun gutxieneko bat izatea terminoak. Alegia, hartzaileak, terminoa irakurrita edo entzunda, izendatu nahi den errealitatea anbiguotasunik gabe identifikatu ahal izatea. Eta bistan da: enpresa batek udal bati aurkeztu dion aurrekontuan zazpi motelgarri kobratu nahi badizkio, ez dut uste dagokion udal teknikariak berehalakoan ulertuko duenik zer den ordaindu beharreko hori; zalantzarik ez du izango, ordea, siete badenes irakurtzen badu.

Eta, hala ere, a zer gozamena Martutenen halakoak irakurtzea.

Adibide gehiago: zer dira tantakakoa, haizegeriza, jertse mokoduna? Hara:

Abaituak binaka igo ditu orain ospitalera daramaten eskailerak. Bakarka nahiz taldean zigarroak ahitzen dituen jendea atarian. Batzuk bata zuriz. Gazte bat aulki gurpildunean kamisoia soinean zango meheak agerian dituela tantakako bati lotua, erretzen, aire malenkoniatsu batekin hori ere.

Well, esan du, eskua, eskuinekoa orain heldulekuan jarriz ostera, eta atea irekitzeko beste keinurik egiten ez duen arren, gizonak badaki orain bai, azkenean agur egiteko momentua iritsi dela. Isilik irautea erabaki du ezkerreko eskua bolantean, eskuinekoa balaztaren palankan, atea ireki dezan zain. Ez du berehalakoan egin. Aurrena haizegerizatik begira geratu da une batez, isilik bera ere, eta ireki ondoren beste apur bat iraun du, despeditzeko modua aurkituko ez balu bezala.

Aspaldiko partez blujinak ditu soinean, zetazko alkandora zuria, mokodun jertse urdin argia, eta perfume berri baten lurrina dario.

Inork zalantzarik izan al du hiztegietan ageri ez diren hitz horiek deskodetzeko orduan? Eta zer esan beste proposamen pertsonal eta ausartago honetaz:

Osteratu denean baretuagoa dirudi Pilarrek, baina ezagun du negar egin duela. Ez du deus esan eta berak ere ez dio deus galdetu. Isilik zirkulatu dute eta bi itzuli eman behar izan dizkio taloari irteera egokiaren bila. Seinale gehiegi. Amara, Erdialdea, Hernani, Frantzia. Hurrengoan Pilarrek seinalatu dio bidea ahots apalez, eta nola joan zaion galdetzen ausartu da.

Niri behintzat poz ikaragarria ematen dit ikusteak euskal idazleen liburuetan ere pertsonaien autoak motelgarrien gainetik igarotzen direla, edo autoko haizegerizatik begira geratzen direla pertsonaiak; eta beldurrik gabe aipatzen dela ospitalean gaixorik dagoenak tantakakoa duela besoari lotua; eta idazleak ausartu egiten direla halako pertsonaiaren janzkera xeheki deskribatzen, eta jertse mokoduna zeramala zehazten… Gure egunerokoan euskaraz izendatzen ez ditugun errealitate hain arrunt horiek euskaraz izendatzen direla, alegia, gure hizkuntzaren egoera anormala (edo normalizatu gabea) gorabehera, modu ulergarrian eta naturaltasun osoz aipatu ere.

Ramon Saizarbitoriaren izena erabili dut ahotan testuan honaino. Gauza jakina da, ordea, Koldo Izagirrek irakurri eta orraztu zuela nobela argitaratu aurretik. Ez dakit hona ekarri ditudan adibideak bietarik zeinen burutik atera diren. Nolanahi ere, Saizarbitoriak emanak balira, eskerrik asko, Koldo, haiek gordetzeko bezain jakintsua izateagatik; eta Izagirrerenak izan badira, eskerrik asko, Ramon, besteren proposamenak onartzen jakiteko bezain buruargia izateagatik.