Koro Garmendia
Halako edo besteko euskaraz nola esaten den galdetzen didatenean, ez zait beti erantzuna bat-batean ematea suertatzen. Hiztegietara jotzen dut, buruari eraginez baino erantzun gehiago eta zehatzagoak ematen baitizkidate, edo han-hemenka kontsulta batzuk egitera. Hizkuntzen esparruko langintza honetan gabiltzanok, gainera, arituaren arituaz, halako ohitura batzuk hartu ditugu: burura etortzen zaigun aurreneko aldaera soilarekin ez konformatzekoa, zertxobait sakontzekoa, informazio ahalik eta zabalena eskuratzekoa, aukeretan egokiena zein izango litzatekeen pentsatzen jartzekoa…
Eta, hain zuzen ere, hortxe konturatzen naiz asko izango direla hain erraz aurkituko edo neureratuko ez ditudan hitzak. Egongo direla hau, hori edo hura esateko hamaika ordain, egokiak guztiz, baina, ezagutu nahi baditut, ohi baino ahalegin handiagoa eskatuko didatenak, nahi bezain eskura izango ez ditudalako, hiztegietan jasota ez daudelako, edota kasu bakanetan irakurriko edo entzungo ditudalako. Euskara aberastasun liluragarriz betea dago, eta hein bat ezagutzera iritsiko ez naizela zait iruditzen.
Hein hori ahalik eta txikiena izan dadin, jarrai dezadan ahal bezainbeste irakurtzen ‒oraingo eta atzoko testuak, hemengoak eta hangoak‒, eta Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunen mintzaira erne aditzen.