Borja Ariztimuño López
Euskara zaila da.
Euskara ez da beste hizkuntzak bezain malgua.
Euskarak ez du beste hizkuntzek adina baliabide linguistiko.
Euskaraz ezin da beste hizkuntzetan bezain ongi jardun zientzia eta filosofiaren alorrean.
…
Halakoak oraindik ere, XXI. mendean…
Hizkuntza bat ez da galtzen baldin eta hura mintzatua den erkidego politikoko kide guztiek badakite, gutxienez nahi dutenek erabili ahal izateko neurrian; hizkuntza bat galtzera kondenatuta dago mendez mende bortxaz urrituriko komunitatetxo linguistikoak soilik egiten badu.
Umiltasuna beharra dugu, ordea, euskara salbatuko bada: guztia ez dakigula ezagutu eta beti ikasnahi izateko, erdaren prestigio merkeari uko egiteko, behingoagatik eta benetan gu gerok izan nahi dugun ala ez erabakitzeko, laguntza behar dugula aitortzeko.
Hizkuntza estetika da, baina estetika asko dago, eta hegemonikoari beste alor batzuetan itzuri egitea bezain inportantea da hizkuntzarenean ere men ez egitea. Hala ere, jorra ditzagun aukera guztiak, pentsamendu guztiak, nori bere arrazoi eta motibazioak eskainiz, azkenik euskaraz egitea hautu kontzientea izan ez dadin, euskara tresna eta ez xede izan dadin.
Apaltasuna, esan dut, oroz gainetik, eta haren pareko irmotasuna.