Esti Lizaso
Zuriunea. Hutsune txiki zuria. Hitzen arteko arnasaldi laburra. Edo ez horren laburra.
Zuriune-barra. Teklatuko jauntxoa. Erdi-erdian paratua. Beste inor baino luzeagoa. Erpuruei zanpatzeko gonbita eginez luze-luze datzana.
Musika alorrean, beti esaten da isiluneek notek bezainbeste doinu egin dezaketela, haiek bezain esanguratsuak direla. Musika alorrean, neurri askotako isiluneak erabiltzen dira, ia balio matematikoak dira, eta ikur desberdinez adierazten dira denak, luzera-balio bakoitzeko bat. Teklatuarekin idazterakoan, ordea, ikur bakarra dugu, edo ikurrik ere ez dugu, eten zuri txiki bat besterik ez. Eta irakurlearen esku arbitrarioetan uzten da etenaren zenbaterainokoa.
Zuriunea testu idatzietako ezezagun handietako bat da. Inor gutxik erreparatzen dion karaktere mutu eta ikusezina.
Zuzentzaileei, baina, informazio asko ematen die. Nolabait, idazlearen profila osatzeko balio dezakeela esan daiteke.
Modu askotara ager daiteke alferrik erabilita: bat baino gehiago segidan, paragrafoen hasieran edo paragrafoen amaieran, puntuazio zeinuen aurretik, tabulazioak edo orri eta lerro jauziak eskuz sortzeko ahalegin gisa…
Erabilera horiek denek, agerraldi mota eta kopuruen arabera, gauza asko ematen dituzte aditzera: trebezia falta, presa, zabarkeria, axolagabekeria, ezjakintasuna, deskuidua, txukuntasuna, neurosia…
Baina, psikologia-jokoetatik haratago, erabilera okerrak akatsak besterik ez dira, akats tuntunak, aitzakiarik gabeak. Eta pena da, handia, bilatu-ordeztu gutxi batzuekin testua hasiera-hasieratik txukun utz daitekeela kontuan hartuz gero. Badira errazago ihes egin dezaketen akatsak, baina zuriuneenak makinaren eskuetan utzi eta automatikoki konpon litezke, ikusmenaren zorroztasuna jokoan jartzeko beharrik gabe.
Ez da kontzientziazio-kanpaina handirik egiten zuriuneen erabilera zuzena sustatzeko, baina, hasi-hasieratik erakutsi beharreko zerbait litzateke: testuak gordetzen erakusten diguten bezala, amaitutzat eman eta gorde aurretik inon zuriune bikoitzik edo puntu, koma eta abarren aurretik zuriunerik utzi dugun begiratzera ohitu beharko gintuzkete.
Izate txiki hori teklaren tamaina handiarekin konpentsatzen ahalegindu dela buruan sartu eta, haren oihuak entzungo bagenitu bezala, ohi gaitezen lau bilaketatxo horiek egitera idazketa-saio ororen amaieran.