“Herri” hitzaren lilura hori

Xabier Aristegieta Okiñena

Estatuko lege bat zetorren aipatuta. Azaroaren 26ko 30/1992 Legea, “Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena” gisa euskaratuta dagoena.

Probara aurkeztu ziren laurogeita hamar pasatxo izangaietatik hamar-hamabost inguruk bakarrik asmatu zuten “Herri Administrazio”rekin “administración pública” esan nahi zela. Jende dezentek “administración municipal” jarri zuen.

Kontuan hartzen bada ez zirela kaletik pasatako edozein laurogeita hamar euskaldun, baizik eta euskarako itzultzaile izateko moduko nolabaiteko gaitasunez jantzita bazeudela-edo pentsatzen zuten pertsonak, galdetzeko modukoa iruditzen zait hamar-hamabost pertsona horiek laurogeita hamarren artean egiten duten proportzioa zenbatez ez ote den jaitsiko baldin eta “herri-administrazio”ren esanahiari buruzko inkesta bat egiten badugu euskaldun arruntez osaturiko talde batean. Euskaldun arruntak, bai, administrazioko itzultzaileok euskaratzen ditugun testuen hartzailetzat dauzkagun horiek.

Ez gaizki ulertu: ez naiz ari goian aipatutako izangaien ustezko ezjakintasuna kritikatzen. Alderantziz, zeharo ulergarria iruditzen zait haien “akats” hori. “Publiko” hitza inolako arazorik gabe erabiltzen dugun garai honetan “herri-administrazio” espresioa erabilaraztea nekez ikus dezaket, neke handiz, garbizalekeria-kasketa ez den beste ezertzat.

Eta garbizalekeria soilik izan balitz, gaitz erdi; ezen, garbizalekeriaz jokatzen den askotan gertatu ohi denez, proposatzen diren euskara “jatorrezko” espresioek nahaste-borraste kontzeptuala besterik ez baitute eragiten. Eta, halatan, Orotariko Euskal Hiztegian ikus dezakegu nola gustu guztiak asetzeko moduan erabili izan zaigun, izen-elkartean, “herri” kontzeptua:

HERRI-AGINDU. Poder público. Merkatariari erri-aginduak eguartean saltzen uzten diola ta atsaldean ez diolako asarretzea. Or Aitork 64. Erri-gizona, azkenez, erri-aginduai dago lotuta. Ker ElizG 55, XL (ap. DRA).

HERRI-AGINTARI. (Usado gralmte. en plural). (Las) autoridades (civiles). v. herriburu (2). Erri-agintarien ondoko aulkian [Elizan]. Ag Kr 208. Amezketako erri-agintariak. Muj PAm 67. Ugazaba ta langilleen arteko auzi onetan erri-agintariak eztabela sartu bear. Eguzk GizAuz 163. Erri agintariak jakiñen gaiñean jarri ondoren, […] Mayanaren billa asi zan. Etxde JJ 252. Eleiz agintari ta erri agintariak. Basarri 5. Azkeneko hitza, noski, herriak izango du [udal izenen auzian], eta mintzatuko zaigu hontaz eta hartaz ezin bestean izango ditugun herri-agintarien bitartez. MEIG VIII 118. v. tbn. Or Mi V. NEtx Nola 11. Mde Pr 258. Zait Plat 15. Herri-agindari: TAg Uzt 222.

HERRI-AGINTARITZA. Democracia. Agintaritza bakoitzak berari dagozkion legeak ezarten ditu, ots, errikoiak erri-agintaritzak, iauntxo-legeak, berriz, iauntxokeriak. Zait Plat 130. Erri-agintaritzen aroa. Ibiñ Virgil 42.

Nik orain arte ez dut frogarik ikusi, “herri” hitzak bere “herri” esanahia galdu eta zehatz-mehatz “publiko” esanahia hartzen dueneko ezein kasurik erakusten duenik. Bestela esatearren: nago “herri” hitzak “publiko” esanahia daukala hain zuzen herri-aferek duten ezaugarrietako bat publiko izatearena delako, baina ez “herri”k zuzen-zuzenean “publiko” esan nahi izateagatik. Eta uste dut Orotarikotik bertatik hartu dudan beste pasarte honetan nahiko agerian gelditzen dela “herri”k, funtsean, horixe esan nahi duela, eta ematen zaizkion bestelako itzulpenak herri-izaerak atxikirik dauzkan bereizgarri osagarriak baizik ez direla:

  1. (Como primer miembro de compuestos). (Significados próximos a “patria”). Euren arerijuai baño kastigu latzaguak emoteutsezanak, erri-kaltegarrijak zirianai. Mg PAb 213. Erri saltzaillea. Ag AL 85. De pueblo, de ciudad (opuesto a ‘de campo’). Ostuten deuskubez batzuk erri-lapurrak, ta ez gitxi basa-lapurrak. Mg PAb 109. Eskerrak emanik Erri Saguak, jarraitu zion Basotarrari. VMg 11. Del pueblo. “Erri-ganadue iñorena eztan abereari deritxo” Larrak EEs 1927, 93 nota. Herri sartze orotan Eliza ageri. Hb Esk 200. Erri-sarreran. Ag Kr 216. Arrika egitten eutsen, erri-mugaraño euron atzetik juanaz. Altuna 94. Sartu zan trenian erri-lagunekaz. Kk Ab II 82. Azken aldikoz erri-ikulluan / uts arkituko ganbela. Or Eus 331. [Txalo,] erri-ongilleak orrela goratzen dituzten erriai. Munita 125. Euskaltzale bazkunen batek herri-izenak euskaratzeaz erabaki bat hartzen ez duen arte. Mde Pr 247. Goizeko amarretan zegon erri-meza. Uzt Sas 315. Público; civil. “Herri-eskola (Egunaria 1882, 2), école communale” Dv. “Escuelas públicas, Erri-ikastetxeakEEs 1917, 150. Cf. HERRI-AGINTARI, HERRI-ARAZO, etc. Herri-eskola Jainko gabe hura. HU Zez 111. Erri-gerra artan elkar urratzen ari izatea erdiragarria zan. Or SCruz 33s. Erri-Bazkunetiko soroskiak (Subvenciones de Corporaciones públicas). Ldi IL 120. [Ondorengo oinordeak] ikasgua, iauretxe bailitzan –erri-ogasun bezala, alegia–, eraendu ta erabili bear zuen. Zait Plat 22. Erri-agiriak legez zetozen, baiña eliz-papelik etzan tartean. NEtx LBB 51. Herri legeak iragaitean Jainko legezko hesiak, / giristinoak aurkitzen ditu buru hauste bereziak. Xa Odol 220. Herri-gobernu gaietan. MIH 187. Popular. “Herri-idazlea zen (G-azp)”, “herri joera du orrek (G-azp)”, “erri kantak maite zituen (G-azp)” Gte Erd 198s (en el resto de los lugares, y tbn. en G-azp, emplean herriko y, mucho menos frec., herriaren). v. herrikoi (2). Herri tribunalak. Prop 1906, 144. Bizkai-Aldundiaren Erri-Irakaskuntza-Batzordearen arduraz. KIkV 1. Erri-iritzia nai zenduten eta egin da: Catalunya osoak Estatutoaren alde bota du. Ldi IL 26. Erri-bertso goxoak. Or Eus 16. Erri-jaurgo edo errepublikea. Eguzk GizAuz 43. Paganu-usain gehiegi zeukaten herri sinespenak. Mde Pr 265. Erri anima ausnartu dek ik / gutxik egin duten eran. Basarri 57. Erri-zantzu aundia dute bibion olertitzak. Gazt MusIx 161. Erri-izkuntza apala bere iardunetan erabilliaz. Ibiñ Virgil 22. Balada eta errikantu finlandiarrak. Alzola Atalak 95. Arrotz horren gogoan beharrez barnatu / edo zure burua nahiz enganatu, / herri aiherkundea duzu zu ganatu. Xa Odol 242. v. tbn. Zait Plat 119. Vill Jaink 186. Etxba Ibilt 453. [Herri-literatura definitzeko orduan] nondik Uztapideren liburua [“Sasoia joanda gero”] herri, eta nireak, kasu, ez herri? BAtx Eusk 1992, 532. “Herri arnoa, vin du pays” Dv. Municipal. Erri-auteskundiak. Enb 206. Erri-idazkaria (secretario municipala) zan. Kk Ab II 103. D. Inozenziok zugaitz-berritu ta piztu arazi zualako, izena aldatu ta ordutik erri-paperetan izango da “Munita-baso”. F. Labayen in Munita 9. Nacional. Olerkaria deritzan gizatxoro ori gabetanik, ezta ezagun izan ez erri-pizkunderik, ez-ta erri-elerti-betetasunik. Ldi IL 37. Euskerak eman digu erri-izena. Ib. 67. Herri kontzientzia egiazko baten hutsunea. Mde Pr 44. Beren herri nortasuna egiten dutenak […]: hizkuntza, lege ohitura eta gizarte ohitura, arraza batasuna, etabar. Ib. 44. (Significados próximos a herri (2)). Bitarte onetan erri aldaketarik emen ezagutu ez dala. JMB ELG 24.

Bestela esatearren: nola den sua bero, edo ura busti, horrelaxe dela “herri-” publiko. Jakinik ezen, bata bestearekiko nahi bezain hurbilak edo urrunak izanda, “su” eta “bero” bi kontzeptu ezberdin direla, bai eta “ura” eta “busti” ere… eta, era berean, “herri-“ eta “publiko”.

Hori horrela, “herri-administrazio” “administración municipal” ulertu izana, ba… egia esateko: kontua ez da soilik ez zaidala akats bat iruditzen, baizik eta, agian, hiztegiko adiera- edo adibide-zerrenda luze horri erantsi beharreko beste bat izan litekeela ederki asko, urre, zilar edo brontze berberaz eginiko letretan.

Orotariko Hiztegian “herri-”ri buruz jasotako Orotarako Erabilera horrek zenbait paradoxatarako adina bazka ematen du. Adibidez, nola agerrarazi herri-mugimenduak herri-administrazioen “herri-alternatiba” gisa, biak herriarenak edo herri-izaerakoak baldin badira? Nola bereizi legegintzako herri-ekimena eta erakunde publikoena, azken horiek herri-erakundetzat jotzen baditugu? Nola da “servicio público de transporte urbano? “Herri-garraioko herri-zerbitzua”?

Pixka bat esanahigabetu beharko genuke “herri-“, inolako esanahi identifikagarririk gorde dezan nahi badugu. Besterik gabeko lur publiko bat da “herri-lur” bat? Herri Irratia irrati publiko ote? Eta garai batean ugariagoak ziren herri-errepublikak zer ziren, errepublika “publiko”ak?

Agian komeniko litzaiguke gutxieneko kontzeptu-diziplina bati atxikitzea, “público” eta “popular” (esate baterako) argi eta garbi desberdintzeko modua ezarriz. Dagoen dikotomia nagusia hartuko nuke horretarako abiapuntu: “pribatu”ri “publiko” kontrajartzen diona, baita euskarazko erabilera hedatuenean ere.

Uler dezaket, noski, kasuan kasuko testugilearen begikotasun politikoen arabera protagonismo handiagoa edo txikiagoa eman nahi izatea “herri” kontzeptuari, baina esango nuke kontzeptuak dagoeneko finkatuxeago beharko genituzkeela eduki, norberaren kuttuntasun partikularren baitan uzteko baino.

Ez nuke amaitu nahi “herri” hitzaren bi ezpal ohargarri hizpide hartu gabe:

“Herrigintza”.

Ba al daki inork zer ote den “herrigintza”, “herri egite” literalaz harago? Baiezkoan, eskertuko nituzke esanahia finkatzen laguntzeko ekarpenak. Azken urteotan –eta, oso oker ez banago, hitzari euskaraz darion epopeia-lurrin hori dela medio–, zenbait politikariren ahotan aski bolo-bolo dabilen hitza dugu. Orotariko Hiztegiak “política” esanahia ematen dio. Niri dagokidanez, eta kontrako agindurik ematen ez zaidan bitartean, “herrigintza” “construir país” da, eta gaztelaniazko horrenak bezain testuinguru liriko-epikoetatik kanpo erabiltzeari uko egiten diot bipil.

“Herritar”.

  1. “Herri” kontzeptuaren gainean eraikitako “herritar” izenak oso ondo funtzionatzen du besterik gabeko hitz orokor bat, ia-ia “biztanle”ren parekoa, behar dugunean.

Baina gure inguruko hizkuntza nagusietan, garrantzitsutzat jotzen duten bereizketa bat egiten da: Frantses Iraultzaren printzipioak aplikatzen dituen estatu-nazioko biztanleentzat gordetzen dute hizkuntza horiek ciudadano/ citoyen/ citizen izena (bai eta antzinako Grezia eta Erromako eskubide osoko biztanleentzat ere). Aipagarria, honi dagokionez, 1789ko Déclaration des droits de l’homme et du citoyen, euskarazko Wikipedian Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena itzulita agertzen dena (logikoa, “ciudadano/a”rako “herritar” atenporal hori gailendu zaigunez). Monarkia absolutuen garaiko biztanleentzat, ordea –eta artikulu hau gehiegi ez luzatzearren aipatu gabe utzi beharrekoak diren kontsiderazioak tarteko–, súbdito/sujet hitzak dira erabilien gaztelaniaz eta frantsesez.

Bereizketa hori euskaraz egitearen beharrik ikusten ez duenari, zuzenbide edo historia arloetako adituei entzutea eskatuko nioke.

  1. Baina “herritar”etik “herritartasun” dator, eta horrek esanahi are gehiagotarako atea irekitzen du. Horrela, zenbait kontsultagunetan “nazionalitate” kontzeptuaren euskal itzulpen gisa ikus dezakegu. Adibidez, Elhuyar hiztegian (“nazionalitate”rekin batera jasotzen du, baina horren aldean pixka bat hobetsita, susmoa hartzen diodanez). Euskaltermek kasurik gehienetan “nazionalitate” edo “naziotasun” eskaintzen duen arren, kasu bakanen batean “herritartasun” ere jasotzen du.

Egia da “nazionalitate” kontzeptua eztabaidagarria dela horren atzean zer eta nazio bat ala estatu bat dagoen planteatzen den unetik aurrera. Nolanahi ere, adibide hau ez dut aipatzen “naziotasun” ala “estatutasun” behar duen eztabaidatzeko (jakingarria, dena den, alemanez erabiltzen den Staatsangehörigkeit terminoa, estatuarekiko lotura azpimarratzen duena), baizik eta, “herri”rekin bezala, “herritar”en hipertrofia semantikoa murrizteko beharra oinarritzen saiatzeko.

Udako opor atsegingarriak eta atsedengarriak opa dizkizuet. Ni, deserriratu egingo naiz pixka bat.

5 erantzun ““Herri” hitzaren lilura hori” bidalketan

  1. Saihets gaia bada ere, artikuluan aipatzen den “herritar” hitzaren gailentzeaz ohar bat.
    Wikipediak ematen duen “Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpen” itzulpena segur aski Frantziako Iraultza garaiko dokumentuetan oinarritua da.
    Aspaldian Iñigo Aranbarrik, 2005-02-06ko Berrian, “Herritarrac” titulu duen artikulu bat idatzi zuen eta, haren arabera, Iraultza denborako dokumentuetan “citoyen” euskaratzeko “herritar” hitza erabilia zen .
    Sareko bilatzaileetan “hiritarrac” idatzita aurkitu ahal da artikulu hori, baita beste adibide batzuk ere.

  2. Frantsesak “citoyen” eta “citadin” hitzak bereizten ditu,
    CITOYEN: “être humain considéré comme personne civique”, dela dio Petit Robert-ek 3. adieran.
    CITADIN, aldiz, “habitant d’une ville”
    Gaztelerak, hitz bakarra du bi kontzeptu hauek adierazteko: CIUDADANO
    Eta euskaraz, gaztelaniari jarraikiz, HIRITAR hitza erabiltzen da hitzetik hortzera, “Citoyen” adierazteko.
    Baina argi dago “Hiritarra” hiriko biztanlea dela, baserritarra ez dena alegia, beraz “Citadin”en parekoa.
    Beraz, euskarazko ordaina “Citoyen”entzat, HERRITAR hitza egokiagoa deritzot, herria hitzaren zentzu zabala kontuan hartuta.

    Edurne Alegria Aierdi

  3. Hitz horrekin eta deribatuekin (herri, herritarrak…) inon baino hobeto ikusten da tradizio sendo baten gabeziak eragiten dizkigun hainbat arazo.

    Adibidez, “citoyen”, gaur egun erabiltzen den zentzuan, Frantses Iraultzaren ondorio zuzen bat da. Berdin gaztelaniazko “ciudadano” eta ingelesezko “citizen”, kasu guztietan esanahi berri bat hartzen dute 1789tik aurrera, eta hutsala da horren atzean egon daitezkeen etimologiez ariketarik egin nahi izatea. Beraz, hori bada frantsesaren, gaztelaniaren eta ingelesaren kasua, zergatik ez diogu neurri bera aplikatzen euskarari?

    Bada, aplikatzen hasita erantzuna erabatekoa da: har dezagun eskuan 1789-1792 artean euskaratu ziren testu iraultzaile apurrak, eta argi eta garbi ikusiko dugu citoyen = herritar bikote esplizitua. Termino jatorra, argia, testuetan erabilia, garai-garaikoetan gainera. Dena konponduta, ezta?

    Bada, ez, zeren tamalez “herritar”-en adiera horrek geroztik ia-ia ez du segidarik izan euskal testuetan. Bilaketa erudito bat egin daiteke, baina esango nuke hori ere hutsala litzatekeela, ez baitigu gure funtsezko arazoa konpontzen: gaur egungo euskaldunoi oso arrotza egiten zaigu hitz hori adiera zehatz horretan erabiltzea, eta errazago irensten dugu erabat berria den “hiritar”. Gaztelaniaren kalko bat delako? Nahi duzunagatik, baina hori faktu bat dela esango nuke, beste barik. “Herritar”-en adiera horrek ez du tradiziorik sortu, ez testuetan, ez jendearen gogoan.

    Ondorioz, onar dezagun “hiritar” eta kitto. Horrek ez du esan nahi “herritar” debekatzen dugunik… beharbada hemen ere “gizarte/jendarte” bikote bat sortuko zaigu… eta batek daki nola dekantatuko diren gauzak hemendik hogei bat urtera!

    Baina esan dudan ezer ez da ezezaguna web hau segitzen duen inorentzat, ezta? Eta hala ere hementxe segitzen dugu jo-ta-sua…

    Itzultzaile profesionalentzako oharra: suposatzen dut nire gogoeta horiek eta ahuntzaren gauerdiko eztula nahiko antzera izango direla zuentzat, zuen problema praktikoetako bat ere ez baitizuet konpontzen… Barkatu, baina gizona ez da itzulpenez bakarrik bizi. Ezta emakumea ere.

    1. Prudenek dio:
      Bada, ez, zeren tamalez “herritar”-en adiera horrek geroztik ia-ia ez du segidarik izan euskal testuetan. Bilaketa erudito bat egin daiteke, baina esango nuke hori ere hutsala litzatekeela, ez baitigu gure funtsezko arazoa konpontzen: gaur egungo euskaldunoi oso arrotza egiten zaigu hitz hori adiera zehatz horretan erabiltzea, eta errazago irensten dugu erabat berria den “hiritar”.

      Nik ez dut horren argi ikusten “herritar” arrotza zaigunik. Niri ez zait arrotz eta inguruan ere esaten dute, frangotan; niri gehiago gertatzen zait Edurnek dioena, alegia, “hiritar” “citadin” zentzuan ulertu eta erabiltzea.
      Bakartxo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude