Igone Zabala Unzalu
Ikasturteko azken ekarpen honetan, aurreko bi artikuluetan jorratzen joan garen gogoeta-ildoari bukaera eman nahi diogu. Ikerketa-testuetan aditz-kohesioa bideratzeko ingelesez eta gaztelaniaz erabiltzen diren estrategiez aritu ginen maiatzean, eta antzeko testuinguruetan euskaraz erabil daitezkeen estrategiez, ekainean. Oraingo honetan hizpidea ixteko, erreferentzia egin nahi diegu aditzen pertsonen, aldien eta moduen inguruan gure arreta erakarri duten zenbait aholku eta erabilera zalantzagarriri.
- Gure eskuetara heldu diren aholkuekin hasita, zalantzan jarri behar dugu inoiz ikusi dugun gomendio sinple eta, gure iritziz, oker bat. Izan ere, ikasleei zuzendutako jarraibideetan inoiz ikusi dugu iragana erabiltzeko aholkua egindako lan esperimentalari (materialak eta metodoak) erreferentzia egiten diotenean. Susmoa dugu aholku horren atzean ez ote dagoen ingelesaren iragan sinplea (we calculated, we used…) euskararen iraganarekin (kalkulatu genuen, erabili genituen..) parekatzea, adizki horiek bi hizkuntzetan oso erabilera desberdina badute ere. Ekaineko artikuluan azaltzen saiatu ginen bezala, orainaldi / iragan jokoa estrategia egokia izan daiteke aurkezten ari garen ikerlana beste lan batzuetatik bereizteko. Nolanahi ere, ingelesez iragan sinplea erabili ohi den testuinguru askotan euskaraz egokiagoa izango da orainaldi burutua erabiltzea.
- Azaltzen ari garen lanaren fase esperimentalaren berri emateko iragana aukeratzea lanaren egilearen intuizio linguistikotik ere etor daiteke. Izan ere, doktoretza-tesiek eta beste lan esperimental batzuek hainbat urteko lana eskatzen diete ikertzaileei eta, beraz, denbora-tarte handia egon ohi da saiakuntzak diseinatu eta aurrera eramaten direnetik, egindako esperimentuen metodologia, emaitzak eta ondorioak testu batean islatzen diren arte. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da aditzaren aldia aukeratzeko enuntziazio-denbora dela erreferentzia eta ez lana aurrera eramateko erabili den denbora erreala. Hartara, aurrera eramandako lana testu batean azaltzen ari garenean, prozesuan murgildurik gaude oraindik eta logikoena da orainaldi burutua (erabili dugu, kalkulatu dugu, erakutsi dugu…) edo orainaldi burutugabea (erakusten dute, agerian uzten dute, frogatzen da, erakusten dugu, proposatzen da…) erabiltzea. Iragana erabiltzea ez da pentsaezina, aurrera eramandako lana kontakizun modura antolatzen badugu. Nolanahi ere, trebeak izan beharko gara kontakizun modura antolatutako hori beste ikerlan batzuekin erkatu beharko dugunean, testuartekotasunetik datozen planoak garbi gera daitezen.
- Modalitate epistemikoa ohikoa da ikerketa-testuetan, ikertzaileak bere burua babestu behar baitu etorkizunean, jakintzan aurrera joateko prozesuan, bere lanaren zati batzuk zalantzan jarriko dituzten kritiketatik. Hainbat baliabide ditu euskarak ikertzaileak babes-mekanismo modura erabil ditzakeenak: esperimentu hauen emaitzen ondorioa bide da / dateke / izan daiteke / izan liteke… Ohikoa izaten da, ordea, honelakoetan baldintzazko aditzak erabiltzea (#esperimentu hauen emaitza litzateke…), alegia, modalitate epistemikorako egokiak ez diren adizkiak erabiltzea. Oso ohikoa izaten da baldintzazko adizkien erabilera desegoki hori ahozko aurkezpenetan ere (#zelula eukariotikoak lirateke…/ zelula eukariotikoak dira…).
- Ekaineko artikuluan deskribatu genituen testuinguru diskurtsiboen modukoetan adizkien forma inpertsonalak hautatzen direnean, ohiko samarra izan ohi da beste hizkuntza batzuen egitura pasiboak kalkatzea, sinpleagoak eta erabilgarriagoak diren euskararen forma inpertsonalak erabili beharrean (ekoizpen primarioa fitoplanktonaren ekoizpen primario modura #neurtua izan da / neurtu izan da / neurtu da).
- Bukatzeko, gure lanaren berri ematen dugunean, arreta jarri behar dugu modu koherentean hautatzeko egitura inpertsonalen eta pluraleko lehen pertsonako adizkien artean. Aditz-kohesioa eta testuaren ulergarritasuna kolokan jar dezakegu bi horiek modu inkoherentean nahasten baditugu (#Lan honetan …ikertu dugu…neurtu dira…erabaki dugu… ondorioztatu da…).