Txirrindulan etorri naiz oraintsu

Santi Leoné

Lagun baten arabera, euskaran hitz batzuek izan duten arrakasta printzipio honen arabera baizik ezin daiteke azaldu: “zenbat eta arraroagoa, orduan eta euskaldunagoa”. Badira solasak, teorian existitzen ez direnak edo gaizki eratuak daudenak, baina mamuak bezala nonahi agertzeko gaitasuna dutenak: txirrindula da horietarik. Nire ikasle gehien-gehienak txirrindulan etortzen dira eskolara, edo txirrindulan ibiltzen dira mendian barna, edo txirrindula erabili nahiago dute autobusa hartu baino. Txirrindula ez dator hiztegietan; Orotarikoan agerpen bakarra du, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua liburukoa (“Txirrindulan etorri naiz oraintsu: aisa egiten da orrela lau kilometrotako bidea”), eta xori batek erran zidan ez ote zen huts bat izan; baina D ereduko ikastetxeak txirrindulaz beteak daude.

Solas horren kontrako borroka nire klaseetara eramaten dudalarik, normalean haren aldeko hiru arrazoi ematen dizkidate ikasleek: hitz polita dela (eta horrek parada ematen dit “zenbat buru, hainbat aburu” esamoldea irakasteko); txirrindularia-tik heldu dela (eta, horri esker, historialariek historiala ikertzen dutela ondorioztatzen dugu); eta, azkenik, hasmentan aipatu printzipioari men eginez, bizikleta espainola dela, baina txirrindula euskalduna. Hirugarren argudioa, halere, franko badaezpadakoa da, zeren txirrindula hartzen ez dutelarik, gehienek kotxea erabiltzen baitute, eta ia-ia inork ez autoa.

Nolanahi ere, hitza noraino hedatu den ikusita, nik bi aterabide ikusten ditut: a) Euskaltzaindiak txirrindula hitza onartzea eta Hiztegi Batuan sartzea; edo b) erakunde batek –akaso Euskaltzaindiak berak– lelo hau eramanen lukeen elastiko bat salgai jartzea: “Txirrindularik? Ez, eskerrik asko. Bizikleta”. Ni, bistan da, bigarren aukeraren aldekoa naiz.

8 erantzun “Txirrindulan etorri naiz oraintsu” bidalketan

  1. Ez ote da TXIRRINDOLA “cosa que va dando vueltas” (< TXIRRIN "rueda") hitzaren aldaera, TXIRRIN "timbre"-rekiko lotura ere egiten dela?

  2. Goiko tesi orokorrari aurka egin barik, aldarrikapen txiki bat bizikleten herritik. Eibarren tradiziozko hitza izan da “txirrindula” (tira, bere aldaerak: txirrindola, txirrinbola, txirrringola, txirrinkola): http://eibarko-euskara.com/node/14295?ikuspegi=lerroka

    1.- Haurrek jolaserako erabiltzen zuten uztai edo pieza borobila zen “txirrinbolia”: http://eibarko-euskara.com/node/6897. Hauxe zen Eibarren jatorrizko “txirrindulia” (nik neuk ere jolastu izan dut honetara; Afrika erdian ere jolasten duten moduan): http://www.ucubi.com/images/juegos/juegodearo.jpg

    2.- Bizikletak agertzean, bizikleten gurpilei deitzen hasi ziren, “llanta” adierarekin: http://eibarko-euskara.com/node/11949. Kontuan izan Eibarren “txirrindolak” egin egiten zirela, hainbat fabrikatan (BH, Orbea, GAC,…). Erabilera arrunteko hitza zen, hortaz, 1930eko hamarkadan.

    3.- Hedaduraz, “belozipedoei” ere “txirrindola” deitzen hasi ziren batzuek (adiera hau ez dago oso hedatuta Eibarren, egia esateko, eta esango nuke faktore sozio-politiko-linguistikoei lotuta dagoela): http://eibarko-euskara.com/node/1563.

  3. Bicycleta erraiteco euscaraz hor dugu euscarazco hitza bicycleta (emaiten delaric ere pean edozein orthographia).

    Beste forma edo variante guziac dira guehienez ere euphemismoac, nola tchirrindola, zancarteco pirripita edo … beste.

  4. Ni ere bigarren aukeraren aldekoa, ez zait “txirrindula” batere gustatzen. Baina hemen nire hipotesia, hitzaren jatorriari buruz:

    -ri eta -lari atzizkiek esanahi beretsua eman ohi diote aurretik duten hitzari, baina badirudi arbitrarioki erabiltzen dela hitz batekin bat eta bestearekin bestea: Bertsolari vs Kantari, adibidez. Orduan, batek daki zergatik, jende multzo bat pentsatzen hasi zen “txirrindulari” hitzaren atzizkia -lari zela, -ri beharrean. Hortik sortu zen “txirrindula” gorrotagarria!

    Ze iruditzen?

  5. Santiren testuak oso gustura irakurri ohi ditut, santizalea naiz (ez santujalea), baina oraingoan ez du asmatu. Txirrindula ez da txirrindulariren ebaketa oker batetikoa (barka Beñat), baizik eta asarasuak eta bestek esan bezala TXIRRINDOLAren aldaera, txrrindu/txirrinda/txirringa bezala, batuan txirrika (polea) ere esaten denaren hedakuntza semantikoa, gurpilei lotua.
    Bizikleta ez da gaitzestekoa, baina besteak ere ez (batuan aldaera bat hobetsi behar litzateke, dena den).

  6. Ikusten dut txirrindularen kontrako nire jarrerak ez duela nik uste bezain oinarri sendorik. Eta oraindik bizikleta nahiago badut ere, anitz ikasi dut txirrindulari buruz. Esker mila, beraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude