Txirrindulan etorri naiz oraintsu

Santi Leoné

Lagun baten arabera, euskaran hitz batzuek izan duten arrakasta printzipio honen arabera baizik ezin daiteke azaldu: “zenbat eta arraroagoa, orduan eta euskaldunagoa”. Badira solasak, teorian existitzen ez direnak edo gaizki eratuak daudenak, baina mamuak bezala nonahi agertzeko gaitasuna dutenak: txirrindula da horietarik. Nire ikasle gehien-gehienak txirrindulan etortzen dira eskolara, edo txirrindulan ibiltzen dira mendian barna, edo txirrindula erabili nahiago dute autobusa hartu baino. Txirrindula ez dator hiztegietan; Orotarikoan agerpen bakarra du, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua liburukoa (“Txirrindulan etorri naiz oraintsu: aisa egiten da orrela lau kilometrotako bidea”), eta xori batek erran zidan ez ote zen huts bat izan; baina D ereduko ikastetxeak txirrindulaz beteak daude.

Solas horren kontrako borroka nire klaseetara eramaten dudalarik, normalean haren aldeko hiru arrazoi ematen dizkidate ikasleek: hitz polita dela (eta horrek parada ematen dit “zenbat buru, hainbat aburu” esamoldea irakasteko); txirrindularia-tik heldu dela (eta, horri esker, historialariek historiala ikertzen dutela ondorioztatzen dugu); eta, azkenik, hasmentan aipatu printzipioari men eginez, bizikleta espainola dela, baina txirrindula euskalduna. Hirugarren argudioa, halere, franko badaezpadakoa da, zeren txirrindula hartzen ez dutelarik, gehienek kotxea erabiltzen baitute, eta ia-ia inork ez autoa.

Nolanahi ere, hitza noraino hedatu den ikusita, nik bi aterabide ikusten ditut: a) Euskaltzaindiak txirrindula hitza onartzea eta Hiztegi Batuan sartzea; edo b) erakunde batek –akaso Euskaltzaindiak berak– lelo hau eramanen lukeen elastiko bat salgai jartzea: “Txirrindularik? Ez, eskerrik asko. Bizikleta”. Ni, bistan da, bigarren aukeraren aldekoa naiz.