Mikel Taberna Irazoki
Endarlatsa aldetik joanda, orain dela urte mordoxka bat bazen Irungo sarreran zirkulazioko seinale bat “Irun Erialdea” jartzen zuena, Behobia baino lehentxeago[1]. Errotulu hark ez zigun erakusten nontsu zeuden erietxeak, nahiz eta hala pentsatu zenbaitek. Puntu kardinal bat aipatu nahi zigun: sortaldea. Letra truke bat gertatu zen, nonbait, eta inor ez zen ohartu bide bazterrean paratu zuten arte. Hala egonik ere, ez dakit zenbat izan ote ginen huts hari erreparatu genionak. Inork egin ote zuen kexa ofizialik? Luzaro iraun zuen hantxe, ni nerau lekuko. Salaketa moduko idazki bat atera zen orduko prentsan. Ohartarazi ondotik, haren ardura zutenek deus egin ote zuten?[2]
Euskaraz testua sortzen duenak (itzultzailea izan edo ez) bere proposamena beldurka uzten du frankotan erabiltzailearen eskutan. Zenbat aldiz ez ote dituzte mezuak desitxuratu batean eta bertzean, bulegoan, inprimategian edo tailerrean. Bezeroari gure sorkaria eman ondotik, komeni izaten da, ahal izanez gero, hark prestatzen duen euskarriari azkeneko begirada ematea.
Irungo errotuluaren kasuan bezalaxe, gure itzultzaile lanean gertatu izan zaigu testuaren hartzaileari ohartarazi behar izatea letra bat edo dena delakoa gaizki paratu dutela eta zuzendu beharko dutela errotulua, inprimakia, kartela. Jeneralean, kasu egiten du jendeak, entenditu eta onartzen du. Baina ez da beti hala izaten. Erantzun izan digute ea merezi ote duen egina dagoena desegitea, gastua handitzea, etab., huskeria batengatik. Ez digute erraten, baina segur aski pentsatu bai: “gainera, euskaraz; nori inporta zaio euskaraz zer-nola dagoen idatzirik?”.
Behin, hauteskunde batzuetako gutun-azalean euskarazko hitz bati trakeskeriaren bat egin zioten. Nahiz eta ordukoz inprimatuak zituzten ez dakit zenbat ale, hura nola edo hala zuzendu behar zen. Gure lankide lesakarrak telefonoa hartu eta argi azaldu zion amore eman nahi ez zuen erdaldun kaskagogorrari zergatik ezin zen onartu akatsa: “Gaztelaniaz ‘ELECCIONES’ behar zuen tokian L-aren partez R idatzi izatera, harekin zer? Hura ere bere hala utzi?”. Agudo isildu zen orduko bertze adiskide hura, eta euskaraz oker egina segituan konpondu zuen.
Dena dela, nik erran beharrik ez da, zeuek ere aski ongi dakizue eta, ikaragarria da zenbat horrelako dagoen toki guzietan. Orain, azkeneko moda, itzultzaile automatikoaren bidez euskaraturiko (edo) testuak erakusten dizkigu edozeinek lasai ederrean. Batzuek ez dute asmo gaiztorik izanen, usteko dute eskaini dieten tresna horrek bere lana bikain eginen duela, baina a ze astakeriak web orrietan, paperezko prentsan… Barkaezinak.
Nolanahi ere, bistara agertzen zaizkigun xelebrekeria guziak ez dira ezjakintasunaren edo zabarkeriaren ondorio izaten. Lantokietan, batzuetan, ezin beti serio-serio aritu, nahita desitxuratzen ditugu hitzak edo iruzkin aldrebesak txertatzen ditugu, geure buruarekin edo gure lankideekin txantxetan. Normalean horrelako gauzak ez dira norberaren bulegotik irteten, baina tarteka ustekabeak ere gertatzen dira eta kanpora ateratzen (argitalpen baten paperera edo Internetera); lagun arteko broma zena problema larri bihur daiteke.
Horrela gertatu zaio berriki Noticias de Gipuzkoako kazetari bati; txorakeria iraingarri bat idatzi zuen politikari baten argazkiaren azpian, baina gero hura ezabatzea ahantzi, eta nahi izan zuen orok ikusi zuen. Ez dakigu ondotik zer gertatu zen, baina gaiari buruz dezente idatzi da, eta segur aski kulpanteak aditu izanen du nahi ez zuen zerbait.
Gure lantokian ere izan dugu gisa bertsuko konturik. Zuetako aunitzek jakinen duzue gure erkidegoko aldizkari ofizialerako testuak euskaratzen ditugula, bertzeak bertze. Oroitzen naiz aldi batean lankide batek, irri egiteko ideiarekin, desitxuratu egin zuela iragarki baten izenburua bere itzulpena zuzentzaileari eman baino lehen; zuzentzaileari adarra jo nahi zion, baina gero testua zuzenduko zuen, argitaratu baino lehen. Ez dizuet erranen zer idatzi zuen, baina, hobeki entenditzeko, eman dezagun “PORRU LEGEA” idatzi zuela (ez zen hori) “FORU LEGEA” idatzi beharrean. Deskuidatu ginen eta halaxe argitaratu zen, baina paperean bakarrik; oraindik ez zen aldizkaria sarean argitaratzen. Aspaldiko kontua da, baina ez dut gogoan hark zigorrik edo gisa horretakorik inori ekarririk. Inorentzat kastigurik ez izatea ongi da, baina, bertzalde, pentsatzen hasita, etxe guzietara sartzen den hemengo prentsaren eta, oro har, iritzi publikoaren gurekiko soraiotasun horrek ere ez dit orain grazia handirik egiten. Hurrengoan zerbait fuertexeago paratu beharko dugu, ea kasu gehiago egiten diguten.
[1] Hara, aitzinekoan zirkulazio seinale bateko gure “oker egite” bat aipatu nuen, eta orain bertzeona salatzen ari naiz; kasualitatea da, ez dut arlo honetan espezializatzeko asmorik.
[2] Irungo “Erialdea” oraindik ere esistitzen da (eta Irundik aparte bertzeren bat ere bai), Interneten bederen, baina ez da letra truke batengatik letra falta batengatik baizik (“Erialdea/Centro”); ikus, 2010eko agiri honetan: http://movilidad.irun.org/docs/resum en_ejecutivo.pdf