Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Lizarrako Karlismoaren Museorako itzultzen ari naizen testu batean regente hitza aipatzen da bitan. Hitza, lehenik, Espartero izendatzeko agertu zait (el regente) eta gero, aldiz, Maria Kristina (la regente). Hasieran, ez diot kontuari inolako koskarik ikusi, eta erreginorde itzuli dut bietan. Hala behar duela pentsatu dut, biak baitzeuden Isabelen, hots, geroan erregina bihurtuko zen neskato baten ordez. Duda izan dut erreginaorde edo erreginorde behar zuen, baina jirabira handiagorik gabe ebatzi dut kontua. Baina, baina, agian, beharbada… Zalantzaren argi horia piztu zait buruan: eta kontua baldin bada Maria Kristinari erreginorde esan behar zaiola emakumea zelako eta Esparterori, aldiz, erregeorde gizona zelako? Korapiloa ezin askatuz nabilenez, lankide batengana joan naiz laguntza bila. Hark ere nire hasierako arrazoibidearekin egin du bat eta bi-biak erreginorde/erreginaorde deitzeko gomendatu dit. Primeran. Alarmaren argia, ordea, hortxe dago beti, ñir-ñir, egoskor. Hiztegian begiratuko dut. Idatzi dut hitza Euskalbarren, klik egin dut Elhuyar hiztegian eta:
regente
- 1 adj./s. erregeorde
María Cristina de Borbón fue regente durante la minoría de edad de la reina Isabel II: Maria Kristina Borboikoa erregeorde izan zen bere alaba Isabel II.a adinez txikia izan zen bitartean.
Harri egina nago, begiak arranpalo. Alarmaren argia gorri bilakatu da eta burutik urdaileraino amildu zait ziztuan. Denok eramaten ditugu beti, gure begien aurrean ongi atxikirik, munduari so egiteko geure betaurrekotxoak, anitz jendek bereak sumatzen ere ez dituen arren, hain izan daitezke ikusezinak, hain egon daitezke gure begitarteari bikain doituak. Nik ere hortxe dauzkat neureak, sudur gainean beti, nire soa zorrozten eta luzatzen, batzuetan, eta kamusten eta laburtzen, bestetzuetan; nire ulermena baldintzatzen betiere. Oraingoan, dena den, entzungor egin nahi diet betaurrekoen iradokizun isilei, oraingoan ez diot gaiari ertz horretatik heldu nahi, goxoa eta alaia baita uda aurreko giroa bazterrotan. Entzierroko lehen hesiak karriketan daude ja. Urtero legez, iruindar etxezuloenak ere kalezale eta jendekoi bihurtu zaizkigu bat-batean, hiriko festen aitzineko giroaren aparra gora hasia den seinale. Ez da kalakan hasteko abagunea. Oraingoan betaurrekoak erantziko ditut bada, puska baterako bederen. Ez ote diren astunegiak; antiojo arinagoak behar ditut gaur, urdaileko argi more ñirñirkaria itzaliko didatenak Maria Kristina Borboikoa erregeorde izan zela idazten dudan bitartean. Azken batean, errege-erreginen istorio horiek garai zaharretako kontuak baino ez dira.
Neu ere denbora gutxirekin nabil-ba, eta ezin ganorazko erantzunik eman boteprontoan.
Baina boteprontoan zeozer, eta hauxe: Historia ikasi duen edonorentzat gogortxo egiten da “virrey” eta “regente” ez bereiztea (eta azken urteotan “erregeorde” masiboki erabili dugu “virrey” esateko, ez “regente”); areago, oker ez banago Espartero ez bezala, Maria Kristina “reina gobernadora” izan zen, ez “regente” (egiaztatu beharrekoa datua, nolanahi). Titulu-dantza horren atzean gatazka politiko latzak eta bereizketa juridiko bipilak zeuden. Enfin, honetaz ondo jantzita dagoen historialariren batekin kontsultatzea ez litzateke alferrikakoa. Eta barkatu lanak ematea, baina testua izan daiteke guztiz korrektoa euskaraz, baina erabat inkorrektoa Historiaren ikuspuntutik.
Gauzak horrela neuk “erregentea” proposatuko nuke, eta kitto.
Zenbat kalte ez digun egiten purismoak!
Purismoaz ari garela Pruden (orai soil buruz purismo lexicala, zeren ondo daquizun lez ez da bakarra) zergatic hobesten duzu erregente formea aitzinean regente? Zein da bi mormen artean realago eta gueureago?
Ba daquigu ongui guziac nola euscarazco hizteguiac dagoz ongui infectatuac diotelaric emaiten bizcar realitate socialari, hots egungo euscaldunac eguiazqui darabilgun mintzoari. Ikus gai hontaz azquen liburua hon Xabier Amuritza titulatzen Zazpi Ebidentziak (erran nahi bait du hemen gure Xabierrec evidentziak).
Hitz batean, gure oraico casuan tcharrena ez litzateque erabiltzea regente euscal hitza, seguru, hurbilenic dagoena realitateari, ki gu euscaldunac oro.
“erreginaorde/erreginorde” hitzaren osaerari buruzko zalantzari dagokionez, “erreginaorde” behar luke, nire ustez, “ahizpaorde”, “alabaorde”, “aitaorde”… arautuetan jokatu den bezala (“anaiorde” da salbuespena, baina badakigu horretan berezia dela “anaia”; adibidez, “anai-arrebak”).
“erregeorde/erreginaorde” bikoteari dagokionez, esango nuke “erregeordea” emakumezkoa izan daitekeela baldin eta “erregearen ordez” badago edo “erregetzat” hartzen bada. Halaber izan liteke “erreginaorde” gizonezkoa, baldin eta “erreginaren ordez” badago edo “erreginatzat” hartzen bada.
Alegia, “erregeordea” lurralde bat erregearen ordez gobernatzen
duen agintaria bada, “erreginaorde” lurralde bat erreginaren ordez gobernatzen duen agintaria izango da.
Horiek horrela, hiztegian agertzen den adibidea desegokia da: ezinezkoa litzateke “erregeorde” izatea erregina izango zenaren ordez ari zen pertsona baten kargua izendatzeko hitza.
Alegia, ez dela harritzekoa Itziarren harridura.
“Erreient” eta “Erreienzia” darabiltza J. B. Orpustanek —Frantziako Erreienta izan dena… Erreienziako hatsarrean…— (ikus Versaillesko Gortean, Louis de Rouvroy Saint-Simon dukearen oroitzapenak, Abacus Editions, Miarritze 2003)
Dudaric ez dagoque ze nahi dugun hitza dela eraikia -lexicalqui- gainean hon regente eta regentzia (barruan hon varietate historico guziac ezen Orpustanen erreient eta erreienzia edo regente eta regentzia edo erregente eta erregentzia, direlaric variante guziac direnac giratzen ardatz lexical beraren inguruan). Ez da dudaric, orduan, zein den hitza lexicalqui nola lehen nola orai.
Zer argudiatu al da contrara?, lexicalqui prefosta.
Artikulu honi esker, Elhuyar hiztegien atariko “regente” sarrera zuzendu dugu, eta Alfontso Mujikak eman duen arrazoiagatik “erreginaorde” ordaina gehitzeaz gain, adibidea ere aldatu dugu.
Bestalde, proposatzen diren beste ordainekin (“erregente” eta “erreient”) gure zalantzak ditugu, eskura ditugun hiztegietan eta corpusetan aurkitutako adibideak urriak baitira. Horregatik, polikiago aztertu beharreko kontua dela deritzogu.
Mila esker guztioi gure hiztegia hobetzen laguntzeagatik.
Baina, halere, mundua da biribila. Da factua. Da ukatzea realitatea, realitate evidente, diaphano, constatablea.
Itziar, Alfontso, “erreginaorde”-arekin-ba, ez nago ni hain seguru.
Alegia, denok entzun edo irakurri dugu zerbait Ingalaterrako Viktoria erreginari buruz (1819-1901), eta denok, baita ere, entzun eta irakurri dugu zerbait errainaldi horretako Indiako… erregeordeari buruz!
Ez dakit ingeles askorik, baina ingelesezko wikipedian badirudi ez dutela mota horretako eskrupulurik sexuarekin (barka! generoarekin esan behar nuen!), hor beti baita “Viceroy of India”. Adibidez:
“In 1858 the term Viceroy of India was added to the office, but this title was abandoned in 1947 when India and Pakistan gained their independence”
http://en.wikipedia.org/wiki/List_of_Governors-General_of_India
Txantxak alde batera utzita, egia da Itziarren dioena, oso xelebre atera daitekeela euskarazko testu bat mota horretako zehaztapenak kontuan hartzen ez badira, baina bestalde “erreginaorde” erabiltzea… ez dakit-ba, nahikoa anakronikoa egiten zait: duela oso gutxira arte ez dugu kezkarik izan generoarekin, eta titulu historikoak horrela manipulatzea… zilegi da, jakina, baina ez dakit komenigarria ote den. Martxa honetan laster norbaitek “monarkaordea” proposatuko du, bakea egite aldera…
Bestalde, Viktoria erregina bera “Queen” izateaz gain “Empress of India” zen, baina haren ordezkari gorena kolonian inoiz ez zen izan “enperatrizordea”, baizik eta, berriz diot, “Viceroy”. Termino hori neutroa dela ingelesez, eta “erregeorde” ez dela neutroa euskaraz? Baina inplizituki denok dakigu Inperio Britanikoaren garaian posible zela erregina bat izatea (errege baten ordez) baina praktikan ia guztiz ezinezkoa emakumezko erregeorde bat izendatzea (wikipediako sarrera horretan bertan Indiako zerrenda osoa duzue, 45 gizonezko, asko Viktoria erreginaren garaian, eta zero emakumezko). Beraz, esango nuke “Viceroy” terminoa ere ez dela oso neutroa, beti gizonezko bati dagokio.
Ez dakit, zalantzaz geratzen naiz. Agian ez dago hain txarto beti “erregeordea” erabiltzea. Agian “erregeorde titulua” bezalako itzulpen esplikatibo bat gehitzea (beharrezkoa denean) soluzio bat izan daiteke.
Zorionez “erregente”-arekin ez dugu arazo hori. Bide batez, uste dut “g” tokatzen dela, “errege”-ren ahaide hurbila denez gero; “errejent”, “errient” eta antzekoak beste esanahi bat dute euskara arruntean, eta nahasketak egon daitezke zentzu berri bat hain arbitrarioki esleitzen badiegu (Orpustanen testuetan ziur aski testuinguruak laguntzen du esanahia ez nahasten).
Tori, Itziar, antiojo arinago batzuk. Bilbainada horietako bat omen: Disen que viene reina visita Bilbora, la principe txikito con ella venerá….