Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Lizarrako Karlismoaren Museorako itzultzen ari naizen testu batean regente hitza aipatzen da bitan. Hitza, lehenik, Espartero izendatzeko agertu zait (el regente) eta gero, aldiz, Maria Kristina (la regente). Hasieran, ez diot kontuari inolako koskarik ikusi, eta erreginorde itzuli dut bietan. Hala behar duela pentsatu dut, biak baitzeuden Isabelen, hots, geroan erregina bihurtuko zen neskato baten ordez. Duda izan dut erreginaorde edo erreginorde behar zuen, baina jirabira handiagorik gabe ebatzi dut kontua. Baina, baina, agian, beharbada… Zalantzaren argi horia piztu zait buruan: eta kontua baldin bada Maria Kristinari erreginorde esan behar zaiola emakumea zelako eta Esparterori, aldiz, erregeorde gizona zelako? Korapiloa ezin askatuz nabilenez, lankide batengana joan naiz laguntza bila. Hark ere nire hasierako arrazoibidearekin egin du bat eta bi-biak erreginorde/erreginaorde deitzeko gomendatu dit. Primeran. Alarmaren argia, ordea, hortxe dago beti, ñir-ñir, egoskor. Hiztegian begiratuko dut. Idatzi dut hitza Euskalbarren, klik egin dut Elhuyar hiztegian eta:
regente
- 1 adj./s. erregeorde
María Cristina de Borbón fue regente durante la minoría de edad de la reina Isabel II: Maria Kristina Borboikoa erregeorde izan zen bere alaba Isabel II.a adinez txikia izan zen bitartean.
Harri egina nago, begiak arranpalo. Alarmaren argia gorri bilakatu da eta burutik urdaileraino amildu zait ziztuan. Denok eramaten ditugu beti, gure begien aurrean ongi atxikirik, munduari so egiteko geure betaurrekotxoak, anitz jendek bereak sumatzen ere ez dituen arren, hain izan daitezke ikusezinak, hain egon daitezke gure begitarteari bikain doituak. Nik ere hortxe dauzkat neureak, sudur gainean beti, nire soa zorrozten eta luzatzen, batzuetan, eta kamusten eta laburtzen, bestetzuetan; nire ulermena baldintzatzen betiere. Oraingoan, dena den, entzungor egin nahi diet betaurrekoen iradokizun isilei, oraingoan ez diot gaiari ertz horretatik heldu nahi, goxoa eta alaia baita uda aurreko giroa bazterrotan. Entzierroko lehen hesiak karriketan daude ja. Urtero legez, iruindar etxezuloenak ere kalezale eta jendekoi bihurtu zaizkigu bat-batean, hiriko festen aitzineko giroaren aparra gora hasia den seinale. Ez da kalakan hasteko abagunea. Oraingoan betaurrekoak erantziko ditut bada, puska baterako bederen. Ez ote diren astunegiak; antiojo arinagoak behar ditut gaur, urdaileko argi more ñirñirkaria itzaliko didatenak Maria Kristina Borboikoa erregeorde izan zela idazten dudan bitartean. Azken batean, errege-erreginen istorio horiek garai zaharretako kontuak baino ez dira.