Asier Larrinaga Larrazabal
Zuk ere nahikoa baderitzozu Bilbon euskarak udalaren aldetik jasaten duen gutxiespenari, egin klik hemen.
Asier Larrinaga Larrazabal
Zuk ere nahikoa baderitzozu Bilbon euskarak udalaren aldetik jasaten duen gutxiespenari, egin klik hemen.
Kaixo, Asier. Azalduko al dizkiguzu mezu honen nondik norakoak? Eskerrik asko.
Atsegin handiz, gainera.
Udaberriarekin batera, Bilboko Areatza, Uribitarte eta inguru hori guztia ekitaldiz betetzen da zapatu-domeketan. Ederto! Haurrei zuzenduta gehienak. Zoragarri! Kirola izaten dute ardatza. Bikain!
Ekitaldiak irauten duen bitartean, esatari bat aritzen da gertaera, jokaldi eta gainerako gorabehera guztien berri ematen. Inguruan bizi garenon edo/eta ibiltzen garenon bakeak eta patxadak ordaintzen dute bilbotar gaztetxoen eta hazixeagoen asaskatu beharra. Zer egingo diogu, ba!
Asteetan ez dut hitz bat ere entzun euskaraz! Han! Orduetan eta orduetan jardun dute isildu barik, eta den-dena gaztelaniaz egin dute! Brrr! Lehengo larunbatean, Bizkaiko Saskibaloi Federazioak antolatu zuen goiz eta arratsaldeko jardunaldian, karteletako «BSF – FVB» zen euskarazko usaina zeukan gauza bakarra. #@%*&!
Nahikoa da! Hiri-espazioa okapatu nahi dutenek, denon espazioa denez gero, errespeta dezatela euskararen ofizialtasuna. Eta euren borondatez errespetatzen ez badute, aginte publikoek errespetarazi beharko diete.
Hona Bilboko Udaletik etorri zaidan erantzuna.
**************************************************************
Egun on.
Hartu berria dugu zure kexa, Bilboko hiri-espazioa erabiltzen den ekitaldietan euskara baztertzen dela salatzen duena.
Egia esateko, ez naiz ausartzen euskararen bazterketa modu sistematikoan gertatzen dela esatera, baina bai onartu behar dut aipatzen dituzuen hiru ekitaldietan hizkuntza ofizial biek ez zutela inola ere berdintasunezko trataera izan antolatzaileen aldetik.
Bilboko Udaleko Espazio Publikoaren bulegoak hiri-espazioa okupatzeko ematen dituen baimenetan argi eta garbi esaten da 12. puntuan:
«Baimendutako edozein ekitalditan antolatzaileek zainduko dute arreta bereziaz ekitaldiko komunikazio-ekintzetan izaera elebiduna, euskaraz eta gaztelaniaz izatea, baita izaera elebiduna ahalbidetzen duten instalazio elementuetan ere».
Alde horretatik, arautua dagoena behar den moduan betearazi eta hutsunea zuzentzeko, harremanetan jarri gara Espazio Publikoaren bulegoko arduradunekin, holakorik berriro gerta ez dadin.
Gure aldetik zure kexa eskertu nahi dugu, gure hizkuntzaren normalizazio bidean beste aurrerapauso bat ematen laguntzen duelako, aipatutako normalizazioa guztion arteko kontua da eta.
Bilbon, 2014ko ekainaren 12an.
EUSKARA, GAZTERIA ETA KIROL SAILA
*********************************************************************
Ikusiko dugu hemendik aurrera zer gertatzen den. Dena dela, gutun horretan arazoa hiru anekdotatara murrizteko jarrera sumatzen dudanez gero, garbi esan nahi dut euskara baztertzea sistematikoa dela.
Lehengo asteburuan, paddle surfeko festibala egin zen larunbat goizetik igande eguerdira arte, eta euskaraz hitz bat ere ez zuten esan. Ingelesez bai, ordea. Banuen susmoa egunen batean horrelako zerbait gertatuko zela.
Biba zu, Asier!
Aunitzek zuk bezalaxe pentsatu, baina segur aski guttiegik ematen dugu kexa aurkezteko pausoa; eta hori (ere) gure esku dago.
Zure gonbitak gogora ekarri dit berriki Nafarroan euskarari (euskaldunoi? nafar guzioi?) eginiko azken erasoetako bat dela medio aktibatu den erantzuna. Itziar Diez de Ultzurrunek zeharka aipatu zuen hementxe berean (oroit “Koxkak” izenekoaz, ez baitakit esteka nola egin erantzun batean): Ogasun Administrazioko lanpostu batzuk betetzeko oposizioetarako deia egin da, eta ingelesez jakiteagatik puntu mordoxka bat eskura daiteke (lanpostu horietan aritzeko ez da itxuraz beharrezkoa ingelesez jakitea inondik inora) baina euskaraz jakitea ez da kontuan hartzen, 0 puntu. Bada, kontu horren larritasunaz zenbait hasi ginen marmarka han eta hemen, baina inork deus egin ez; erakundeek ere ez (sartu hitz horren azpian gogoratzen zaizkizuen mota guziak). Zu bezalako pertsona batek erabaki zuen zerbait egin behar zuela, eta egin zuen. Berak bereak egin zituen eta akuilu izan zen bertze batzuei eginarazteko. Ondorioa? Errekurtso administratiboa aurkeztu zuten bi pertsonak, Arartekoak txostena egin zuen (Gobernuari kargu hartuz, gure eragilearen arrazoien alde), alderdi politikoek gaia plazaratu zuten Parlamentuan, prentsan oihartzuna izan du, etab. Hor geldituko da kontua, baina deus ez egitetik izan denera bada aldea. Bertzalde, hor geldituko da kontua, gaia jurisdikzio arruntera eramateak dakarren gastua ezin duelako pertsona horrek bakarrik bere gain hartu, nahiz eta zenbait legelariren iritziz auzia irabazteko aukera badagoen. Horrek ere pentsarazten dugu garenaz, dugunaz, behar genukeenaz eta falta dugunaz, ez?
Kezka handiz jarraitzen dut Nafarroatik etortzen den informazioa.
Eta uste dut, halako oldarraldien aurrean, euskaldunon erantzunak hiru zimentarri behar dituela: ausardia, irudimena (Bego Montoriok azken artikuluan aldarrikatu bezala), eta diskurtsoa.
Horiek gabe ez goaz inora.