Itzulpenaren argi-ilunak

Iñaki Iñurrieta Labaien

Administrazio-prosa itzulia asko aurreratu da azken 30 urteotan. Uste dut denok gaudela ados horretan; garai batean baino askoz testu irakurgarriagoak ematen dira euskaraz gaur egun. Ahalegin handia egin da testuek korri dezaten, ahalik eta argienak izan daitezen. Hori zen helburua, hori izan da kontsigna nagusia, eta IVAPek ondo markatuta utzi zuen bidea Hizkera argiaren bidetik liburuan (1994).

Ahalegin horretan zorroztu dituzte begia eta luma itzultzaile askok. Irakurle zorrotz izan beharra zegoen jatorrizko testu maiz ilun, lauso, gaizki idatziak interpretatzen asmatzeko eta ondoren, behar izanez gero, testua berrantolatzeko, testu irakurgarriak lortzea helburu. Ahalegin horien guztien ondotik, jatorrizkoa baino prosa argiagoa da askotan euskarazko itzulpena.

Aspaldi ez dela, Administrazioko langile batzuekin kontu hauez ari nintzelarik, ekarri zuen solasak nola izan daitezkeen Administrazioaren zenbait testu hain bihurri idatziak. Eta jakin nuen ezen jatorrizko testuen iluntasun edo lausotasuna ez zaiola beti zor idazlearen zabarkeriari edo estilo txarrari; izan daitezkeela beste arrazoi batzuk.

Arrazoi bat Igone Zabalak behin hemen esandakoa da, noski: ulergaitz izatea berezko helburua dela askorentzat, profesional asko bizi baita Administrazioaren eta herritarren arteko bitartekaritza horri esker.

Beste arrazoi bat honako hau izan daiteke: arau bat egiten denean, errekurritu egingo dutela uste bada, ilun uztea komeni da, legea egin duenak aukeran izan dezan irtenbideren bat errekurtsoaren aurrean. Esate baterako, gobernu zentralak ohiz kanpoko soldata bat ez ordaintzeko araua emana badu eta gobernu autonomoak ohiz kanpoko soldata hori ordaintzeko araua ematen duenean.

Letra ilun uzteko hirugarren arrazoi bat politikoa izan daiteke, politiko hitzaren adiera estuagoan; aurrez aipaturiko arrazoiak ere politikoak baitira, jakina. Esate baterako, zurian beltz jartzen denaren atzean dagoen auzia sakonera politiko handikoa eta oso korapilatsua bada, eta aldi berean irtenbide bat eman behar bazaio nahitaez, eztabaidan diren parte guztiek adostu dezakete gauzak lauso jartzea. Lauso jartze hori bera aurrerapausoa da denentzat, soluzio bat aurkitu beharra nahitaezkoa bada baina hoberik ez badago.

Demagun Estatu-auzi politiko sakon, irtenbide zaileko baten aurrean gaudela, hain dira kontrajarriak batzuen eta besteen helburuak. Oso ikuspegi, interes eta helburu kontrajarriak izanik, hala ere nahitaezkoa da denentzat ataka horretatik itun baten bidez irtetea, egoera hari irtenbide itundu bat ematea. Orduan, testua adosten da halako moldez non testu horrek interpretazio kontrajarri horiek denak ameti litzakeen in potentia. Alegia, letra ilun hori interpretatzeko moduak irekita uzten dira, gero eragile batzuek eta besteek joko-eremu bat izan dezaten gauzak beren interes desberdinen arabera interpretatzeko.

Demokrazia ulertzeko bi modu daude argi-itzaletarako joera horien atzean, iruditzen zait. Bat, plain language edo euskara argiaren bidetik lihoakeena da: gauzak ahalik eta argien eta zehatzen adieraztea da xedea, ahalik eta ulergarrien herritarrentzat, hartara denek jakin dezaten zer egin daitekeen eta zer ez, zertara behartuak diren, zergatik…

Beste interpretazioaren arabera, joko-eremua geroaldi balizko batera atzeratzen da, alde batek, boterea duenak, badakielako, edo uste duelako, geroaldi horretan ere bere alde izango dituela instantzia erabakitzaileak, edo kontrolpean izango dituela; eta beste aldeak, ahulagoak, uste edo espero duelako botere-egoera hori aldatu egin daitekeela gerora, eta abagune hobe bat noiz agertuko zain geratzea komeni zaiola, non interpretazioa aldekoago izango baitu.

Puntu horretara heldurik, pentsa liteke hori jada ez dela itzultzailearen egitekoa, hor Artxihermeneutaren alorrean sartzen garela: Hasieran Hitza zen, eta harrezkero Oro da Testu Iruzkin. Edo pentsa liteke itzultzaileak izan behar duela gai horretarako ere; alegia, bere lanabesak neke handiz zorroztera iritsi ondoren, are gehiago zorroztu behar dituela, zertarako eta jatorrizkoaren lausotasun bera zehaztasun osoz emateko.