Aditz-kohesioa eta modalizazioa euskarazko ikerketa-testuetan: zenbait gogoeta

Igone Zabala Unzalu

Maiatzeko artikuluan ikerketa-testuetan erabiltzen diren aditz-jokoez aritu ginen. Orduan ingelesezko eta gaztelaniazko corpusen azterketetan oinarritutako ikerketa sendoen emaitzak azaldu genituen. Ikerketa-artikulu espezializatuak ingelesez edo bestelako hizkuntza handietan argitaratu ohi direla esaten genuen baina, hala ere, egun ez direla gutxi unibertsitatean euskaraz idazten diren ikerketa-lanak: gradu bukaerako lanak, master-tesiak eta doktoretza-tesiak, besteak beste. Aurreko artikuluaren jarraipen logikoa, beraz, euskarari buruz zerbait esatea dateke baina, corpusetan oinarritutako ikerketa sakonen emaitzak eskaintzerik ez dugunez, adibide gutxi batzuetan oinarritutako gogoeta txiki bat baino ez dugu egingo.

Ikerketa-lanak espezialitate-alor bateko jakintzaren garapenari egiten zaizkion ekarpenak dira. Komunitate zientifiko baten kideak urratsez urrats garatzen doaz, elkarlanean, ikerketa-ildo bat, eta ikerlan bakoitza ale txiki bat baino ez da lankidetza horretan. Ez da nahikoa ikerketa egitea, lana ez da bukatuta egongo ikerketa horren emaitzak dagokion ikertzaile-komunitateari ezagutarazten zaizkion arte. Hortaz, esan daiteke ikertzaileak jakintza-komunitate baten kide ez ezik, diskurtso-komunitate espezializatu baten kide ere badirela. Ildo horretatik, ikerketa-lanetan funtsezkoa da dokumentazio-fasea, gure lana beste batzuek egindako lanen testuinguruan egokiro kokatuko dugula bermatu beharko duena. Dokumentazio-fasea eta ikerlanaren fase esperimentala bukatutakoan, egindako lana testu batean islatzeko unea iritsiko da, alegia, gure komunitate epistemiko-diskurtsiboaren gainerako kideei ahoz edo idatziz lortutako emaitzak eta ondorioak komunikatzeko unea. Testua gure diskurtso-komunitatean finkatutako testu-generoen arabera egituratu beharko dugu. Hortaz, bereizi beharko ditugu hasierako laburpena (abstract), lan osoaren berri labur eman beharko duena, eta aurrera eramandako ikerketa azalduko duten atalak: sarrera, material eta metodoak, emaitzak eta eztabaida, eta ondorioak. Testuratze prozesuan, askotariko diskurtso-helburuei aurre egin beharko diegu eta, une oro, helburu horietarako hizkuntza-baliabide egokienak bilatzen saiatu beharko gara. Besteak beste, aditz-joko egokiak hautatzen joan beharko gara ahotsen kudeaketa eta modalizazioa gure diskurtso-helburuekin egokiro uztartzeko eta, era berean, aditz-kohesioa deritzon testualtasun-baldintza zaintzeko.

Ahotsen kudeaketari dagokionez, une oro zaindu beharko dugu ondo bereiztea gure komunitate zientifikoan oro har onartutzat eta finkatutzat hartzen den jakintza, egile jakin baten edo batzuen lehenagoko ekarpenak, aurreko lan batzuetan guk edo gure ikerketa-taldeak egin dituen ekarpenak eta esku artean dugun testuan aurkezten ari garen lanaren ekarpena. Lanaren izaeraren eta edukiaren arabera, lau plano horiek lanaren atal guztietan ager daitezke, baina gerta daiteke baita horietako batzuk bakarrik agertzea ere. Nolanahi ere, diskurtsoa egokiro antolatuko badugu, erabiliko ditugun aditzen pertsonak eta aldiak egokiro hautatu beharko ditugu, une oro zer planotan ari garen garbi gera dadin.

(A) Finkatutzat hartzen den jakintzarekin lotutako baieztapenak orainaldi burutugabean (da, dauzkatela, ageri da..) edo burutuan (neurtu izan da…) adierazten dira eta hirugarren pertsonan edo inpertsonalean ager daitezke. Izan ere, baieztapen horien subjektuak hizpide ditugun objektuak, fenomenoak edota datuak izango dira maiz (detritua, makroalgek, makrofitoen ekoizpen primarioari buruzko datu gutxi…) eta, beste batzuetan, ikertzaileen komunitatearen barruan kokatzen diren zehaztu gabeko subjektuak (oro har onarturik dago, neurtu izan dira…).

(1) Detritua esekiduran dagoen materia organiko partikulatuaren zati garrantzitsua da, batez ere oso sakonak ez diren itsasadarretan…

(2) Oro har onarturik dago makroalgek landare baskularrek baino karbohidrato disolbagarri gehiago dauzkatela

(3) Mundakako itsasadarrean dauden makrofitoen ekoizpen primarioari buruzko datu gutxiageri dabibliografian.

(4) Oro har, itsasadar honetako ekoizpen primarioa fitoplanktonaren ekoizpen primario modura neurtu izan da.

(B) Egile jakin baten edo batzuen lehenagoko ekarpenarekin lotzen diren ideiak adierazteko orduan, hainbat egoera egon daitezke:

(B1) Berrikustapen bibliografikoan ondo ezarritako ideiei oinarri sendoa emateko beste ikertzaile batzuen lanei erreferentzia egiten zaienean, lanak beraiek hauta daitezke subjektu modura (ikerketa ugarik, materia partikulatu bizigabeen erabilera aztertzen dituzten lanak,…) edota inpertsonala erabil daiteke (askotan aztertu dira, egin dira…). Bestalde, orainaldi burutua (ezagutarazi dute, aztertu dira, egin dira…)edo burutagabea (urriak dira…) erabil daitezke. Finkatutzat ematen diren ideiak orainaldi burutugabean azaldu ohi dira (osagai nagusia bada ere, beste osagai batzuk erabiltzen dituztela, erakusten dituzten erantzun fisiologikoak, berresekiduran dagoen…).

(5) Bibalbio iragazleentzako janariaren osagai nagusia fitoplanktona bada ere, ikerketa ugarik ezagutarazi dute itsas bazterretan molusku horiek sestonaren beste osagai batzuk erabiltzen dituztela energia-iturri modura: fanerogamoak (Lucas eta Newell 1984; Kharlamenko et al. 2008), makroalgak (Cranford eta Grant 1990),…

(6) Fitoplankton-espezie desberdinen aurrean bibalbio suspentsiboroek erakusten dituzten erantzun fisiologikoak askotan aztertu dira (Webb eta Chu 1981; Whyte 1987; Prins et al. 1991; Rouillon eta Navarro 2003), baina materia partikulatu bizigabeen erabilera aztertzen dituzten lanak urriak dira eta, gainera, horietariko gehientsuenak janari bezala berresekiduran dagoen sedimentua erabiliz egin dira (Frechette eta Grant 1991; Turner eta Miller 1991; Navarro et al. 1992; Velasco eta Navarro 2003).

 

(B2) Beste batzuetan, aldiz, beste egileen ekarpenak (metodologia, emaitzak, ondorioak) erkatu egiten dira azaltzen ari den lanaren ekarpenekin, dela ekarpen horiekin bat etortzeko, dela zalantzan jartzeko.

(B2.1) Beste ikertzaileen ekarpenak gure ekarpenekin bat datozenean, beste egileen lanetan edota gureetan finkatutzat ematen diren ideiak orainaldi burutugabean azal ditzakegu (eratzen dituzte, ekarpena altua da, garrantzitsua da, eragina du…). Honelako baieztapenen subjektuak hizpide ditugun objektuak, fenomenoak edo datuak izango dira ([Juncus eta Spartina algek], beraien biomasaren ekarpena, partikulen konposizio biokimikoa…). Besteen ikerlanei beraiei erreferentzia egiten diegunean, aldiz, orainaldi burutua erabil dezakegu (askotan aztertu da, eman dute horren berri,..). Baieztapenen subjektuak ikertzaileak edo beraien lanak izan daitezke (beste autore batzuek, beste lan batzuek…) eta, beste batzuetan, inpertsonalean gauzatuko dira baieztapenak (askotan aztertu da…). Erkaketaren beste aldea den gure lanari dagozkion azalpenak orainaldi burutuan adieraz ditzakegu, egin ditugun hautu metodologikoak, edo aurrera eraman ditugun prozedurak eta jarduerak azaldu behar ditugunean, eta inpertsonala edo pluraleko lehen pertsona aukeratu ditzakegu subjekturako (aukeratu dira, aukeratu ditugu…). Lanaren emaitzak edo ondorioak adierazteko, aldiz, orainaldi burutugabea erabili beharko dugu maiz; honelako baieztapenen subjektuak datuak, emaitzak edota hizpide ditugun objektuak beraiek izango dira zenbaitetan (emaitzek agerian uzten dutenez, …aleek aklaramendu-tasan erakusten dituzten desberdintasunak…) eta, beste batzuetan, ikertzaileak beraiek izango dira subjektua, inpertsonalean edota pluraleko lehen pertsonan islatuta (ondoriozta daiteke, ondoriozta dezakegu...). Azpimarratu beharrekoa da gure emaitzak eta ondorioak azaltzen ditugunean bereziki garrantzitsuak direla zenbait modalizazio-estrategia: gure komunitateko kideekin ezagutza bilatzekotan partekatzen dugun ibilbidean etorkizunean beste ikertzaile batzuek gure lanari egingo dizkioten kritiketatik gure burua babesteko mekanismotzat hartu ohi direnak (eragin positiboa dutela ondoriozta daiteke…).

(7) [Lan honetarako] landare baskularren artean Juncus eta Spartina aukeratu dira, zelai zabalak eratzen dituztelako eta itsasadarretan beraien biomasaren ekarpena altua delako (Benito eta Onaindia 1991; Rozas et al. 2006).

(8) Esperimentu-sorta honetan lortutako emaitzek agerian uzten dutenez, partikulen kontzentrazioaz eta janeurriaren eduki organikoaz gain, zeintzuen eragina askotan aztertu den (Bayne 1993), partikulen konposizio biokimikoa ere elikatze-faktore garrantzitsua da, energia-irabaziaren edo janariaren xurgapenaren gainean eragina duena.

(9) Isochrysisen zelula biziekin eta liofilizatutakoekin elikatutako aleek aklaramendu-tasan erakusten dituzten desberdintasun ikaragarri eta esangarrietatik, margolen iragazte-jardueraren gainean zelula biziek eragin positiboa dutela ondoriozta daiteke. Beste autore batzuek (Cranford eta Grant 1990a; Grant eta Cranford 1991; Alber eta Valiela 1996; Navarro et al. 2009) ere eman dute gertaera horren berri.

(B2.2) Gure lanaren metodologia edota emaitzak beste ikertzaile batzuenekin edo gure taldearen beste lan batzuenekin bat ez datozenean, orainaldia eta iragana erabil ditzakegu erkatzen ari garenak plano desberdinetan kokatzeko. Aditz-kohesiorako bide bat izan daiteke orainaldi burutua edota burutugabea erabiltzea gure lanaren ekarpenei erreferentzia egiteko (erabili ditugu, erakutsi dugu, erabaki da…), eta iragana erabiltzea erkatzen ari garen beste lanei erreferentzia egiten diegunean (erabili zituzten, ondorioztatu zuten, aurkako ondorioetara heldu ziren, ondorioztatu zen…). Aurreko puntuetan azaldu ditugun kasuetan bezala, finkatutzat ematen diren ideiak orainaldian adierazi ohi dira (prozedurekin bateraezina dela, gutxi xurgatzen dutela…). Pertsona dela eta, gure ekarpenak (aztertzen ari garen lanenak, zein beste lan batzuenak) inpertsonalean edo pluraleko lehen pertsonan eman ditzakegu (erabili ditugu, erabili dira, [aurreko ikerketetan] erabili genituen…) eta, beste ikertzaileen ekarpenak, singularreko edota pluraleko hirugarren pertsonan (erabili zituzten, frogatu zuen…) edo inpertsonalean (aurretik egindako ikerketetan …ondorioztatu zen…).

(10)   Crosby et al.-ek (1989) ostrak elikatzeko landare baskularretatik ateratako eta ligno-zelulosan joriak ziren partikulak erabili zituzten, eta bibalbioen energia-balantzean detrituak duen ekarpena eskasa zela ondorioztatu zuten. Esperimentuetan bibalbioak elikatzeko makroalgak erabili zituzten autoreek (Stuart et al. 1982; Cranford eta Grant 1990b; Alber eta Valiela 1994), aldiz,aurkako ondorioetara heldu ziren, …Lan honetarako, hiru makroalga erabili ditugu…detrituen ekarpena esangarria dela erakutsi dugu.

(11) Aurretik egindako ikerketetan (….) ondorioztatu zen Fucusetik erauzitako materia organikoa digestibilitatearen neurketarako erabiltzen den Nelson-Somogyi-ren prozedurarekin bateraezina dela eta, beste makroalgekin alderatuz gero, margolek gutxi xurgatzen dutela. Beraz, ikerketatik kanpo uztea erabaki da [ikerketa honetan].

Hemen erakutsi ditugun aditz-kohesiorako aukerak, adibide batzuk baino ez dira, eta garbi dago bestelako aukerak ere egongo direla ikerketa-testuetan ahotsen kudeaketa egokiro bideratzeko. Berriro ere gehiegi luzatu garelakoan, uztailerako utziko ditugu hizpide dugun gaiarekin lotuta urte hauetan zehar gure arreta erakarri duten zenbait aholku eta erabilera zalantzagarri.

2 erantzun “Aditz-kohesioa eta modalizazioa euskarazko ikerketa-testuetan: zenbait gogoeta” bidalketan

  1. Eskerrik asko, Igone, horren gai interesgarria (eta euskaraz hain gutxitan jorratua) hona ekartzeagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude