Estitxu Garai
Maite ditut maite txisteak, eta maite ditut maite txiste-kontalari profesionalak. Bai, beti kontatzeko moduko hiruzpalau txiste (edo, utziz gero, berrehun) prest dituzten animalia bitxi horiek. Txiste batek bestea eta beste hark beste hura ekartzen die gogora. Eta, gainera, guztiak kontatzen dituzte bizi-bizi eta grazia bereziz, lagunen gozamenerako.
Profesionalak izan edo ez, badute nire inguruko txistelariek ezaugarri komun bat: gaztelaniaz kontatzen dituzte guztiak. Ez du axola lagun-giro euskaldun peto-petoa den ala ez, txiste-ordua heltzen denean gaztelaniara aldatzen da kodea. Etenik gabeko gurpila da: txiste gehienak erdaraz iristen dira gure belarri eta irribarreetara, eta gero halaxe kontatzen ditugu, entzun ditugun bezalaxe. Azken finean, txiste ororen helburua eragitea da, barre eragitea; eta, dagoen-dagoenean funtzionatzen badu, ingurukoei grazia egiten badie, zertarako aldatu?
Itxura batean eman dezakeen baino mami gehiago du kontuak. Gozamenerako hizkuntza zein izango den erabakitzen ari gara. Gaztelaniara lerratuz gero, alferrikakoak dira geroko aiene eta intziriak euskararen ezagutza eta erabilera tren berean ez doazela ikustean. Aisialdirako baliabideak garatu ezean, gaitza izango da erabileraren erraila indartzea. Txisteen barre-algaretatik damu-negarretara Zornotzatik Amorebietara beste egon daiteke.
Nik egin ditut nire esperimentu xumeak. Hasi naiz euskaraz kontatzen aurretik gaztelaniaz kontatuta ondo funtzionatzen zuten zenbait txiste. Egoeraren deskribapen edo narrazioan ez dago aparteko arazorik, buruhausteak txistearen bukaeran datoz, korapiloa askatzen denean. Txiste gehienek oso egitura lineala dute eta bukaerako esaldian daramate grazia eta eraginkortasun guztia. Lehenengo saiakeretan ez nuen lortzen euskaraz gaztelaniaz bezain barregarri izatea, baina garbi nuen arazoa zein zen: formulazioa. Ez da nahikoa egoera edo kontzeptua euskaraz azaltzea, hitz egokiak topatu behar dira eta behar bezalako tonu, intonazio eta erritmoa erabili. Beraz, txiste bakoitzak lanketa latza behar du euskaraz kontatu aurretik, txistearen jatorrizko asmatzaileak behinola egin zuen lanketa bera, guri ahoz aho aberastuta (edo pobretuta) iritsi zaigun lanketa hori.
Euskaraz propio sortutako txisteak behar beharrezkoak dira, noski. Halere, hori bezain beharrezko dugu zenbait txisteren euskarazko moldapen egokia. Ahalegina egitea merezi du. Gutako bakoitzak kutunen duen txistea itzuliko balu, bakarra izan arren, pentsa zenbat txiste izango genituzkeen euskaraz kontatzeko moduan. Atera dezagun barruan dugun Kike Amonarriz txikia. Eman dezagun umore.