Irudidun hiztegiak

Maite Imaz Leunda

Azterketak itzultzea lan nekeza izaten da, erantzuteko hainbat aukera (a, b, c eta d) eskaintzen dituztenean, batez ere itzultzailearentzat erabat ezezaguna den gai bati buruzko azterketak baldin badira. Itzultzaileak testuingururik gabeko enuntziatu edo galderaren bat izaten du, hainbat erantzun-aukera, eta bakarra zuzena. Eta erantzun zuzena zein den adierazita ez badator, lanari beste oztopo bat gehitzen zaio.

Legeak agintzen du azterketa euskaraz egiteko eskubidea baina hori nolabait etxea teilatutik eraikitzen hastea da. Azterketako galderak egin dituenak gaztelaniaz pentsatu du, eta horrezaz gain, azterketa prestatu ahal izateko azterketariak erabili dituen ikasmaterialak gaztelania hutsez baldin badaude, pentsatzekoa da azterketa gainditu nahian dabilen inork ez duela aukeratuko azterketa euskaraz egitea.

Hala ere, inork irakurriko ez duen itzulpena egiten ari garen usteak ez luke aitzakia izan behar itzulpen lana ahalik eta modu txukunenean egiten ez ahalegintzeko.

Lantokian interneterako sarbidea eman berria zidatela, larrialdietako medikuentzako azterketa bat itzultzea egokitu zitzaidan eta Google altxor bat zela iruditu zitzaidan; asko estimatu nuen eskaini zidan laguntza, batzuetan asmatu ezinik ibiltzen bainintzen itzultzen ari nintzen galdera gaixotasunen bati buruzkoa edo sendagairen bati buruzkoa, zer arraiori buruzkoa zen.

Google-ekin batera, oso lagungarriak izaten dira azterketariek ikasteko erabili behar izan dituzten eskuliburuak, galderak eta erantzunak dagokion testuinguruan kokatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak (Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila) egiten ditu oinarrizko nabigazioko patroi, aisialdirako ontziko patroi, yateko patroi eta yateko kapitain izateko tituluak eskuratu ahal izateko azterketetarako deialdiak.

Azterketa horietako galderak eta erantzunak kokatzeko eta ulertzeko lagungarriak izaten dira Eusko Jaurlaritzak berak argitaratzen dituen eskuliburuak. Eskuliburu horiek ordea gaztelaniaz baino ez dira argitaratzen, eta beraz, hitz teknikoen ordainak bilatzeko hiztegi espezializatuetara jo beharra dago. Aspaldiko bidelaguna dugu Arrantza Hiztegia (Eusko Jaurlaritza; 1998; Euskaltermen txertatua), Bermeo eta Mundakako arrantzaleen hiztegia (Eneko Barrutia Etxebarria. UEU, 1996) ; lagungarria da, baita ere Gure Itsasontziak (Xabier Agote. Gipuzkoako Foru aldundia, 2009), euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez argitaratuta egotea gain, irudi ugariz hornituta baitago.

Eta bereziki beste hiztegi hau aipatu nahi nuke; aurrekoak baino zaharragoa da baina nire eskuetara iritsi berri samarra da: Diccionario Marítimo Ilustrado – Irudidun Itxas-Iztegia. La Gran Enciclopedia argitaletxeak argitaratu zuen 1970ean. Egilea Ignacio Garmendia Berasategui Merkataritza nabigazioko kapitaina da. Oso lagungarria da gai ugari jorratzen dituelako, gai guztiak irudiz beteta erakusten dituelako eta irudi bakoitzari dagokion ordaina euskaraz eta gaztelaniaz ematen dituelako.

Ignacio Garmendiak hiztegiaren sarreran dio konturatu zela itsasoko jendeak gaztelaniazko hitz gehiago erabiltzen zituela euskarazkoak baino, eta portuz portu ibili zela jendeari galdezka, euskal ordainen bila, gaztelania gure lurretara iritsi baino lehen ere arrantza eta itsas-merkataritza baziren eta. Hiztegiak jasotzen ditu, baita ere, hainbat euskal itsas gizonen aipamen entziklopedikoak eta itsas kanten partiturak.