«We euskaldunak gara, from Euskal Herria»

Santi Leoné

Oraindik gogoan dut –eta, segur aski, Aritz Galarragak zorrotz salatu zuelako dut gogoan– nola Iñaki Lopezek multikultural deitu zion Iban Rusiñoli, euskaraz, frantsesez eta espainolez mintzatzeko gauza izateagatik. Nire ustez, ez zen kasualitatea izan hiztun hori Baionan harrapatu izana, susmoa baitut (baina susmoa bertzerik ez da, inolako oinarri estatistikorik gabea) euskaraz eta Euskal Herriko bi erdaretan ongi moldatzen den hiztun mota hori maizago gertatzen dela Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian baino.

Horren harira, hil honetan eztabaida interesgarria izan zen Twitterren: Urtzi Urrutikoetxeak galdegin zuen ea zein hizkuntzatan aritu beharko luketen elkarrekin mugaz honaindiko eta haraindiko bi euskal herritarrek, bat erdalduna balitz. Eta bere erantzuna –eta iritzia– eman zuen: aukeran, ingelesez nahiago, frantsesez edo espainolez baino. Ekhi Erremundegi eta Bea Salaberri sartu ziren Urrutikoetxearen iritzia ñabartzera –eta, txiokaldian parte hartu ez banuen ere, nire bihotza bi haien aldera lerratu zen argi eta garbi–; eta, une batean, txio eder hau bota zuen Miren Artetxek: «Gauza da ingelesa aldarrikatzen dugun bitartean, hernaniar bat erosoago dagoela Santanderren poteatzen Baionan baino…». Nire iduriko, hautaturiko adibideak xarmantki laburbiltzen du egoera: susmoa baitut (eta, berriz diot, susmoa bertzerik ez da) adibideak ez lukeela alderantziz hain ongi funtzionatuko –senpertar bat erosoago…– eta problema dela hegoaldetar anitz trakets moldatzen dela frantsesez –eta hori, batere moldatzen baldin bada–; baina, Erremundegik proposatu bezala, Hegoaldean frantsesa ikastea muga gainditzeko modu bat izan daitekeela onartu beharrean, gure inguruko erdarak ahultzeko aitzakian, debatea balizko etorkizun ingelesdun utopiko batera begira egiten da. Bitartean, Bea Salaberrik azpimarratu bezala, atzentzen zaigu bi erdarak dakizkitenak badirela gure herrian. Horrelako bati, multikultural deitu zion Iñaki Lopezek. Nik eredugarri deituko nioke. Akastuna, nire ustez, aurkezlea baitzen. Eta ez soilik euskaraz ez dakielako.

6 erantzun “«We euskaldunak gara, from Euskal Herria»” bidalketan

  1. Erabat ados:

    Nere lagun Bearn-dar guztiek gaztelaniaz mintzatzen badakite (tabernako beharrak asetzeko besterik ez bada) eta euskarazko hitz solte mordoa dakizkite, ingelesez ere mintzo direlarik. Euskal kulturaren alderdi asko ezagutzen dituzte, guk eurena ezagutzen duguna baina gehiago bai, bederen.

    Nere inguru gipuzkoarrak oro har ingelesez badaki, baña askok eta askok (ez gutxik) frantses hizkuntza eta frantsesak mespresatzen dituzte, estereotipo jakin baten bitartez epaitzen dituztelarik. Inguruan askotan entzun izan dut “frantsesak gorroto ditut”, taberna zuloan albokoei frantsesez hizketan entzun ondoren. Gipuzkoan izugarrizko nagusitasun konplexua dagoela uste dut, ezjakintasunaren ondorio garbia.

  2. Thematica pullita eta interesantea Santi Leone-c dakarrena eta oinarritua an realitatea ez soil theorian, analysis virtual batean.

    Gogoratu beharra dago ere ze gure herrian, Nafarroan, dagoela gente handana ez duena ezagutzen euscara, h. n., bearnesac, landesac, riojanoac, bizcatarrac, … eta etc luze bat. Beraz, on da ikastea ere “gure hizcuntza imperialac” behintzat minimoqui eta pasable. Esan bidenabar ze hor dugula gure gascona ere, nola arguiqui ikusi ahal dugu an seinalizatione trilinguea Baionaco carricac.

  3. Aitortzen dut eztabaidan ez nuela nahi nuen bidetik eroan. Besteak beste, ingurukoek ono dakiten bezala, aspaldi nabilelako Lapurdira aldi baterako gutxienez noiz joango, besteak beste gure umeak bi erdarak ondo ikasteko -eta hispanitatetik aldi batez urruntzeko, ez dezagun uka. Eta aitortzen dut, ingelesa ondo samar ikasitakoan laugarren hizkuntza hautatzerakoan alemana hautatu nuela, logikoena “beste” erdara ikastea zelakoan (eta, bidenabar, “beste” erdara askoz errazago ikas daitekeelako adinez aurrera joanda, gertatu zaidan legez, baina ez dut neure burua ikusten orain alemanari ekiten).

    Baina hori baino sakonago, bi -are, hiru- prozesuren aurrean planteamendu ezberdinak genituelakoan nago, eta nolabait honi guztiari desberdin begiratzen zaiola Baionatik edo Bilbotik:

    – Nation-building, nazio-eraikuntza. Eremu honetan, Hegoaldean frantsesak rol garrantzitsua joka dezake, kohesiora bidean. Egitura instituzionalik ez den lekuetan -Iparraldean-, edo horien agintean naziogintzaren aurkakoak diren lekuetan -Nafarroan-, garrantzi handia dauka nation-building-ak, historikoki abertzaletasunean egin izan duen legez. Neronek ere ez dut ukatzen horren garrantzia, baina une historiko honetan, Katalunia Espainiako estatua amildegira botatzear dela, bigarrenean neuka jarrita begirada.

    – State-building, estatu-eraikuntza. Paradoxikoki, euskal nazionalismoa nagusi den eremuan, mendebaldeko Erkidego autonomikoan, independentismoak argiago planteatzen du nazionalismoaz haratago joan beharra euskal estatu bat sortzeko. Diskurtso honetan, estatua zelan eratuko den ar igara eztabaidatzen. Ni estatu horri buruz ari nintzen. Eta estatu horretako irakaskuntzan bigarren hizkuntza ingelesa izan behar dela uste dut argi eta garbi, Europako estatu txiki guztietan bezala. Estonian errusierarekin egin duten legez. Etxean euskara eta kanpoan ingelesa. Horrez gain estoniarrek finlandiera, errusiera, suediera edo alemaniera jakitea, bikain. Funtsean, estatu berriak ideia berriak barneratu beharko ditu, eta Latin Amerikan analfabetismoaren aurka borroka egiten duten legez borrokatu Espainiako eta Hego EHko (eta Frantziako, zertan uka) gaitz handiaren aurka: elebakartasuna, erradikatu beharreko gaitza.

    – Hori euskararen berreskurapenaren prozesuarekin lotzen dut. Gure bi erdarak, handi eta garrantzitsuak izanda ere, munduko hizkuntza nagusia ez izatea abantaila zaigu. Galesaren edo gaelikoaren alde zailago dago argudiatzen, arrazoi sentimentalak bazter utzita. Baina asko da, erdara hutsezko ekitaldietan -eta harrigarria da zenbat egiten diren udalerri euskaldunenetan ere, antzerkiti zinemara zein hitzaldietara-, galdetu ahal izatea: “eta erdararik ez dakitenek, zer?”.

    Gauzak ez dira elkarren baztertzaile, lehentasunak jartzea da kontua. Zenbaitzurentzat, euskara – ingelesa egitasmoa, gehienez ere eredugarri izan arren -badira jarrera antigringo aski hispaniko batetik hala argudiatzen dutenak ere-, ez da erreala gaur egun, eta ondorioa Mirenek esandakoa da. Baina Santanderrera doazen horiek, gogoratu, Elizondo non dagoen ere ez dakitela. Ni aldiz, guztiz sinetsita nago, abertzaleak independentziaren aurka tematuta ere (ironic mode on), Espainia hondora doala datozen 12-18 hiletan, besteak beste geroz eta espainiar gehiagokk onartzen dutelako estatu berri bat behar dutela. Eta estatu berri bat sortzen hasita, eta Katalunia bereizi dela ikusita, berehala jabetuko gara geure estatu propioa(k) komeni zai(zki)gula (ez dakit bakarra lau herrialdeetarako ala bi estatu desberdin sortuko diren, eta gero ondo bidean batu, edo Austria-Alemania edo Albania-Kosovo izango diren, orain gaia ez da hori).

    Alemanaren aitorpenarekin hasi dudan legez, amaitzeko: Istanbulen bizi nintzela, zeuk diozunaren konstatazioa nuen Senpereko lagun batekin: nire adiskide espainiarrekin zegoenean, mintzatzen zen espainolez, txukun, nik aldiz ingelesez egiten nuen Parisko bere adiskidearekin… hura aurrean zelarik, sekulako lotsa ematen baitzidan lapurtarra aurrean nuela frantsesez mintzatzea. Hura urrundutakoan, askatzen nuen mihina, ostikadaka baina elkar ondo komunikatzeko lain, harik eta lapurtarra itzuli ingelesaren territorio neutrora bueltatzen nintzen arte.

  4. Ezjakintasunaren onura
    Hau ez da politikoki zuzena, baina uste dut frantsesa ez jakiteari esker gehiagotan egin dudala euskaraz Iparraldean:
    Adibidez, ez naiz oroitzen Iparraldeko zein herritan, dendariak gaztelaniaz jakin ez (harritzekoa!), lagunak eta biek frantsesez jakin ez, eta ez genion elkarri ulertzen… Eta halako batez dendaria bere burmuineko ez dakit zer zokotatik hasi zen euskara berreskuratzen (kostata) eta euskaraz egin genuen.
    Joan den igandean antzeko egoera: Esnazuko jatetxe batean, Hegoaldeko 6 lagun, bi bakarrik euskaldunak, eta zerbitzaria ez zen aise moldatzen gaztelaniaz. Dena euskaraz egin genuen, eta tarteka taldeko euskaldunek interpretearena egin genuen.

    1. Euskaraz egitea ez dator, nagusiki, espainolez edo frantsesez ez jakitetik, euskaraz jakitetik baizik.
      Bakartxo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude