Santi Leoné
Oraindik gogoan dut –eta, segur aski, Aritz Galarragak zorrotz salatu zuelako dut gogoan– nola Iñaki Lopezek multikultural deitu zion Iban Rusiñoli, euskaraz, frantsesez eta espainolez mintzatzeko gauza izateagatik. Nire ustez, ez zen kasualitatea izan hiztun hori Baionan harrapatu izana, susmoa baitut (baina susmoa bertzerik ez da, inolako oinarri estatistikorik gabea) euskaraz eta Euskal Herriko bi erdaretan ongi moldatzen den hiztun mota hori maizago gertatzen dela Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian baino.
Horren harira, hil honetan eztabaida interesgarria izan zen Twitterren: Urtzi Urrutikoetxeak galdegin zuen ea zein hizkuntzatan aritu beharko luketen elkarrekin mugaz honaindiko eta haraindiko bi euskal herritarrek, bat erdalduna balitz. Eta bere erantzuna –eta iritzia– eman zuen: aukeran, ingelesez nahiago, frantsesez edo espainolez baino. Ekhi Erremundegi eta Bea Salaberri sartu ziren Urrutikoetxearen iritzia ñabartzera –eta, txiokaldian parte hartu ez banuen ere, nire bihotza bi haien aldera lerratu zen argi eta garbi–; eta, une batean, txio eder hau bota zuen Miren Artetxek: «Gauza da ingelesa aldarrikatzen dugun bitartean, hernaniar bat erosoago dagoela Santanderren poteatzen Baionan baino…». Nire iduriko, hautaturiko adibideak xarmantki laburbiltzen du egoera: susmoa baitut (eta, berriz diot, susmoa bertzerik ez da) adibideak ez lukeela alderantziz hain ongi funtzionatuko –senpertar bat erosoago…– eta problema dela hegoaldetar anitz trakets moldatzen dela frantsesez –eta hori, batere moldatzen baldin bada–; baina, Erremundegik proposatu bezala, Hegoaldean frantsesa ikastea muga gainditzeko modu bat izan daitekeela onartu beharrean, gure inguruko erdarak ahultzeko aitzakian, debatea balizko etorkizun ingelesdun utopiko batera begira egiten da. Bitartean, Bea Salaberrik azpimarratu bezala, atzentzen zaigu bi erdarak dakizkitenak badirela gure herrian. Horrelako bati, multikultural deitu zion Iñaki Lopezek. Nik eredugarri deituko nioke. Akastuna, nire ustez, aurkezlea baitzen. Eta ez soilik euskaraz ez dakielako.