Mikel Taberna Irazoki
Aspaldi samarreko kontua da. Itzulpen ttiki bat eskatu ziguten, «Lau hitz bertzerik ez; aisa eginen duzue». Presa pixka bat zuten eta animatu nahi gintuzten, «Hori, zuek, istant batean». Errepidean paratu gogo zuten errotulu baterako omen: ¡Atención! Señalización horizontal orientativa.
Ez dakit zuek irakurri ahala ulertu duzuen, baina guri kostatu zitzaigun entenditzea hartu eta segituan euskaratu beharreko testu harekin zer adierazi nahi zuten. Mezua berria baldin bada, errotuluetako hizkera telegrafikoa ez da beti berehala erraz deskodetzen. Hala ere, noizbait ere handik edo hemendik argia ikusi genuen edo norbaitek esplikatu zigun: gure lurraldeko errepide estu batzuetan, kamioaren erdian, lurrean margotuko ziren pintura-markez ari ziren; zehazki, errotuluak hartzen zuen bide puska osoan marra etena izanen zen.
«Atención» euskaratzeko, erabaki genuen «Kontuz» proposatzea. «Señalización horizontal», kasu hartan behinik behin lurreko seinaleak baitziren, ez genion buruari buelta sobera eman: «lurreko seinaleak»; «horizontalak» ere paratzen ahal genuen, baina ez zitzaigun jendeak ulertzeko hobea iruditu. Bagenituen hiru hitzen ordainak; bat bertzerik ez falta. Aitaren egin orduko fini lana.
Baita zera ere!
«Orientativa» errateko, gure pilotu automatikoak «orientagarri» ekarri zigun. Beraz, hortxe genuen lehenbiziko aukera: Kontuz! Lurreko seinaleak orientagarriak (dira). Elkarri begira gelditu ginen lankidea eta biok. Ez genion usain onik hartzen laugarren hitza berdintzeko hautatu genuenari. Baina, zer paratu bertzela?
Hiztegietan begiratzen hasi ginen: denetan «orientagarri» hura, automatikoak bereizi ziguna, bakarren batek «gutxi gorabeherako» ere bai. Gutxi gorabeherako seinaleak? Ez.
«Seinale orientagarriak»…, zer zen hori? «Orientativo» adjektiboaren sinonimoak bilatzen hasi ginen gaztelaniaz, haietakoren batek giltza emanen ote zigun korapiloa laxatzeko. Irri eginen duzue, baina nik El Mundo egunkari eskuindarrak eskaintzen duen gune baten esteka dut horrelakoetarako. Izanen dira hobeak (gustura hartuko ditut iradokizunak), baina bertan gehienetan aurkitzen dut balio izaten didan zerbait. Kasu honetan, ordea, hitza bera ez zidan onartzen haren parekoa bilatzeko.
«… orientativas». Hitzari begira gelditu ginen harri-jasotzailea Igeldokoari nola, nondik helduko. «Orientagarri» ez bada, zer idazten ahal dugu? «Lagungarri»? «Bidera…» ez dakit zer? Ez zegoen manerarik.
Hitz itsusi horrekin itsutu ginen.
Baina, egiatan, berba horren bidez zer mezu eman nahi zioten gidariari? Bada, hauxe: «marra etena dago bide guztian, eta beharbada usteko duzu marraren bertze aldera igarotzea libre duzula, bertze ibilgailuren bat aurreratzeko konparazio batera, baina ez da hala; hitz horrek argitu nahi dizu, hain zuzen ere, oker zaudela, marra horrek ez duela erran nahi zuk uste duzuna eta beraz ez egiteko kasurik eta kontuz ibiltzeko, zer gerta ere. Marra eten horrek kamioaren erdia nontsu dagoen erakusten dizu, baina deus ez bertzerik».
Hitz magiko bat behar genuen euskaraz, hitz sorgin bat, horren guziaren ordain. Hala uste genuen.
Ez genuen aurkitu, ordea, eta denbora agortu zitzaigun. Gure proposamena bidali genuen, arestian aipaturiko horixe: Kontuz! Lurreko seinaleak orientagarriak (dira). Konponbide eskasa, nire idurikoz. Hortxe daude oraindik errotuluak ikusi nahi dituenarentzat, nik nahi baino ageriago.
Gure abokatuak erranen du gaztelaniazkoa ere hala-holakoa dela. Aitzakiak ez dit balio; gure obligazioa euskaraz egoki ematea zen. Ordaina hitzez hitz eman nahi izan genuen, eta arte horretan trabaturik gelditu zen gure etorri kaxkarra.
Aski erraza genuen itzulpena, baina ez ginen atrebitu libre jokatzera: Kontuz! Ez fida(tu) erdiko marra etenaz
Poztu nau jakiteak zuk ere ez zenuela ulertu zer erran nahi zuen “señalización horizontal orientativa” xelebre horrek. Nik Otsondon ikusi dut seinalea, bai eta zure itzulpena ere (zurea zela jakin gabe). Pena da, halere, ausartago jokatu ez izana, egiazko mezua hondar lerroan ematen duzuna baita. Nolanahi ere, errua ez da zurea: espainolezko hizkuntza administratiboa arkanoa izaten ohi da, eta trafikoari lotua dagoena, maiz guziz ulertezina (gidatzeko baimena ateratzen ari nintzelarik, bat-bateko itzulpena behar izaten nuen ikasi beharreko liburuxka entenditzeko). Beraz, zure testutik bi lezio ateratzen ahal ditugu: batetik, zenbait errepidetan, tranpa bat paratu digutela (auskalo zergatik); eta, bertzetik, anitzetan merezi duela gaizki adierazia dagoena itzulpen libre baten bidez euskara argira ekartzea (baina aitortuko dut naski zuk bezala jokatuko nuela nik ere).
Apur bat kostatzen zait esaldi bat prozesatzea bi “-ak” segidan agertzen direnean. Bestalde, “marrak” esatea nahikoa da, ezta? Hona nire desarra:
“Adi! Lurreko marrak orientagarri”
Maiatz hasieran Zuberoan izan ginen, eta “Toutes directions” frantsesaren euskal ordaina “Alde orotara” zela ikusi genuen. Hegoaldeko “Norabide guztiak” itzulpen zehatza baino askoz hobea zela pentsatu genuen andreak eta biok.