Lan lasterra, lan alferra

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Hala dio esaerak eta, horregatik, nik txintxo-txintxo, edozein itzulpeni ekin baino lehen, lan osoa patxadaz eta poliki eginen dudala hitzematen diot neure buruari: jatorrizko testua bizpahirutan irakurriko dut, lasai-lasai, ulertzen ez ditudan hitzak edo esaldiak azpimarratu eta behar beste kontsulta eginen ditut. Eguneko hainbeste orri itzuliko ditut, baina ez naiz larrituko egunen batean puska txikixeagoa euskaratzen badut, helburu nagusia izanen baita prozesuaz gozatzea, esaldiz esaldi, paragrafoz paragrafo. Zero bertsioa bukatuko dut eta gero astia izanen dut goitik behera jatorrizkoarekin erkatzeko, astiro-astiro, bi bider. Ondoren, gantzak kenduko dizkiot, Iñigo Roquek esanen lukeen bezala, eta behar beste kontsulta eginen ditut berriro, eta, gero, beste behin irakurriko dut testu osoa, edo bitan, edo hirutan, hersturarik gabe, batere larritu gabe. Gero, tiraderaren batean gordeko dut, zenbait astez, egoki ondu dadin. Eta azkenik, testua berreskuratu, berriro irakurri eta zuzentzaileari pasatuko diot.

Ustezko plangintza modu hori, ordea, ustela izaten da gehien-gehienetan, epeak beti bukatzen zaizkidalako behar baino lehenago eta nire produktibitate tasa beti izaten delako behar baino apalagoa. Horrenbestez, plangintzak plangintza, maiz samar, halako une batetik aitzina, arrapaladan ibili behar izaten dut nahitaez, hasierako gozamena sufrikario bihurtzen zait eta, lotarako orduak laburtzearekin batera, ohi baino gehiagotan egiten dut laprast, ohi baino gehiagotan erortzen naiz lagun aizunen segadan.

Azken asteotan hola ibili naizenez, esku artean nuen frantsesezko testua ezin bukatuz, zuzenketei heltzean hainbat adiskide faltsu harrapatu ditut testuan gordeak, moxorro-moxorro, eta iruditu zait baliagarria izan litekeela blog honen argitara ekartzea, ni bezala batzuetan presaka ibiltzen zaretenok inoiz testuren batean ikusi orduko ihes bidean jar zaitezten.

Honatx, bada:

Modiste: gaztelaniaren eraginez, «jostun» itzuli nuen, baina «kapelagile» esan nahi du.

Chandail: zero bertsioan «txandal» paratu nuen euskaraz, gaztelaniaren eraginez berriro ere; «jertse» edo «trikota» esan nahi du, ordea.

Palace: «jauregi» itzuli nuen hasieran, ingelesaren eraginez beharbada. «Luxuzko hotela» da baliokide zuzena.

Ballon: «baloi» jarri nuen eta berez hitzak hori ere esan nahi du. Baina pasartea oniriko samarra izan arren, baloiak ez zuen zentzu handirik esaldian; beraz, behar beste kontsulta egiteko tartea hartu eta Vosges eskualdeko muino biribilei «ballon» esaten zaiela ikasi dut.

Aitortzen dut oso «traditore» sentitu naizela irristada horiez jabetzean; horregatik, hurrengo itzulpenari heltzen diodanean, lan osoa patxadaz eta poliki eginen dudala hitzematen dizuet.

Asteburu on!

Erantzun bat “Lan lasterra, lan alferra” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude