Zurrumurru gezur antza

Karlos del Olmo

Badirudi linguistek oraindik ere eztabaidagai darabiltela hizkuntzek zenbateraino erabakitzen eta mugatzen duten berbaldunek mundua hauteman eta ulertzeko duten modua. Amerikako Estatu Batuetan duela gutxi John McWorther-ek plazaraturiko The Hoax. Why the World Looks the Same in Any Language liburuak manifestu halako bat egin gura du, haren bidez 1930.etik aurrera zenbait unibertsitate adituren artean ospe handi samarra lortu duen teoria bati aurka egiteko, alegia, Sapir-Whorf tesi ospetsuari, bestela esanda, hizkuntza bakoitzak hiztunei munduaren gaineko ikuskera bat ematen dielako usteari. Tesi horren arabera, are gure erabaki estetiko eta moralek ere komunikatzeko darabilgun hizkuntzaren eragina jasotzen dute, alegia, berbetak betaurreko moduko batzuk eratuko lituzke munduari begiratzeko orduan.

Eta zer dio John McWortherek horren gainean? Ez dela egia, liburura bildutako datu enpirikoek —esaterako, hopi indiarrek denboraren joanaren gainean dituzten nozioak edo koloreak izendatzeko (ala ez izendatzeko) hizkuntzek munduan barna dituzten baliabideak— ez dutela berresten Sapir-Whorfen tesia, kolore bat edo gauza bat izendatzeko hitzik edo kategoriarik izan ez arren norberaren hizkuntzan, gizaki guztiak kolore edo gauza horiek ikusi, ukitu eta deskribatzeko gauza garela. Itzulpengintzan dihardugunok egia horren berri «intuitibo, praktiko eta are (aspaldion) teorikoa (ere)» izan ohi dugu, bai eta «geure» datu enpirikoak ere, batez ere Biblia munduko hizkuntzetara itzuli behar izan dituztenei esker, kultur jauzi handia zekarten edukiak zelan edo halan ematea lortzen dutelako, hizkuntza bakoitza gorabehera.

John McWortheren arabera, zergatik lortu du halako arrakasta Sapir-Whorfen tesiak? Kontzientzia txarraren ondorioz, bateko, Estatu Batuetan hango hizkuntza eta kultura ofizialak hegemonikotzat jota, teorialari batzuek gurago izan dutelako aldeak, ezberdintasunak nabarmendu, eta, besteko, munduko hainbat txokotan Alemaniako Erromantizismotik gaur arte heldu den hizkuntzaren erabilera identitario eta politikoa izan duelako tesiak (nazionalismo batzuek hizkuntza bera pertsonen ezaugarri komunen gainetik ere jartzera jo ohi dutelako).

Japonierak termino bakarraz izendatzen ditu berdea eta urdina. Errusiarrek termino beregainak dituzte urdin iluna eta argia izendatzeko. Patziku Perurenak 1992an idatzitako Koloreak euskal usarioan saioan euskarazko sistema eta auzo hizkuntzetakoak guztiz bat ez datozela agertzen du. The Hoax. Why the World Looks the Same in Any Language liburuan egileak aurkezturiko datuen arabera, horrek ez du esan nahi koloreak ezberdin ikusten dituztenik edo kolore batzuei dagokienez itsu direnik, ezta hizkuntzak gure pentsaera kontrolatu eta mugatzen duenik ere.

McWortheren ustez, hizkuntzak kultura eta mundu ikuskera islatu besterik ez du egiten: mintzaera batek berba bakarraz jatea, edatea eta erretzea izendatu arren, hiztunek argi asko prozesatzen dituzte hiru ekintza horien arteko aldeak, eta bi kolore ezberdin ele berberaz esaten dituen pertsonak bi-biok biziro bereizten ditu, hau da, zentzumenen arabera ezberdinak direlako segurantzian dago. Zenbaki sisteman bat etorri ez arren (are, itxuraz, halakorik gabe), gizaki guztiok egin ditzakegu matematikak. Bai eta letrazko alfabetorik barik idatzi ere. Autoa eta gidatzeko araudia ezagutu ez dituzten eta, hortaz, horiek izendatzeko hitzen jabe ez diren pertsonek «ezin» dute benetan gidatu?

Liburuak agerian jartzen du atxikimendu handia diogula hizkuntzak betaurreko mugatzaile moduko batzuk jartzen dizkigun ustel itxurako uste horri. Zergatik? Irrika bizi-bizia dugulako aniztasuna aldarrikatzea, guk legez pentsatzen ez duten pertsonen eta herrien nahiz hizkuntzen balioa aitortzea. Eta asmo on-ona da, ezbairik ez, baina infernua desira onez betea omen dago, eta baliteke horrek oztopatzea pertsonen zerizana hobeto ulertzea, are goraipatu nahi ditugun pertsonak bestela baitakoan gutxiestea ere, azken buruan.

Errealitateak —pertsona guztiak entendimentuz berdinak garela datu zientifikoez frogatzea— bide hobea ematen digu pertsona guztiei adimen gaitasuna aitortzeko, hizkuntza, azken buruan, ez delako munarri zedarritzaile hutsa munduaren eta kosmosaren aurrean.

2 erantzun “Zurrumurru gezur antza” bidalketan

  1. Gaia oso interesgarria da zinez. Eta Karlosen testua irakurtzen ari nintzela, Hjelmslev etorri zait burura. Ez naiz ausartzen erabateko ziurtasunez baieztatzen, baina esango nuke McWortherrek dioena ez dela gehiegi aldentzen 1940ko hamarkadan Hjelmslevek hizkuntza-zeinuaz egin zuen analisitik.

    Helmslevek alderdi bi bereizi zituen hizkuntza-zeinuan: edukia (Saussureren «adierazia») eta adierazpena (Saussureren «adierazlea»). Horietako bakoitzean, plano bi: substantzia eta forma. Edukiaren substantzia (kolore-eskala) denontzat da bat. Hizkuntza bakoitzak substantzia hori bere erara antolatzen du eduki-forma propio batean (gris / azul [es.] = urdin [eu.] —garai batean izan omen zena adibide sinple-sinple modura jarrita—).

    Iruditzen zait McWortherren gogoeta hori baino harago ez doala. Niretzat, baina, galdera interesgarria hau da: gure hizkuntzaren eduki-formak mundu-ikuskera bat ematen digu? Areago; eduki-forma aldatuz gero, gure mundu-ikuskera alda daiteke? Halliday-k baietz erantzungo luke kasu bietan.

  2. Nik garbi daukat hizkuntzak hiztuna estetizatu egiten duela, eta baita, ondorioz, borroka estetikoak gertatzen direla, gure kasuan bezala, lehian diren hizkuntzen artean, baina ezin hain garbi eduki, ordea, hortik aurrerako borroka kosmogonikoen burutazioa… Muga, jartzekotan, oso urrun jar litekeelako, adibidez:
    Ingelesa da munduko hizkuntza nagusia herri anglosaxoien indar militarrari esker ala alderantziz gertatu zen… eta ez al ziren herri anglosaxoiak nagusituko, bada -gerrarako duten joera more or less beste edonorena bezalakoa izanda- ingeles hizkuntzaren indar komunikatiboari esker, hain zuzen ere?

    (indar komunikatibo bat, zeinak hiztuna estetizatzen baitu azken zeluraraino)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude