Urbil

Koro Garmendia Iartza

Ez nator saltokiaz jardutera, saltokiaren izenak inguruan sortu duen zalantza-dantzaz baizik. Zuek ere jabetu al zarete? Behin eta berriro ikusten dut jendea euskarazko hurbil hitza hatxerik gabe idazten. Beste termino askorekin ere gertatzen da halakorik; hatxea ez jartzea, alegia. Edo gaizki kokatzea. Ez da, beraz, akats ortografikoa bera deigarria iruditzen zaidana, akatsaren sorburua baizik. Hatxerik zergatik ez dioten jartzen galdetuz gero, hona jaso izan dudan erantzuna: «Dendan hatxerik gabe dago jarrita».

Merkataritza-gune handi horren izena behin eta berriro ikusten duenari ia oharkabean sartuko zaio grafia begietatik, eta, hurbil hitza idaztea egokitzen zaionean, hatxea kentzera joko du. Besterik gabe, behin eta berriro hala bistaratu zaiolako, eta, azkenerako, horixe egiten zaiolako formarik ezagunen.

Zergatiren batengatik erabakiko zuten, bere garaian, saltokiaren izena hatxerik gabeko moldeaz jartzea. Beharbada, ez du hurbiltasunarekin zerikusirik ere. Mila motibo izan litezke tartean. Ez naiz ni hor sartuko.

Kontuak kontu, hatxea behar duen hitzari hatxea kentzen hasiak dira hainbat eta hainbat hiztun. Begien bidez ere asko ikasten baita. Nola konbentzitu gero hurbil hatxez idazteko…

5 erantzun “Urbil” bidalketan

  1. Testua hau irakurri eta berehala gogora etorri zait Anjel Lertxundik duela 10 urte inuzente egunean idatzitakoa: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2003-12-28/007/029/.htm

    Urbil

    Euskaltzaindiak, Ibon Sarasolaren txosten bat aztertu eta gero, hurbil
    baztertu eta urbil lehenestea erabaki du berriki. Honaino, normala: ohituta gaude. Aldaketaren motibazioa da zurbil utzi gaituena.

    Eroskik Urbil izeneko denda-multzo erraldoi bat du Usurbileko lurretan. Enpresak, kezkaturik akats ortografikoak dakarkion irudi txarrarekin, logotipoa aldatu beharrean, Euskaltzaindira jo zuen ortografia alda zezaten. Akademiak erokeriatzat hartu zuen eskaera. Gero, ordea, Eroskik mahai gainean jartzen zuen dirua ikusitakoan, baietza eman zuen. Miren Azkarate kultur sailburua eta euskaltzaina izan omen zen presio gehien egin zuena erabakia hartzeko. Ulertzekoa da: hemendik aurrera Eroskik ordainduko omen du Eusko Jaurlaritzak Akademiari ematen zion subentzioaren zati handi bat. Eta guk, beste askotan bezala, aldaketa irentsiko dugu: iñuxentetzat gauzkate.

  2. Nik beti pentsatu izan dut “hurbil” eta “Usurbil” hitzen arteko nahasketa bat egin nahi izango zutela. Baina, nolanahi dela ere, egia da azken emaitzak ortografía aldetik ondorio negargarri hori izan duela.

  3. Niri beti sortzen zait zalantza hori, baina saltokiaren izenak ez du erantzukizunik. Izan ere, ezker/eskuin binomiarekin ere gertatzen zait, pare bat segundo behar ditut zein den zein gogoratzeko. Bada, urbil/hurrun bikotearen kasuan gauza bera da: “h” ez daramana urrun dela gogoratu arte, inoiz ez nago seguru urbil ala hurbil den.

  4. Zeharo ados nago Korok idatzitakoarekin: “Begien bidez ere asko ikasten baita”. Nola ez!!! eta nik gehituko nuke “gaizki ikasten ere bai”.
    Gaur bertan, ETBko berrietan ikusi dugu medikuntza ikasleen protesten harira esaldi hau pankartan idatzia: “Por una facultad de medicina digna – medikuntza fakultate duin batengatik”.
    Zerrenda amaigabea da.
    Noiz arte segitu beharko dugu euskaldunok gure hizkuntzaren desitxuraketa hauek jasaten?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude