Irantzu Epelde Zendoia
Gaurko sarrera Juana Ekioiz-i eskaini behar diot. Almandozen jaioa dugu Juana, 1925ean. Begi urdin, aurpegi zabala, gorpuzkeraz handia eta indartsua, nahiz adinagatik pixka bat makurtzen hasia egon. Haren begitartea ikusita, seguru gaztetan emakume ikusgarria izan zela. Begirada sarkorra. Beti-beti irribarre goxoa ezpainetan, eta kontakizunetan ezin alaiagoa. Ez omen duelako makur handirik izan bizian. Hala hobe. Bost seme izan ditu, eta bostak planttakoak atera. Halako harrotasun sano bat sumatzen zaio semeez zerbait kontatzen duenean. Gurasoak ere Almandozen jaioak zituen, eta senarra ere berdin. Etxeko hizkuntza nagusia euskara izan du betidanik, eta entzun egin behar da irrati esatari izateko moduko ahots eder horrekin solasean. Patxadarik galdu gabe, beti. Gazteleraz entzun izan diodanetan ere, dotorezia berarekin, eta fin.
Euskalkiaz gain Baztango erranairuak ikasteko aukera eman dit Juanarekiko hartu-emanak, eta berak esandako batzuk Baztango Hiztegia-n[1] ere aurkitu ditut orain. Hemen duzue bilduma txiki bat:
Maiatza fardo, erearoa klaro; orduen bilduko da ogie ta artoa franko.
Arizkunen beste aldaera honetan: Maiatza fardo, erearoa sano; urte ortan arto ta ogi franko.
Ogiek erran zuen: ttipie banaiz edo haundie banaiz, maiatzean burutuko naiz.
Maiatza, arto yale garratza.
Apirille biribille, zerrie urdandeian goseak hille; ez, eztago hille, puztena badabille.
Martxoan katuak pizilik ez, ta apirillean ateik ez.
Martxo lore, basa lore; apiril lore, batre baño hobe; maiatz lore, urre lore.
Gartzainen beste aldaera honetan: Otsail lore, batre lore; martxo lore, batre ez baño hobe; apiril lore, urre lore; maiatz lore, pare gabe.
Martxoan laño noraño, apirillean elurra haraño.
Bazko goiz balitz, martxoan ezpalitz.
Elur, melur, ez diet hire beldur; badiet etxean arto eta egur.
Baztandarra tuku-tuku, gasna erre yale, sure gan ta batre gabe.
***
Juanari, esker onez.
[1] Izeta Elizalde, Mariano. 1996. Baztango hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua.
Gustura hasico dut egun eguna hemen hotelean Budapest-en ondoric iracurri honaco baztandar esaquerac.
Esquerrac eta bizi aitzina.
Erramun
‘fardo’ horri buruz: pardok hodeitsua edo estalia erran nahi du gaztelera zaharrez.
Juan Iriarteren “Refranes castellanos en verso latino” delako bilduman honakoak irakur daitezke:
Mayo pardo, señal de buen año
Fertilis est index Majus subnubilis anni
Mayo pardo, Julio claro
Fusco Majus eat, candenti Julius ore
Eskerrik asko, Eduardo, nire galdera-zalantza bidean zela ailegatu da zure argibidea.
Jakin-mina bizten dute erranairuek, nola sortu ote ziren. Pena da haietako hainbertzek bizirik ez izatea geure ahotan, bildumetako ale ihartuak bertzerik ez izatea. Baina jakin behar egoki erabiltzen, zer unetan. Frankotan, hitzak banan-banan harturik denak ulertuagatik, ez gara gauza erranairuaren adiera osoa harrapatzeko; multzo honetako batzuekin horixe gertatu zait. Bi hitz ez ditut konprenitu: “fardo” eta “pizilik”. Azken horri hartzen diot traza Bidasoaldean erabiltzen dugun “pixalik”ena, baina ez dakit hala den. Bertzalde, pentsatzen dut “ogi” (“ogiek erran zuen”) hori “gari” ulertu behar dugula (gure eskualdean halaxe da).
“Azken horri hartzen diot traza Bidasoaldean erabiltzen dugun “pixalik”ena, baina ez dakit hala den…”
Argitzeko (idatzi nuela uste nuen, baina nire iruzkinean ez dut irakurri): “pixalik” = “pixagaleak”