Gizonak, emakumeak eta ‘vice versa’

Asier Larrinaga Larrazabal

Ez dira egun asko Eusko Jaurlaritzak EAEko V. Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu duela, eta berriro azaldu dira hedabideetan V. Inkesta Soziolinguistikoak utzi zituen emaitzak. Ideia nagusia honela laburbil daiteke: euskararen ezagutzak gora egin du, baina erabilera lehengoan geratu da.

Batzuek irakurketa ezkor samarra egin dute; beste batzuek, baikorragoa. Ni pentsakor geratu naiz. Ez da, ba, nahikoa euskara normalizatzeko egiten den ahalegina? Normalizazioak beste orientazio bat behar ote du? Ni ez naiz ausartzen ez eta bai biribilen bidez erantzuten, baina hainbatetan aipatu den ahulgunea nabarmendu nahi nuke: oso gutxi dira haur eta gazteentzako euskarazko aisialdi-aukerak.

Ideia batzuk zirriborratuko ditut.

· Musika: pozez esan daiteke euskarazko kantagintzak —oraintsu arte, behintzat— jakin duela euskaldun gazteei aisialdian lagun egiten. Eta Gaztea zabalkunde- eta partekatze-kanal eraginkorra zaio.

· Eskola-kirola: zinez garrantzitsua iruditzen zait jarduera hau edozein umerentzat. Zoritxarrez, esperientziak erakutsi didana da eskola-kirolak oso barneraturik daukaten uste bat berretsi baino ez diela egiten haurrei, euskara ikasgela barrurako dela, alegia. Normala. Entrenatzaileak, arbitroak, tresnazainak, botileroak, animatzaileak, giltzazainak… ikastoletakoak izanda ere, euskaldunak izanda ere, objektu biribil bat tartean denean, ez bide dira sentitzen heziketa- eta normalizazio-proiektu baten parte.

· Interneteko mundua: filmak, txisteak, abestiak, jokoak, kontakizunak, harremanak, argazkiak, beti berri, beti ugari, nahieran. Euskaraz, ostera, gutxi dago nerabe eta gazteentzat. Guztiz beharrezkoak dira softwarea lokalizatzeko ahaleginak; osterantzean, zein gazte “aska” daiteke erdarazko diskurtsotik: «cuando salgas, hazme una perdida», «con 40.000 puntos de elixir puedes tener a la reina arquera»(1), «¿me agregas?», eta abar. Eta, softwareaz gain, mamizko gauzak behar dira, premia gorriz. eitb nahieran eduki-premia hori asetzen laguntzera dator, baina gehiago behar da, askotarikoa.

· Ikus-entzunezkoak: telebista eta zinema, funtsean. Haur eta gazteentzat, gaur egun, ez dago ia ezer euskaraz. ETB3 tematikoak ematen dituen marrazki bizidunak ere, beste kanal batzuetako eskaintza ikusita, triste samarrak dira. Beraz, denetik behar da: barne-produkzioa eta kanpokoa, fikzioa eta informazioa, serioa eta friboloa. Fribolotik, asko. ETBren kasuan, telebista publiko batek ezin dio uko egin bokazio hezigarriari, baina, aldi berean, ezin dio ez ikusiarena egin egiazko kontsumoari. Hego Euskal Herrian, haurrek Violetta, Shake it up eta Disney Channelek aireratzen duen gainerako guztia irensten dute. Nerabe eta gazteek Mujeres y hombres y viceversa solas-saioa, La que se avecina telesaila, Deportes Cuatro txutxu-mutxu programa merengea eta antzekoak ikusten dituzte; euren lokaletan bakarrik daudenean, antsiaz eta gozamenez. Beharbada, Gizonak, emakumeak eta ‘vice versa’ izan liteke euskara normalizatzeko tresnarik ahaltsuenetako bat.

(1) Zortzi bat urteko ume bati entzun nion lehengoan Bilboko tranbian, amarekin bere joko kutunaz ari zela.

6 erantzun “Gizonak, emakumeak eta ‘vice versa’” bidalketan

  1. Ay ay… euskararen normalizazioa berriro ere jo puntuan…zuzen zaude zure hausnarketaren hainbat puntutan….fribolizazio munduarena be…dena den “gizonak emakumeak ta viceversa” larregi txo…o ez …nork daki ?

  2. Ura neure errotara ekarriko dut… Gandia Shore euskalduntzeko modu errazena oporretako egunotan Portugalgo telebistetan ikusi dut: AXM eta fikziozko kanal mordoa dauzkate, zuzenean AEBtik hartu eta portugesez programazio osoa azpidatzita. Telesailak, dokumentalak, kirol-saioak, baita saio friboloenak ere, autoak txikitzen diren horiek zein Gandia-koaren jatorrizkoa den MTVko Jersey Shore. MTV osoa zuzenean AEBtik, datorren bezala, Espainiako bikoizketarik gabe, portugesez azpidatzi eta kito. Akaso bada sasoia plataforma digitalen batek bidea erakusteko eta dozena erdi kanal euskaratzeko, ezta, Euskaltel?

    1. Urtzi, guztiz erratuta zaude :-O

      · Euskararen normalizazioaren helburua ez delako ingelesa ikastea.

      · Gaztelaniazko / Frantsesezko eskaintza ugariaren ondoan, ez delako gazterik jarriko euskaraz azpidatzitako kanaletan zapeatzen.

      · Eta abar.

      1. Ez, Asier, besteak planteatzea da guztiz okerra. Euskararen anormalizazioan txaplatak dira, domeketan jateko pintxoak, ez eguneroko bazkari bihurtzeko bide.
        Azpititulurik gabe ere, gazteak gutxitan egiten du zapping euskarara; bada formula berriak lantzeko unea. Eta espainolera bikoiztutako -are gutxiago, euskarara, zintzoak izan gaitezen- MTV baten ondoan, batek eta bik baino gehiagok nahiago izango dute ingelesez entzun haien friki kuttunak, “nahiz eta” euskaraz azpidatzita egon. Espainolak libre uzten digun eremua da, balia dezagun. Euskara igual eskolako hizkuntza aspergarria da, baina ingelesa beti da espainola baino cool-ago. Eta gehienek zerbait bai baina asko ez jakitea abantaila gerta dakiguke. Espainolaren hegemonia apurtzeko (aisialaren % 95 izatetik jaitsi dadila, 70era, 50era, 20ra…), ezinbesteko aliatu du euskarak ingelesa, erreferente bakar horrekin amaitzeko.
        Osterantzean, euskaldunak beti izango du beharrezko espainola, euskarak ematen ez dizkion (eta ematerik sekula izango ez duen) gauza mordo baterako. Telesail, TB kate eta saio serio zein fribolo horiek GUZTIAK izan nahi badira euskaraz, hori da bide bakarra. MTV, NationalGeographic edo AXM euskaraz izateko beste erarik bai?
        Gutxienez, bat nator eskola-kirolean diozunarekin :-O (erantsiko nuke, eskolaz kanpo, ere bai. Udal kiroldegietan-eta)

  3. Ei, lagunok, ez dakizue, beraz, egin egingo dela datorren irailetik aurrera?
    Bai bai, ETB batean… i viceversa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude