Gizonak, emakumeak eta ‘vice versa’

Asier Larrinaga Larrazabal

Ez dira egun asko Eusko Jaurlaritzak EAEko V. Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu duela, eta berriro azaldu dira hedabideetan V. Inkesta Soziolinguistikoak utzi zituen emaitzak. Ideia nagusia honela laburbil daiteke: euskararen ezagutzak gora egin du, baina erabilera lehengoan geratu da.

Batzuek irakurketa ezkor samarra egin dute; beste batzuek, baikorragoa. Ni pentsakor geratu naiz. Ez da, ba, nahikoa euskara normalizatzeko egiten den ahalegina? Normalizazioak beste orientazio bat behar ote du? Ni ez naiz ausartzen ez eta bai biribilen bidez erantzuten, baina hainbatetan aipatu den ahulgunea nabarmendu nahi nuke: oso gutxi dira haur eta gazteentzako euskarazko aisialdi-aukerak.

Ideia batzuk zirriborratuko ditut.

· Musika: pozez esan daiteke euskarazko kantagintzak —oraintsu arte, behintzat— jakin duela euskaldun gazteei aisialdian lagun egiten. Eta Gaztea zabalkunde- eta partekatze-kanal eraginkorra zaio.

· Eskola-kirola: zinez garrantzitsua iruditzen zait jarduera hau edozein umerentzat. Zoritxarrez, esperientziak erakutsi didana da eskola-kirolak oso barneraturik daukaten uste bat berretsi baino ez diela egiten haurrei, euskara ikasgela barrurako dela, alegia. Normala. Entrenatzaileak, arbitroak, tresnazainak, botileroak, animatzaileak, giltzazainak… ikastoletakoak izanda ere, euskaldunak izanda ere, objektu biribil bat tartean denean, ez bide dira sentitzen heziketa- eta normalizazio-proiektu baten parte.

· Interneteko mundua: filmak, txisteak, abestiak, jokoak, kontakizunak, harremanak, argazkiak, beti berri, beti ugari, nahieran. Euskaraz, ostera, gutxi dago nerabe eta gazteentzat. Guztiz beharrezkoak dira softwarea lokalizatzeko ahaleginak; osterantzean, zein gazte “aska” daiteke erdarazko diskurtsotik: «cuando salgas, hazme una perdida», «con 40.000 puntos de elixir puedes tener a la reina arquera»(1), «¿me agregas?», eta abar. Eta, softwareaz gain, mamizko gauzak behar dira, premia gorriz. eitb nahieran eduki-premia hori asetzen laguntzera dator, baina gehiago behar da, askotarikoa.

· Ikus-entzunezkoak: telebista eta zinema, funtsean. Haur eta gazteentzat, gaur egun, ez dago ia ezer euskaraz. ETB3 tematikoak ematen dituen marrazki bizidunak ere, beste kanal batzuetako eskaintza ikusita, triste samarrak dira. Beraz, denetik behar da: barne-produkzioa eta kanpokoa, fikzioa eta informazioa, serioa eta friboloa. Fribolotik, asko. ETBren kasuan, telebista publiko batek ezin dio uko egin bokazio hezigarriari, baina, aldi berean, ezin dio ez ikusiarena egin egiazko kontsumoari. Hego Euskal Herrian, haurrek Violetta, Shake it up eta Disney Channelek aireratzen duen gainerako guztia irensten dute. Nerabe eta gazteek Mujeres y hombres y viceversa solas-saioa, La que se avecina telesaila, Deportes Cuatro txutxu-mutxu programa merengea eta antzekoak ikusten dituzte; euren lokaletan bakarrik daudenean, antsiaz eta gozamenez. Beharbada, Gizonak, emakumeak eta ‘vice versa’ izan liteke euskara normalizatzeko tresnarik ahaltsuenetako bat.

(1) Zortzi bat urteko ume bati entzun nion lehengoan Bilboko tranbian, amarekin bere joko kutunaz ari zela.