Hurbiltze ariketak (edo itzulpengintzaren kontra)

Santi Leoné

Vienan izan gara aste sainduan (ez, ez naiz plural maiestatikoaz ari, familiarekin joan naiz-eta), eta, hotelera ailegatutakoan, gelako giltza hartu baino lehen, fitxa txiki bat bete behar izan dut: izen-deiturak, lanbidea, adina… Eta nazionalitatea: elebitan dago inprimakia, alemanez eta ingelesez –Staatsangehörigkeit / nationality–. Literalki, alemanezko solasak erran nahi du “estatu bateko partaide izatea”, baina hiztegiek “nazionalitate” edo “herritartasun” gisa bihurtzen dute termino hori. Nationalität ere existitzen da alemanez, baina nire hiztegiak behinik behin hitz jasoa dela dio. Kontuak jakin-mina pizten dit: Nationalität baztertu eta “estatu bateko partaidetza” erabiltzea betiko kontua izan da alemanez –adibidez, nazioa eta estatua nahitaez berdintzen dituen joera hegeliar baten emaitza?–, edo, esperientzia historiko berriagoen ondorioz, orain mundu alemanieradunean nahiago dute nazioa definitzean estatu batekiko lotura formala lehenetsi, balizko ezaugarri edo izaera bereziak baino? Erabateko sinonimoak dira Staatsangehörigkeit eta ingelesezko nationality, edo itzulpen hori bi ikuspunturen hurbiltze ariketa inperfektua bertzerik ez da? Akaso oin-ohar bat beharko zuen inprimaki hark. Nik bederen ez nuke problemarik izanen alemanezko bertsioan “espainola” paratzeko, Estatu espainoleko partaide bainaiz –gustura edo gogoz kontra, bertze kontu bat da–, baina ingelesezko bertsioari erreparatuta, gogorra egiten zait nire nazionalitatea espainola dela idaztea. Zeini egin kasu, jatorrizko bertsioari edo itzulpenari?

Erran bezala, kasu honetan, ni erosoago sentituko nintzateke alemanezko bertsioan –Staatsangehörigkeit–, baina nahiago izate horretarako azalpen alternatibo bat izan daiteke betidanik barnean daramadan esnobak jatorrizko bertsioa hautatzera xaxatu nauela. Horrela, barneko esnobak akuilatuta alegia, ez dira guti alemanez erosi baina gero irakurri ez ditudan nobelak: inkultura zabala erdietsi dut horri esker. Vienara joan baino lehen, ordea, adorea bildu eta Joseph Roth-en KapuzinergruftKaputxinoen kripta– irakurtzeari ekin diot. Esperientzia apalgarria izan da, zinez: hamar hitzetik, sei ez nituen ulertzen, biri testuinguruari esker igartzen nien, eta bertze biak preposizioak ziren. Nire barneko esnoba ziega ilun batean giltzapetu ondoan, Vienari buruzko bertze nobela bat hartu dut –bidaiak ongi prestatu behar dira–, baina oraingoan espainolera ekarria –esnoba ez da fitsik erratera ausartu honetakoan–: Friedrich Torberg-en La tía JoleschIzeba Jolesch–, Alba argitaletxeak kaleratua. Ohitura zaharrak zer diren, ezin izan diot lehen orrialdeak alemanez leitzeko –Amazonen ikus daitezke– eta espainolezko bertsioarekin konparatzeko tentaldiari kontu egin: ikusi dudana, egia erran, ez zait sobera gustatu. Lehendabiziko orrialdean berean, adibidez, alemanezko testuak hauxe dio:

Es [das Buch] schöpft aus einem Erinnerungsbrunnen, den ich noch gekannt habe, als er (im doppelten Verstand des Wortes) gebraucht wurde

Itzultzaileak honela eman du testua:

El libro bebe de un pozo de recuerdos que no llegué a conocer hasta que tuve que hacer uso de él.

“Oroitzapen-putzu” bat? Bai, Brunnen putzua izan daiteke, baina iturria ere bai, eta kasu honetan hori litzateke, nire uste apalean, itzulpen egokiena: una fuente de recuerdos. Iturri hori, gainera, egileak ezagutu zuen artean erabiltzen zelarik eta beharrezkoa zelarik –hori dio alemanezko testuak, egilea zer zaharra den azpimarratzeko–: espainolezko testua –que no llegué a conocer, etab.– nahiko itzulpen librea da, itzulpen okerra dela ez errateko. Eta, akitzeko, non dago jatorrizko testuko parentesia? Hitz baten zentzu bikoitzari egiten dio erreferentzia parentesiak, eta itzultzaileak ezabatzea erabaki du, zentzu bikoitz hori espainolera ekartzeari zailegi iritzita. Lehen orrialdeko esaldi bakar batean, hiru trakeskeria. Ez da itzulpenari harrapatu diodan kontu bakarra. Liburua erosita ere, Tante Jolesch ez dut irakurriko. Ez, behinik behin, bertsio honetan.

indizeaJoseph Roth-en liburura itzuli naiz, eta ohitura zaharrak zer diren, espainolezko itzulpenei buruzko informazioa bilatzen ari nintzela, Olga G. Garciaren artikulu eder hau aurkitu dut, Cripta de los capuchinos-en itzulpenari kritika gogorra egiten diona. Nire harridurarako, Garcíak kritikatzen duen itzulpena –Jesús Pardok egina eta Sirmio argitaletxeak 1991n publikatua– da Acantilado argitaletxeak berriz kaleratu duena. Garcíak aipatzen duen akatsik nabarmenena –Slowenien Eslovakia gisa eman izana– zuzendua izan den arren, gainerako guziak testuan daude oraindik, eta batzuk nahiko larriak dira, hala nola Kaftanjuden “judíos de Kaftan” gisa itzultzea, kaftan hori leku-izen bat balitz bezala, eta ez Ekialde hurbileko jantzi mota baten izena. Tamalez, Olga Garcíak zerrendatu dituen akatsak, trakeskeriak eta itsuskeriak ez dira liburuan dauden bakarrak. Neronek gehiago aurkitu ditut, eta batzuek erakusten dute itzulpena tripus-trapus eta tarrapataka egina dagoela. Nobelako une batean, narratzaileak hiru hitz erabiltzen ditu pertsonaia batek Austriako funtzionarioei buruz duen iritzia adierazteko. Hitz horietarik, hirugarrena Pallawatsche da, eta itzultzaileak “matones” (harroputz larderiatsua, alegia). Hiztegian begiratzen duenak, ordea, aurkituko du Pallawatsche edo Ballawatsche Austriako argota dela “alfer-handi” errateko, eta esanahi horrek ederki egiten du bat solasa ageri den testuinguruarekin.

NACA026Zer ari gara irakurtzen itzulpen bat irakurtzen ari garenean? Hurbiltze ariketa inperfektu bat, segur aski; eta bai, badakit ez genukeela –barkatu, orain bai, orain plural maiestatikoaz ari nintzen: ez nukeela– esnobaren falazian erori behar: jatorrizkoa zuzenean irakurtzeak ez du ziurtatzen delako liburu horren ulermen hobea izanen dugula. Bertze kultura batetik abiatzen den heinean, jatorrizko testuaren irakurleak bere isilpeko itzulpena, bere isilpeko hurbilketa eta distortsioa eginen baititu, nahitaez. Hotelean, nire egoera azaldu nion harrera egin zigun langileari, eta hark erantzun zidan lasai aski euskalduna paratzeko Staatsangehörigkeit / nationality laukian.

Jatorrizko testuak ere maiz oin-ohar eta azalpen franko beharko lituzke, ongi ulertuko badugu. Nolanahi ere, aipatutako bi liburuak prestigio handiko bi itzultzailek eginak daude (batak alemanezko literatura irakasten du Unibertsitatean, bertzeak berrehun liburutik goiti omen ditu itzuliak), baina bien kalitatea nahiko badaezpadakoa da. Aukeran, kasik nahiago dut jatorrizko testuan galtzea eta interpretazio akatsak neronek egitea, horrelako testu kaskarren morroi izatea baino. Zer nahi duzue, zenbait itzulpenen kalitatea ikusita, nire barneko esnobak ziegatik ihes egin eta harroxko dabil berriz ere.