Toki-izen batzuk: formak eta azentuak

Mikel Taberna Irazoki

Aste Santuan eginiko mendi ateraldi baten kronika laburrarekin heldu naiz gaur (kaier bateko oharrak). Kontua sinplea da: ortziralean mendian barna bueltaxka bat ematera joan ginen eta, guretzat ikasketa bidaia izan zenez, txoko honetarako lerro hauek idaztea gogoratu zait zuetako batzuentzat ere zerbait jakingarria izan daitekeelakoan.

Zenbait tokiren izenak aipatuko ditut, eta haietako batzuen kasuan argituko dut bertako jende euskaldunak nola ahoskatzen dituen, iruditzen baitzait «kanpokoak» zaretenetatik aunitzek eta irrati-telebistetan aditzen diren ahotsek izen horiek erdaraz ematen diren azentuarekin pronuntziatzen dituzuela, erdal azantz, asots eta zaratak gorturik gaudelako gehienok. Badakit zaila dela xehetasun hauen guzien berri izatea eta denok ahal duguna egiten dugula, baina inork kontuan hartu nahi baldin baditu hementxe zehaztuko ditut Bidasoaldeko izen batzuen (maiz «oker» erranak aditzen ditugunak) gaineko ñabardura batzuk.

Ahoskatzeko afera hau dela eta, txalogarria iruditzen zait Elhuyar eta Zehazki hiztegien ekimena, hitzen formak ikusi ez ezik haiek aditzeko aukera ere eskaintzen baitigute (bakarrak direla uste dut). Elhuyarrek bi proposamen ematen ditu, ongi ulertu badut, beraiena eta Forvo izeneko sistemarena, eta toki-izen batzuk ere sartuak dituzte (haien azentuazioa, ordea, ez da bat heldu hemen nik adierazten dudanarekin!). Dena dela, ongi legoke jakitea zer irizpide erabili dituzten ahoskatze proposamen horiek emateko (eta Forvorenak?), betiere jakinik azentu bat baino gehiago dugula, hitz berbera diferente erraten dugula euskalki batean edo bertzean eta, beraz, ez dugula horretarako batasunik; ez dakit inoiz izanen ote dugun, ezta izatea komeni den ere (dena da eztabaidagarri). Nolanahi ere, nire gaurko honetan toki-izenei buruz ari naiz, eta uste dut horietan erran daitekeela azentua zein den, azentu «bakarra» (tokian tokikoena). Nire idurikoz, Euskaltzaindiak, toki-izenen formei buruz erabakiak hartzen dituenean, haietako bakoitza nola ahoskatzen den (nola ahoskatu behar den) ere zehaztu beharko luke. Bertzela, nor animatzen da euskarazko toki-izenak nola ahoskatzen diren (tokian tokikoek nola) ezagutaraziko lukeen webgune koxkor bat sortzera?

Sarrerako azken oharra: fonetikan analfabetoa naizenez, azentu marka arruntak erabiliko ditut.

*Gure mendi ateraldien kaiereko oharrak:

Eguna: apirilak 18

Nora; helmuga: Larhun. Badirudi gure mendiaren izena horrela arautu dutela; ikus Euskal Mendizale Federazioak eta Pyrenaica aldizkariak Euskal Herriko Mendien Katalogoan berriki egin dituzten aldaketak, Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen onespena omen dutenak. Hala ere, Euskaltzaindiaren web orrian ez da oraindik ageri; nonbait, ez dute eguneratu. Zer erran onartu den formari buruz? Guretzat ez da arrotza, horrela idatzirik ere frankotan ikusi dugu; konparazio batera, Berako (Beráko) «Discoteca Larhun» dantzatokira joaten ginen hamabortz-hamasei urterekin… Nolanahi ere, bertzelako lekukotasunak eta argudioak bildu izanen dituzte euskaltzainek, sendoagoak. Bertzalde, erranen nuke forma honek babesten dituela mendiaren izena ahoskatzeko aukera desberdinak, ez duela behartzen bietako bat hautatu eta bertzea baztertzera: Larun, Larrun.

Kanpamentu nagusia: Bera (Berá; Berátik, Berára, Beráko…)

1. oharra: abiatu aitzinetik, Beñardo Goietxe eta Andoni Tolosa «Morau» kantari-musikariak salutatu genituen. Sara aldera joan gogo zuten Lizuniagan barna (Lizúniaga), arrantza klaseren batean aritzera; arrain konturen bat aipatu zuten behinik behin.

Nondik: Oletatik, Beratik Ibardinen barna joanda. Oleta: Urruñako auzoa, Sarako bidean (ezagutzen kanta?: Ziburutik Sarara bi neska faltatu, arraiaz kargaturik Oleta pasatu…). Mantto-baita baserriaren inguruan aparkatu, hantxe hasten da bidaxka.

2. oharra: Urruña eta Azkaineko mugapeetan, parajea ikusgarria da, itsasoa eta kostaldea ageri. Landare-animaliak: haltzak erreka bazterrean, elorri xuria loretan, pagoak (bago gurean), kaxkabeltxaren familiakoa iruditu zitzaigun txori lotsagabe bat, putreak (futre gurean), ote dezente bere kolonizazio lan sanoa egiten…

3. oharra: mendi kaskoaren azpiko lepoan, puska (sualo erranen luke bertakoak) handi samar batean ihia nagusi, goialde hartako hezetasuna salatzen. Taldeko erneenak ohartarazi zigun Berako toponimo ezaguna (etxe eta auzo izena) hortik heldu izanen dela segur aski: «Itzea<> ihitzea». Gainera, «Itzea (-a)» izan behar duela, Itzeko-borda baserriaren izenak ere iradokitzen duen bezala (kargu hartu dit neronek barojatarrez ari nintzela «Itzeako familia hura» izenburua eman niolako ez aspaldi argitalpen baterako artikuluari; gaur egun «Itzeko familia hura» idatziko nuke; mea culpa). Berako «Illekueta» auzoa ere ez ote den «ihi+leku+eta» (ez dut erraten toki-izena aldatu behar denik, baina esplikazio hobea iruditzen zait hori bertze edozeinek ulertuko lukeen «hil+leku+eta» baino)…

Tontorra: hiru benta daude. Bitara sartu, bi laguni bisita egitera. Haietako bat etxalartarra (etxálartarra; Etxálar, Etxálartik, Etxálarrera) eta bertzea Endarlatsa ondoko baserri batean jaioa (Endárlatsa; beratarrek –berátarrekEndáltsa edo Endálatsa erraten dute). Oporto xurrupa haien kontura. Bista izugarria: begiak paseoan itsaso zabaletik Pirinioetako gailur zurituetaraino; Aiako Harriari diosala.

Jautsiera: bertze bide batetik, muga lerroaren arrimuan ezker-eskuin. Larhunttikiren azpitik Iasolaraino.

Bazkaria: Iasolako bentan. Zoragarri. Zerbitzari bat euskalduna, Berako Lekueder baserriko alaba, bertze bat txekiarra, harekin gaztelaniaz. Etxolaren paretako arbelean, janari-edariak eta prezioak, frantsesez. Ikasi dugu zer den «caillé de brebis»; Beran gaztanbra, Lesakan kaillatua (!), bertze hainbertze tokitan gatzatua edo mamia (eta abar). Arrunt ona (arrunta+ona?).

Jautsiera (hondarreko puska): Mantto-baitaraino berriz, Oletaraino. Bidean, trikuharri hondatu bat zabortegi bihurtua.

Amaiera: Beran atseden (oroit: Berán); nekaturik, baina satisfos.