Zeinu diakritikoak, hizkuntza eslaviarrak eta euskara

Karlos Cid Abasolo

Duela bi hilabete Santi Leonék kanpoko izenen zeinu diakritikoak euskaraz errespetatu behar ote ziren gaiari buruz duen iritzia eman zigun foro honetan. Ni, bera bezalaxe, ez nago ados Berria-k estilo liburuan ebatzitakoarekin (zeinu horiek kentzearekin, alegia). Leoné beren horretan uztearen aldekoa da. Ni ere iritzi horretakoa naiz, baina ez kasu guztietan. Behin, oso aspaldi, neure itzulpen batean, hirugarren bide bat urratu nuen, ondoko lerroetan azalduko dudana.

Euskal tx digramari dagokion hotsa, jakina denez, hainbat hizkuntzatan dago, hala nola hizkuntza eslaviarretan. Baina kontuan hartu behar dugu hizkuntza eslaviar batzuek alfabeto zirilikoa dutela eta beste batzuek latinezkoa. Alfabeto zirilikoa duten hizkuntza eslaviarretan euskal tx digramaren baliokidea ч grafema da. Eta serbieratik, errusieratik eta abarretik halako grafema duen izen bat euskaratzerakoan, itzultzaileak ez du batere zalantzarik izaten: tx. Honatx adibide bat: Leon Tolstoiren Смерть Ивана Ильича, euskaraz, Ivan Ilitxen heriotza da, Xabier Mendiguren Bereziartuk 1991n argitaratutako itzulpenean.

Latinezko alfabetoa duten hizkuntza eslaviarrek, hots horretarako, č grafema dute. Baina, gainera, kroazierak badu oso antzekoa den fonema bat ć grafemaz adierazten dena. Esaterako, kroazieraz, Petrović deitura dago, zeina eslovenieraz Petrovič den. Eta hor, euskal itzultzaileak zalantza handia izan lezake: zeinu diakritiko eslaviarrok errespetatu? Berriaren estilo liburuari men egin eta, besterik gabe, zeinu diakritikoa kendu? Tx-ez ordezkatu? Arazoa da ć eta č horiek, euskal irakurlearentzat, ez direla ezer. Eta Berria-bideari jarraikiz gero, espainiera, frantses eta abarren ortografiaren eraginez, “Petrovik” irakurtzeko arriskua egon litekeela. Kontua da jende gehienari ez diola axola atzerriko izen bat ondo ahoskatzeak. Niri, ordea, arraro samarra naizenez, bai.

Euskal x grafemarekin beste horrenbeste gertatzen da: bai ш grafema zirilikoak, bai latinezko alfabetoa duten hizkuntza eslaviarren š grafemak ere, euskal x grafemari dagokion hotsa dute. Ш grafema zirilikoa, euskaraz, x-rekin adieraziko luke edozein euskal itzultzailek. Latinezko alfabetoa duten hizkuntza eslaviarren hots bereko grafema, š alegia, ordea, nola adierazi euskaraz? S bidez (Berria-bidea), x bidez, ala š bidez, zeina ezein euskaldunek ez baitu jakingo nola ahoskatzen den? Zalantza hori agertu zitzaidan joan den mendean, Jaroslav Hašek-en Osudy dobrého vojáka Švejka euskaratu nuenean. Nola idatzi euskaraz eleberri zoragarri horretako protagonistari? Svejk, Xveik ala Švejk?

Lehenengo aukera (Berria-bidea) birritan pentsatu gabe baztertu nuen, zeren euskarak ondo baino hobeto bereizten baititu s eta x grafemei dagokien bi hotsak.

Hirugarren aukera ere ez nuen gogoko, zeren euskal irakurleak despista baitzitezkeen š eta j grafemekin (har bedi kontuan txekierazko j horrek euskal i-ren ahoskera duela).

Hortaz, bigarren aukeraren aldeko hautua egin nuen, alegia, protagonistaren izena euskal alfabetora egokitzekoa, š x bihurtuz eta j grafema i bilakatuz. Hala (eta barka bekit publizitaterako tarte hau), Xveik soldadu onaren menturak liburua sortu zen, hurrengo urtean jarraipena izan zuena.

Ez naiz ni bakarra izen horren egokitzapenaren bidetik jo duena. Alemanezko itzulpenak Derbrave Soldat Schwejk du izena, hots, txekierazko š sch bihurtu zuen itzultzaileak, eta v w. Eta Alemanian inork ez omen zituen horregatik soinekoak urratu. Xveik eta Schwejk izenak asmatuz, itzultzaile alemaniarrak eta biok Xabier Mendigurenek ш grafemari emandako tratu bera eman genion š grafemari. Finean, alfabeto zirilikoa duten hizkuntza eslaviarrei eta latinezko alfabetoa dutenei tratu bertsua ematea da hori.

Nire itzulpenaren irakurle urriek, ziurrenik, ez zuten munduko itzulpenik onena irakurriko (txarrena ere ez, espero dut), baina primeran ahoskatuko zuten protagonistaren izena, eta hori pentsatze soilak gogobetetzen nau.

Erantzun bat “Zeinu diakritikoak, hizkuntza eslaviarrak eta euskara” bidalketan

  1. Zure artikulua irakurrita hartzen dudan inpresioa da bi argudio ezberdin elkarlotu dituzula:
    1.- Bata, testuaren bukaeran ematen duzuna; hots, euskal irakurleari modua ematea jakiteko nola ahoskatzen den kasuan kasuko hizkia. Eta, argudio horrekin, berdin-berdin erreibindika dezakezu horrelako hizki-moldaketak egitea eslaviarrak izan gabe euskaraz erabiltzen ez den zeinuren bat daukaten latindar alfabetodun hizkuntza guztiekin.
    2.- Latindar alfabetoa erabiltzen duen eslaviar hizkuntza batekin jardutean kontuan hartzea alfabeto zirilikoa erabiltzen duten beste hizkuntza batzuetako testuen transliterazioarekin sor daitekeen aldea. Baina, ongi ulertu badizut, alde hori ez litzateke hertsiki kontraesan bat izango; besterik gabe, eta zuk jarritako adibide bati helduta, hizkuntza bateko testuaren kasuan “š” ikusiko litzateke (eta irakurleak bere kasa ikertu beharko luke nola ahoskatzen den), eta beste hizkuntza batekoarenean, “x” (lan gutxiago irakurlearentzat). Alabaina, horrela jokatzearen alde ona litzateke, nire ustez, alfabeto bera erabiltzen duten hizkuntzen zeinu guztiak berdin tratatzea, sistematikoki. Eta ez zait abantaila makala iruditzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude