Oskar Arana Ibabe
Luzaroan jardun gara, gaia jorratuago eta aztertuago dutenen eskutik, erlatibo zehaztaile eta azalpenezkoen gainean hau eta beste eta haragokoak ikasten, eta lehengo lausoa garbiturik geratu zaigulakoan, baliabideok konfiantza handiagoz erabiltzen hasi gara, argitu eta araztu egin da gure idazkera zertxobait, eta halantxe zuzendu uste ditugu testuak ere, erlatibozko baliabide horiek zein bere tokian erabiltzen ikasi dugulakoan edo. Uste horretantxe ari nintzen ni ere aurreko batean testu batekin, eta, zehaztaile gisan emana zegoen erlatibozko esaldi bat, egiaz azalpenezkoa zela ondorioztatu, eta, deseginez, zuzendu egin nuen.
Hau zen esaldia:
«Salbuespen gisa, hiru jakintzagaitan ebaluazio negatiboa duen ikasle bat hurrengo ikasturtera igaro ahal izango da baldintza hauek guztiak betetzen direnean:
a)
b)
c) Eta ikasleari artikulu honen 7. paragrafoan aipatzen den orientazio-aholkuan proposaturiko hezkuntza-arretarako neurriak aplikatzen zaizkionean.»
Bi esaldi erlatibozko, bat -n erlatibozkoa eta bestea partizipioarekin eraturik, esaldiaren burura iritsi aurretik. Jakinekoa da zenbat kostatzen den horrelakoetan, irakurtzen ari garela, mezua ondo ulertzea, eta, ulerturik ere, bigarren irakurraldian edo are hirugarrenean ere, eta garrantzi gutxieneko informazioaren gainetik jauzi moduan eginez, edo are ezabaturik ere, iristen gara ulertzera. Bitxia da, baina, esaldi hori zuzendurik, irakurtzean buruan egin dugunaren moduko eragiketa bat egiten dugu idatziz, eta aurreratu egiten dugu esaldiaren burua. Esaldi horretan, hain zuzen, beltzez markatutako erlatiboak du garrantzi gutxien, eta, beraz, esalditik kendu edo atera ere egin genezake.
c) «Eta ikasleari orientazio-aholkuan proposaturiko hezkuntza-arretako neurriak aplikatzen zaizkionean (aurrerago, artikulu honen 7. paragrafoan, aipatzen da orientazio-aholkua).»
Eta, esaldia testuinguruan aztertuta, badakigu, gainera, orientazio-aholkua bakarra dela, luze jardungo duela testuak horren gainean aurrerago, zer den azalduz, eta, beraz, itxuraz erlatibo zehaztailea dena, azalpenezkoa dela azkenean, ez baitu hainbat orientazio-aholkuren artean bat zehazten –zazpigarren paragrafokoa–, baizik eta orientazio-aholkua zazpigarren paragrafo horretan aipatzen edo azaltzen dela adierazten.
Ez zen nire asmoa, ordea, erlatibo zehaztaile eta azalpenezkoen arteko bereizketa dagoeneko ezagunari buruz beste adibide bat ematea hemen. Azkenean, azalpenezkoa zelako ondoriora iritsi banintzen, informazioaren elementuen arteko hierarkia bat ezarri nahirik iritsi bainintzen, esaldiaren eta paragrafoaren beraren barruan, informazio-unitateak nolabaiteko lehentasun-erlazio batzuen arabera antolatu beharrez. Eta, lankide batek, elementuen arteko atzekoz aurreratze horretan, iragazki horrekin berorrekin, beste urrats bat egitea proposatu zidan:
c) «Eta ikasleari hezkuntza-arretako neurriak aplikatzen zaizkionean, orientazio-aholkuan proposaturikoak [alegia] (Aurrerago, artikulu honen 7. paragrafoan, aipatzen da orientazio-aholku hori).»
Irizpide horren araberako zuzenketak edo moldaketak ditut gogokoenak, informazioa beste era batera antolatzera behartzen bainaute, jatorrizko hizkuntzaz oso bestelako molde batean, batzuetan, gauza bera esateko, edo itzultzeko, alegia. Esanahia argitzen zait, eta, zinez, euskaratzen ari naizela iruditzen zait, eta adiskidetu bezala egiten naiz geure hizkuntzarekin. Ez baitu guztia desabantaila izango gure mintzaira honek!
Oskar: testuingururik gabe zaila da esatea zehazki zer den erlatibo hori; egia bada orientazio ohar bakarra dagoela, orduan ezin da zehaztailea izan; baina erlatibo mota hori bai da zehaztailea. Besterik da askotan ikusten ditugula holako erlatibo zehaztaileak gaizki erabilita; balekoa, agian, izen propio batekin (nahiz baden hori txartzat hartzen duenik); baina izen arruntekin erabat nahasgarria iruditzen zait. Nik uste dut “Gasteizen dudan pisuan bizi naiz” esanda, edozeinek ondorioztatuko lukeela beste pisu bat behintzat ere badudala. Ez?
Bai, arrazoi duzu, ez da adibiderik onena. Ez nuen zehaztaileez edo azalpenezkoez jardun nahi. Baliabideak alde batera, testuetan elementuak lehentasun-hierarkia baten bidez antolatzeko beharraz ari nintzen, komunikazioa errazteko asmo hutsa nahikoa izan litekeela batzuetan testua hobetzeko. Adibide horri asmo horrekin heldu, eta, konturatu nintzen, gero, gaizki erabilitako zehaztailea zela. Horregatik bigarren aldaketa horren proposamena, esaldiaren bigarren zatian. Eta, ondoren, gogoeta orokor moduko bat: itzultzea, euskaratzea, baliabideak egokitasunez erabiltzea bezainbat dela testua edo diskurtsoa euskararen senaren arabera antolatzea, berba potoloak diruditen arren nire hauek. Elementuen antolaeraz eta hierarkiaz luze jardun zen Jesus Mari Agirre Berezibar Itzulpen Estrategiak liburuan,…erlatibo zehaztaile eta azalpenezkoen eta elementuak garrantziaren arabera antolatzearen beharraren arteko gurutzadura moduko bat egin nahi izan dut nik, adibidetxo horrekin. Gaztelaniaz bezala, euskaraz ere, lehenbiziko irakurraldian jasotzea mezuak dakarren informazio garrantzitsuena eskertzekoa izaten da irakurlearentzat.