Oskar Arana Ibabe
Luzaroan jardun gara, gaia jorratuago eta aztertuago dutenen eskutik, erlatibo zehaztaile eta azalpenezkoen gainean hau eta beste eta haragokoak ikasten, eta lehengo lausoa garbiturik geratu zaigulakoan, baliabideok konfiantza handiagoz erabiltzen hasi gara, argitu eta araztu egin da gure idazkera zertxobait, eta halantxe zuzendu uste ditugu testuak ere, erlatibozko baliabide horiek zein bere tokian erabiltzen ikasi dugulakoan edo. Uste horretantxe ari nintzen ni ere aurreko batean testu batekin, eta, zehaztaile gisan emana zegoen erlatibozko esaldi bat, egiaz azalpenezkoa zela ondorioztatu, eta, deseginez, zuzendu egin nuen.
Hau zen esaldia:
«Salbuespen gisa, hiru jakintzagaitan ebaluazio negatiboa duen ikasle bat hurrengo ikasturtera igaro ahal izango da baldintza hauek guztiak betetzen direnean:
a)
b)
c) Eta ikasleari artikulu honen 7. paragrafoan aipatzen den orientazio-aholkuan proposaturiko hezkuntza-arretarako neurriak aplikatzen zaizkionean.»
Bi esaldi erlatibozko, bat -n erlatibozkoa eta bestea partizipioarekin eraturik, esaldiaren burura iritsi aurretik. Jakinekoa da zenbat kostatzen den horrelakoetan, irakurtzen ari garela, mezua ondo ulertzea, eta, ulerturik ere, bigarren irakurraldian edo are hirugarrenean ere, eta garrantzi gutxieneko informazioaren gainetik jauzi moduan eginez, edo are ezabaturik ere, iristen gara ulertzera. Bitxia da, baina, esaldi hori zuzendurik, irakurtzean buruan egin dugunaren moduko eragiketa bat egiten dugu idatziz, eta aurreratu egiten dugu esaldiaren burua. Esaldi horretan, hain zuzen, beltzez markatutako erlatiboak du garrantzi gutxien, eta, beraz, esalditik kendu edo atera ere egin genezake.
c) «Eta ikasleari orientazio-aholkuan proposaturiko hezkuntza-arretako neurriak aplikatzen zaizkionean (aurrerago, artikulu honen 7. paragrafoan, aipatzen da orientazio-aholkua).»
Eta, esaldia testuinguruan aztertuta, badakigu, gainera, orientazio-aholkua bakarra dela, luze jardungo duela testuak horren gainean aurrerago, zer den azalduz, eta, beraz, itxuraz erlatibo zehaztailea dena, azalpenezkoa dela azkenean, ez baitu hainbat orientazio-aholkuren artean bat zehazten –zazpigarren paragrafokoa–, baizik eta orientazio-aholkua zazpigarren paragrafo horretan aipatzen edo azaltzen dela adierazten.
Ez zen nire asmoa, ordea, erlatibo zehaztaile eta azalpenezkoen arteko bereizketa dagoeneko ezagunari buruz beste adibide bat ematea hemen. Azkenean, azalpenezkoa zelako ondoriora iritsi banintzen, informazioaren elementuen arteko hierarkia bat ezarri nahirik iritsi bainintzen, esaldiaren eta paragrafoaren beraren barruan, informazio-unitateak nolabaiteko lehentasun-erlazio batzuen arabera antolatu beharrez. Eta, lankide batek, elementuen arteko atzekoz aurreratze horretan, iragazki horrekin berorrekin, beste urrats bat egitea proposatu zidan:
c) «Eta ikasleari hezkuntza-arretako neurriak aplikatzen zaizkionean, orientazio-aholkuan proposaturikoak [alegia] (Aurrerago, artikulu honen 7. paragrafoan, aipatzen da orientazio-aholku hori).»
Irizpide horren araberako zuzenketak edo moldaketak ditut gogokoenak, informazioa beste era batera antolatzera behartzen bainaute, jatorrizko hizkuntzaz oso bestelako molde batean, batzuetan, gauza bera esateko, edo itzultzeko, alegia. Esanahia argitzen zait, eta, zinez, euskaratzen ari naizela iruditzen zait, eta adiskidetu bezala egiten naiz geure hizkuntzarekin. Ez baitu guztia desabantaila izango gure mintzaira honek!